NAIZ

Climáximo taldeko ekintzaileek Lisboako tunel bateko sarbidea itxi dute

Climáximo taldeko ekintzaileek Lisboako errepide bat itxi dute ostegun honen goizean, lurrean eserita autoak igarotzea eragotziz. Hamaika ekintzaile atxilotu ditu Poliziak, taldeak jakitera eman duenez.

Bidea itxi dute ekintzaileek.
Bidea itxi dute ekintzaileek. (Climáximo)

Hamaika ekintzaile klimatiko atxilotu dituzte ostegun honetan Lisboan, goizeko puntako orduan tunel bateko sarbidea mozteagatik. Lurrean eseri eta ez diete autoei pasatzen utzi. Climáximo taldeak antolatu du ekintza, beste batzuk ere antolatu izan dituen moduan, berotze globalaren aurreko utzikeria salatzeko. Instagram bidez eman dute atxiloketen berri.

Ekintzaileek Marquês de Pombal tuneleko sarbidea blokeatu dute, Lisboako bide nagusietako batean. Errepidearen erdian jesarri dira batzuk eta biaduktu batetik eskegi dira besteak. «Gobernuak eta enpresek gerra egiten diote gizarteari eta planetari» eta «Krisi klimatikoa genozidioa da» zioten kartelak zeramatzaren gazteek.

Auto ilaran harrapatuta zegoen gizon batek indarrez mugitu ditu ekintzaileak bidetik.

Instagram bidez zabaldutako mezu batean gogora ekarri dute bezperan itxi zutela CP28 klimaren gailurra Dubain, «emisioak zorroztasunez murrizteko eta pertsonentzat trantsizio duina bermatzeko edozein neurriri uko eginez».

Climáximoren arabera, honek baieztatuko luke «gobernuek eta emisio gehien dituzten enpresek gaur egungo gizarte osoari eta etorkizuneko belaunaldiei gerra deklaratu dietela».

Atzo bertan onartu zuen gailurreko akordioa eta Estatuei dei egiten die erregai fosilak alde batera uzteko trantsizioa abiatzera, «era ordenatu eta bidezkoan, hamarkada kritiko honetan ekintza bizkortuz, 2050ean zero emisio garbi lortzeko helburuarekin, zientziaren arabera». Ekintzaileek zein hainbat nazioarteko erakundek kritikatu dute akordioa, behar bestekoa ez dela iritzita.