NAIZ

Beste hiru greba egun deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzietan

ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK-k beste hiru greba egun deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzietan, abenduaren 20, 21 eta 22rako.

Anbulantzietako langileen aurreko mobilizazio bat.
Anbulantzietako langileen aurreko mobilizazio bat. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindiaktuek ohar batean iragarri dutenez, beste hiru greba egun egingo dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzien garraioan, abenduaren 20, 21 eta 22an hain zuzen ere.

Azaldu dutenez, aurretik ere grebak egin dituzten arren, ez da aurrerapenik izan negoziazio bileretan. «Patronalek oraindik ez dute edukirik eta plantillen erosteko ahalmena ez dute bermatzen».

Sindikatu horien arabera, langileek %17ko galera izan dute, «baina enpresetarako aurrekontua %30 igo da azken lehiaketan. Beste behin ere, diru publikoa enpresen onurarako da, ez langileen onurarako», deitoratu dute.

Sindikatuen aldarrikapen nagusia da anbulantzietako garraiorako azpikontratatutako langileen baldintzak (lanaldiari, soldatei, lizentziei, erabilera libreko egunei eta abarri dagokienez) Osakidetzak zuzenean kontratatzen dituen eta eginkizun berak dituzten langileenekin homologatzea.

Mobilizazioak

Greba egunetarako hainbat mobilizazio antolatu dituzte. Hilaren 20an, Gasteizen manifestazioa egingo dute EAJren egoitzatik Lakuaren Osasun Ordezkaritzaraino, Santiago ospitalearen parean. Bilbon manifestazioa egingo dute Zorrotzako anbulantzien egoitzatik Gurutzetako ospitalera. Donostian, berriz, mobilizazioak antolatu dituzte egun osoan, auto ilarekin.

Abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, manifestazioa egingo dute Donostia Ospitalean. Bilbon, kontzentrazioa antolatu dute Arriagan, eta Gasteizen elkarretaratzea EITBren egoitzaren aurrean.

Hilaren 22an, hiru herrialdeetako manifestazio bateratua egingo dute Bilbon, Basurtoko ospitalean.