NAIZ

Lege proiektua dagoen gisan onartuz gero ez dela hezkuntza eraldatuko ohartarazi dute ikastolek

Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema eraldatzeko aukera galduko dela ohartarazi dute ikastolek. Beren proposamenak lantzen jarraituko dute, eta ekainean eginen duten seigarren batzarrean zehaztuko dituzte estrategia eta ildo nagusiak.

Nekane Artola eta Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendari nagusiak hartu dute hitza.
Nekane Artola eta Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta zuzendari nagusiak hartu dute hitza. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Hezkuntza Lege proiektuak ez du asetzen 2022an ikastoletan piztutako itxaropena. Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak, eta zuzendari nagusiak, Jose Luis Sukiak, Donostian egindako agerraldian azaldu dutenez, dagoen bezala onartuz gero, sistema eraldatzeko aukera galduko da. Alde batetik, ez delako zehazten nola lortu murgiltze eredu orokortua eta berriro ere hizkuntza ereduak jasotzen direlako.

«Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri», azpimarratu dute. Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dute, ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua dela uste dutelako.

Lege proiektuan ez da ageri euskal curriculumik, eta Ikastolen Elkartearen arabera, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki hori gabe, «ezingo direlako euskal kulturaren transmisiorako behar diren tresnak behar bezala garatu».

Gobernantza ereduaren atalean, ausardia falta ikusi dute. «Ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla. Honetaz gain, zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Eta honek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du».

Hirugarrenik, ulergaitza egin zaie ikastolei «Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte diren ikastetxeen eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan euskara eta euskal kultura ardatz duten ikastetxeen arteko harremanak eta proiektuak sustatzeari edota elkarlana bultzatzeko asmoz Europa mailako partzuergoa eratzeko proposamenari ateak itxi izana. Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko aukera irekiko zuketen biek».

Aurrera begira

Orain arte bezala, ikastolen mugimenduak bere proposamenak lantzen segituko duela azaldu dute Artolak eta Sukiak, «legeak emango dituen aukeretan sakonduz eta biderik ireki ez zaien gaientzat marko legala aldarrikatuz».

Etorkizunean jarri nahi dute begirada, gizarteari egingo dioten ekarpen horretan. 2024ko ekainean egingo duten Euskal Herriko Ikastolen seigarren Batzarrean zehaztuko dituzte datozen urteetarako ildoak eta estrategia.