Jon Ormazabal

Jakak eta Mariezkurrenak amesgaizto bihurtu dute Ander Imazen etxeko partida (22-5)

Lehen mailako binakako partida batean gutxitan ematen den desorekarekin, 14-0 aurreratu diren liderrek ez diete aukerarik txikiena ere eman Artolari eta oiartzuarrari.

Erik Jakak partida hasiera txundigarria izan du erasoan.
Erik Jakak partida hasiera txundigarria izan du erasoan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ander Imazen etxean aritu arren, errukirik ez dute izan sasoi ederrean diren Erik Jakak eta Jon Mariezkurrenak eta oiartzuarrarentzat urteko partidarik berezienetakoa behar lukeen partida amesgaizto bat bihurtu dute, maila honetako lehia batean gutxitan ikusten den jipoi horietako bat emanda. Puntu eta emaitza honekin, Baikoko bikoterik indartsuenak bere lidergoa sendotu du lautik lau partida irabazita eta kezka puntu bat ipini du Artola-Imazen bizkarrean, emaitzatik harago, gaur lehiakor izatetik oso urrun geratu baitira.

Hasiera-hasieratik, kolore bakarreko partida izan da Oiartzunekoa, aurrean zein atzean, Jaka eta Mariezkurrena parean izan dituzten Artola eta Imaz baino askoz hobeak izan direlako. Gutxitan ematen diren bezalako partzial batekin hasi da partida, 14-0, eta ezin esan kantxan bestelako ezer ikusi dugunik.

Izan ere, lehen mailako binakako txapelketa batean gutxitan ikusten den desoreka izan baita Madalensoroko kantxan. Frontoia inork baino hobeto ezagutzen duen arren, Ander Imazi izugarri kosta zaio pilota gozatu eta Erik Jakari aukerako pilotarik ez uzten eta lizartzarrak partida hasiera txundigarri bat izan du, aukera bakarra etorri ahala amaituz. Mariezkurrenak ere, goitik behera dominatu du piloteoan eta une batzuetan pertzepziotik oso gertu egon da bikote gorria.

Erraztasun handiekin

Hori bai, bikaintasunera heltzeko arerioek ere euren aldetik jarri behar izaten dute eta gaurko Artola eta Imaz euren mailatik oso behera egon dira. Alegiarrak ez du batere pilotarik gozatu eskuinez eta konturatu direnerako partida ezinezkoa jarri zaie, lan erditan (11-0) tantorik egin gabe 167 pilotakadetan.

Gorriek egindako lehen hutsak –Mariezkurrenak gora botatako baztertutako pilota batekin– eman die lehen tantoa urdinei eta orduantxe lortu dituzte partida osoko euren tanto apurrak (14-5), baina faboritoek berriz ere euren pilota jokoan jarri eta zuzenean joan dira 22.kartoira, helburutik milimetro bat bera mugitu desbideratu gabe.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Mariezkurrena:22

Artola-Imaz: 5

Pilotakadak: 281. Iraupena: 41,13 minutu. Markagailua: 14-0, 14-5, 22-5.  Sakeak: 2 Jakak eta 1 Artolak. Egindakoak: 9 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 1 Artolak eta 0 Imazek. Galdutakoak: 1 Jakak, 2 Mariezkurrenak, 7 Artolak eta 2 Imazek. Gorabeherak: Sarrerak agortuta,  550 lagun inguru, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, Oiarpe klubaren 20. urteurrena ospatzeko jaialdian. Lehen sakea gorri.