Gernika-Palestina herri ekimenak Elkartasun Aktiboa izeneko ekimenak abiatuko ditu datozen egunetan. Ohar batean azaldu duenez, hilaren 8ko ekitaldian «palestinarrek beraiek eskatu zigutena jarraituko dugu betetzen, hau da, munduan genozidioaren aurkako euren ahotsa izaten».
Dagoeneko Israelen bonbardaketek gutxienez 20.000 palestinar hil dituztela gogoratu ondoren, gutxienez beste 20.000 lagun erakarri nahi ditu Elkartasun Aktiboa izeneko kanpaina martxan jartzeko. «Hildakoek izen-abizenak dituzte eta askotan islatzen den hildakoen ‘anonimatasuna’» salatu nahi du ekimen honek.
Kanpainaren lehen ardatza ekarpen ekonomikoa ematea izango da, batetik Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramateko eta, bestetik, Gazako herritarrei Mundubat GKEren bitartez proiektuak bultzatzeko. Talde honek honako Palestinako elkarteekin egin du lan: Union of Agricultural Work Committees (UAWC), Union of Palestinian Women Committees (UPWC), Addameer, Defense for Children Palestine (DCI), Health Work Committees (HWC), Bisan Center for Devolopment, Jerusalem Legal Aid and Human Rights Center (JLAC).
Bigarren ardatza da gutxienez 20.000 lagunek Palestinako bandera denda, etxe, ikastetxe, auto edota enpresetan jar dezaten formatu desberdinetan, lekua eta aukerak zeintzuk diren kontuan hartuz.
Palestinako banderen presentziak formatu desberdinak izango ditu: bandera fisikoak edota paperezkoak (posterrak, autoetarako, dendetarako eta abar). Web orri bat sortuko da euskarriak euskaratzeko edo bertatik beskargatu ahal izateko.