Manex Altuna

Zoriontasuna San Mamesen, Sancet eta Williams anaiekin hegan eginez

Athleticek Atletico garaituz ospatu zuen 125. urteurrena, eta Valverdek lehen aldiz irabazi zion Simeoneri zuri-gorriekin. Etxean gol gehien egin dituen taldea da Ligan bilbotarra, eta azken lau hamarkadetako lehen itzulirik hoberena gainditzeko aukera daukate bi jardunaldiren faltan.

Atleticoren aurkako partida hasieran San Mameseko harmailetan egindako mosaikoa.
Atleticoren aurkako partida hasieran San Mameseko harmailetan egindako mosaikoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ernesto Valverderen hirugarren aro honetako partidarik borobilena egin zuen Athleticek larunbatean Atleticoren aurka. Zuri-gorriak madrildarren gainetik igaro ziren eta nagusitasun osoz gainditu zituzten San Mamesen. Norgehiagoka gogoangarri bat Iribarren estatuaren inaugurazioa eta 125. urteurrena modurik aproposenean ospatzeko.

Hamahirugarrenean heldu zen lehen garaipena Valverderentzat Simeoneren kontra. Argentinarrak ondo baino hobeto daki Athletici nola aurre egin behar zaion, baina ezin izan zituen Sancet eta Williams anaiak gelditu.  Adierazgarria izan zen Nico estu hartzeko jokalari ezberdinak erabili zituela partidan zehar, eta ez zuela lortu. Sancet, Nico eta Iñaki Williams dira gaur egungo Athleticen ikur nagusiak eta hegan eraman dezakete taldea.

Valverdek berriro asmatu du taldearen dohaiei fruitua ateratzen. Intentsitatea, aurkariaren zelaian presioa egitea eta azkar jokatzea. Sancetek, penaltia huts egin arren, bikain gidatu zituen bilbotarrak erasoan eta Williams anaiak etengabe aurkitu zituen. Jokaldi arriskutsu guztietan parte hartu zuen zortzi zenbakiak.

Hegaletatik min handia egiten dute zuri-gorriek. Izan ere, abiadura bizian korrika egiteko gaitasuna daukate bi anaiek, eta Guruzetak bere mugikortasunarekin atea irekitzen die. Iñaki Williamsek bezala, zortzi gol daramatza dagoeneko aurrelari donostiarrak.

Ildo horretan, azpimarratzekoa da Athletic etxean gol gehien egin dituen taldea dela. 24 lortu egin ditu bederatzi jardunalditan, bi baino gehiago partidako, eta dagoeneko hobetu du iazko gol kopurua San Mamesen. Aldi berean, gotorlekua bilakatzen ari da Katedrala. Liga hasieran Real Madrilen aurka galdu ostean (0-2), bi berdinketa eta sei garaipen erdietsi ditu.

Joan den denboraldian Europatik kanpo geratzeko arrazoietako bat etxean ateratako puntu kopuru txikia izan zen. Badirudi arazoa konponduta dagoela, eta azken berrogei urteetan, Ligak eta Kopak irabazi zituztenetik, lehen itzulirik hoberena gainditzeko aukera dauka Athleticek. Valverderekin aulkian, 36 puntu egin zituzte zuri-gorriek 2013-2014 denboraldian eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu ziren.

Lehen itzuliari amaierara emateko bi jardunaldi falta direnean, 32 puntu dauzka. Las Palmas hartuko du San Mamesen asteazken honetan -21.30etatik aurrera- eta Sevillari egingo dio bisita urtarrilaren 4ean.

Nico Williamsek sekulako gola egin zuen Atleticoren aurka. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Nico Williamsek sekulako gola egin zuen Atleticoren aurka. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Baita ere defentsan egindako lan isila goraipatu beharra dago. Hasteko, Unai Simon. Atezaina taldeak behar duenean agertzen da, eta geldiketa onak utzi zituen beste behin ere. Aldi berean, Lekuek De Marcos ordezkatu zuen atzeko lerroaren eskuin hegalean, eta ezkerreko aldean bezala, oso ondo egokitu zen postura. Deustukoa beti dago prest, eta Lehen Mailako jokalaria dela erakusten du. Aldagela batean ezinbestekoa den horietakoa.

Nabarmentzekoa da Paredes eta Vivian egiten ari direna. Yeray lesionaturik dago, eta zailtasun guztiei aurre egiten ari zaizkie. Celta eta Valentziaren kontra asko sufritu zuten, baina Athleticek jokatzeko daukan eredura gero eta hobeago moldatuz doaz.

Beñat Prados eta Ander Herreraren izenak ere ezin daitezke ahaztu. Zelai erdian biderkatu egin ziren eta taldea sostengatu zuten. Denboraldi hasieran Iñigo Ruiz de Galarreta eta Vesga aurretik zituzten, eta baita Dani Garcia. Hala ere, taldeak behar izan dituenean aurpegia eman dute. Herrerak pase erabakigarria egin zuen Guruzetaren golean, eta baloi mordoa lapurtu zituzten.

Beste irudi esanguratsuenak Jon Rahm saltoka ikustea edo Unai Gomez eta Mikel Jauregizarren arteko besarkada izan ziren. Bermeoko bi futbolariak lagun kuadrila berekoak dira eta 20 urterekin bere talde kuttunean batera jokatzeko aukera izan dute.

Sentimenduak borborka, festa eta zoriontasuna gailendu ziren San Mamesen. Baten batek Ertzaintzari mezuren bat helarazi beharko dio partida atarian giroa nahasteko egindakoan, Aitor Zabaleta gogoratzeko ekitaldi bat zapuztu baitzuen. Asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Kirruli parean jasandako errepresioa salatzeko.

Agian, gehiegi luzatu zen eta distirarik gabekoa izan zen ekitaldien bukaera. Ospakizunak aurrera egin ahala zaleak zelaitik joan ziren eta oso gutxi geratu ziren harmailetan. Hala ere, irudi politak utzi zituen, Adurizen azken gola penaltiz edo Julen Guerrerok sortzen duen miresmena. Argi geratu zen Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ doinupean, Athleticek hegan egiten jarraituko duela.