Iraitz Mateo

Joyce Carol Oates lehen aldiz euskaraz irakurgai ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ eleberrian

Xabier Olarrak euskaratu du ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ eleberria, Igela Argitaletxearen eskutik. Joyce Carol Oates idazle estatubatuarrarena da lana, 85 urte ditu eta euskaraz lehen aldiz izango da irakurgai.

Xabier Olarrak euskaratu du ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ eleberria.
Xabier Olarrak euskaratu du ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ eleberria. (Gotzon Aranburu | FOKU)

Igela argitaletxearen eskutik iritsi da euskarara Joyce Carol Oates idazle estatubatuarra. Xabier Olarra izan da Oates euskaraz «estreinatu» duena  ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ eleberriarekin. Talde bortxaketa bat kontatzen du eleberrian, eta bertatik abiatuta Estatu Batuetako justizia sistemari kritika egiten dio.

Euskaraz orandik irakurtzeko aukerarik izan ez bada ere, ehun liburutik gora ditu idatziak Oatesek (New York, 1938), eta behin baino gehiagotan egon da Literaturako Nobel Sarietara izendatuta, inoiz eskuratu ez badu ere. Gai anitzak lantzen dituela kontatu du aurkezpenenean Inazio Mujika Igelako kideak: landa eremuko pobrezia, klaseen arteko tentsioa, emakumeen aurkako bortxa, boterea eta lehia, arrazen arteko gatazka… «Eta hori guztiak zeharkatuz, haurtzaroaren, nerabezaroaren eta emakumeen inguruko ikuspegi berezia du», zehaztu du.

2020an ezagutu zuen Olarrak idazle estatubatuarra, Bartzelonako Udalak Pepe Carvalho saria eman ziolako. Nobela beltzean ibilbide luzea duten idazleak saritzen ditu Udalak. Hori dela medio hasi zen itzultzaile tolosarra bere lanak irakurtzen eta, argitaletxearekin hitz egin ostean, ‘Bortxaketa: amodiozko istorio bat’ euskaratzea erabaki zuten. «Beste batzuk ere izan zitezken, baina gaiarengatik erabaki zutela esango nuke», aipatu du Olarrak.

Estilo propioa

Lehen atalean kontatzen da liburuko gertakari nagusia. Uztailaren lauko gauean emakume alargun gazte bat eta bere alaba festagunetik etxera doaz. Bideko parke bat gurutzatzerakoan gizon kuadrila batek ama bortxatzen du eta alabak ihes egitea lortzen du. «Oso labur eta kondentsatuta kontatzen du guztia», zehaztu du, atal laburren bidez.

«Idazkera indartsua» darabil Oatesek itzultzailearen arabera, eta bere bizi esperientziekin gurutzatzen dela kontatu du. Hasierako gertakaritik harago, «sistema judizialari egiten dio kritika» aurkezpenean azaldu dutenez, eta pertsonaia bakoitzaren zein egindako bide judizialean jasotako erantzunen bidez mahaigaineratzen du hori idazleak.

«Belarri fina du Oatesek», azaldu du itzultzaileak, eta hori bere idazkeran nabaria dela gaineratu du: «Eleberri honetan, ingurukoen zurrumurruak ere ongi ekartzen ditu». Eta hein batean itzultzeko erronka handiena ere hori izan dela aitortu du: «Hizkuntza aldetik arazo nagusirik ez dut izan, emakume honek belarria jarrita idazten du, ahalik eta xehetasun zein zehaztasun handienarekin, eta batzuetan, ingelesez bi adiera izaten dituzte esaldiek, horiek euskaratzea izan da zailena, zehazki zer esan nahi zuen asmatzea».

Olarrak aurreratu du irakurleak ez duela amaiera zoriontsu batekin topo egingo, «baina bukaera ez da hain latza ere…». Eta ziurtatu du etengabe irakurlea «harritzeko» abilezia duela idazleak.

Eskuak eta kontraesanak

Kontraesana da izenburua Olarraren ustez: «Bortxaketa eta amodiozko istorioa kontraesankorrak dira hasiera batean, baina liburua irakurri ondoren ulertuko da, irakurleari ez dio hutsik egingo». Azala, berriz, Araiz Mesanzak egin du, eta bideo bidez egon da aukezpenean. Bertan kontatu du propio erabaki zuela eskuak jartzea, eta «zuri beltzeko marra sinple bat» izatea, «gai astunaren azalean nolabaiteko arintasna irudikatzeko».

«Dena aldatzen duen keinuaren tentsioa irudikatzen du, baimenik gabeko ukitzeak, erasoa eman aurreko pausoak… sinbolismo handikoa da azala ere», adierazi du ilustratzaileak.