NAIZ

Abenduaren 19ko sektore publikoaren greban gehiegizko zerbitzu minimoak salatu dituzte

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Sektore publikoan greba deitu dute datorren astearterako ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek. Gehiegizko zerbitzu minimoak salatu dituzte eta instituzioei eskatu diete jarraipenaren inguruko datuak ematean zintzotasunez jokatzeko.

Urriaren 25eko greba egunean egindako manifestazioa, Bilbon.
Urriaren 25eko greba egunean egindako manifestazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publiko osorako abenduaren 19rako deitutako grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Lakuako Gobernuak eta gehiegizkotzat jo dituzte sindikatuek. Urriaren 25eko berberak direla adierazi dute, eta salatu dutenez, «milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utziko ditu».

Grebaren deitzaileak kritiko agertu dira ezarritako gutxiengo zerbitzu kopuruarekin: «Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena gertatzen ari den honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan».

Azpimarratu dute greba egun bakar bat izanik guztiz funtsezkoa dena baino ez litzatekeela bermatu behar. Horrela, grebarako eskubidearen erabilera «oztopatzeko saiakera» gisa hartu dute, «grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko».

Nabarmendu nahi izan dute agindua aplikatzeak zenbait esparrutan lanaldi arrunt batean baino langile gehiago egotea eragingo duela. Adibidez, Osakidetzaren Etengabeko Arreta Guneetan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte eta, sindikatuaren arabera, egunerokotasunean ez dira zerbitzuan sortzen diren hutsuneak ordezkatzen eta medikurik gabe ere egoten dira zabalik. Gainera, azaldu dute %100eko gutxienekoak ezartzeak honakoa esan nahi duela: «Egunerokoan zerbitzu horiek gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela urte osoan».

Era berean, sindikatuek nabarmendu nahi izan dute «oso adi» jarraituko dutela gutxienekoen aginduaren aplikazioa. Halaber, instituzioei galdegin diete zintzoak izan daitezela grebaren jarraipenaren inguruko datuak ematerakoan: «Osakidetzaren kasuan, milaka langile uzten dituzte greba eskubiderik gabe. Hori horrela, datuak ematerakoan, adierazi beharrean greba eskubidea daukaten langileetatik zenbatek egin duten greba, plantilla osoa hartzen dutea oinarritzat kalkulua egiteko». Horrela, zerbitzu minimoak %100ekoak diren zerbitzuetan jarraipena %0koa izan dela zabaltzen dute.