Heldu den urtarrilaren 13an, «Konponbiderako giltzak» lemapean Bilbon deituriko mobilizazoara batu dira Bake Bideak eta Bakegileak.
Hala, euskal preso eta iheslariak etxeratzea, konponbidea eta elkarbizitza helburu dituen deialdi horretara joateko deia zabaldu dute abenduaren 18 honetan plazaraturiko prentsa ohar baten bidez.
Aipaturiko eragileek azaldu duenez, «azken hamarkada honetan bake iraunkor baten eraikitzearen aldeko gehiengo bat agertu da Euskal Herrian».
Horren lekuko izan den «jendarte zibilaren aktibazio eta mobilizazioari esker», konponbidearen bidean «urrats esanguratsuak» egin direla agerian jarri dute Bakegileek eta Bake Bideak.
Edonola ere, are eta esanguratsuagoak izan daitezkeen urratsak egiteke daudela oroitarazi dute.
Haien erranetan, «nekez eraiki daitekelako konponbidea, espainiar Audientzia Nazionaleko hainbat auzitegi eta fiskaltzak duten jarrera mendekatzaile eta atzerakoiarekin».
Goienetxearen kasua aipagai
Frantziar Estatuko Zigorren Kudeaketarako auzitegietatik beste jiteko erabakia heldu dela nabarmendu dute bake eragileek.
Berriki PNAT delakoak Xabier Goienetxeari behin-behineko askatasuna onartu zion Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukera trabatu gabe.
Deliberoa norabide onean kokatzen dela iradokiz, «elkarbizitza elikatuko duen etxeratze prozesu baten eraikitzeko garaia iritsi dela» nabarmendu dute Bakegileek eta Bake Bideak.
Eragile ala norbanako guztiek konponbiderako giltza izatekorik badutela gaineratu ondoren, «kopuru handian Bilboko karriketan mobilizatzeko deialdia» luzatu dute.
Bestalde, Ipar Euskal Herritik dinamika horri ekarpen egiteko borondatea azaldu dute bi eragileek.
Hala, Bilboko manifestaldian parte hartzeko autobusak antolatuko dituzte (izena eman hemen).
Hiru lurraldetan, bestalde, elkarretaratzeak eginen dituzte ondoko egunetan.
Hona hemen baieztatu dituzten hitzorduak:
- Senpere: abenduaren 23an 12.00etan, plazan kantu, musika, pintxo pote.
- Uztaritze: abenduaren 27an, 18.30ean Mailiarena elgarretaratzea.
- Biarritz: abenduaren 29an, 18.30ean Herriko Etxeraren aitzinean (Hartzaren lekuan) elgarretaratze musikatua.
-Hiriburu :abenduaren 29an, 18.30ean Plaza Berrin.
-Ezpeleta: abenduaren 29an, 18.30ean, Posta aitzinean.
-Baiona: abenduaren 29an, 19.00etan ( zehazteko dagoen tokian).
-Donibane Lohizune: abenduaren 29an , 19.00etan Louis XIV plazan elgarretaratzea.
-Angelu: abenduaren 29an, 19.00etan «Sables d'or» kioskoan.
-Donibane Garazi: abenduaren 29an, 19.00etan Herriko Etxean elgarretaratzea (etxetik jateko eta edatekoa ekartzea gomendaturik).
-Hendaia: abenduaren 29an, 19.00etan, Gaztelu Zaharren elgarretaratzea eta ondoren pintxo pote.