Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Gipuzkoako txirrindularitza sasoi berria «behar bezala» hasteko gabeziekin jarraitzen dute

Gipuzkoako txirrindularitza egutegia berme osoekin antolatzeko zailtasunek bere horretan jarraitzen dutela ohartarazi du herrialde horretako Federazioak. Kezkatuta agertu dira Trafiko sailaren jarrerarekin eta Lakuatik urratsik eman ez izana gaitzetsi dute, NAIZek jakin ahal izan duenez.

Txirrindulariak Eibarren mobilizatu ziren, lasterketak berme guztiekin antolatzeko dituzten zailtasunez ohartarazteko.
Txirrindulariak Eibarren mobilizatu ziren, lasterketak berme guztiekin antolatzeko dituzten zailtasunez ohartarazteko. (NAIZ)

Urte korapilatsua izan da aurtengoa txirrindularitza amateurrarentzat, batez ere Gipuzkoan. Egutegiko lasterketak berme osoekin antolatzeko zailtasunekin aritu dira eta asteburu batzuetako lasterketak bertan behera geratu ziren, motoenlazeen segurtasuna guztiz bermatzeko zeuden zailtasunengatik. Lotura lanetan aritzen diren motoek gelditzea erabaki zuten eta azkenean, Gipuzkoako Aldundiarekin «akordio» batera iritsi baziren ere, behin-behinekoa arazoa konpontzeko «partxe» bat izan zen eta orain, berriz, kezkatuta azaldu da Gipuzkoako Federazioa, denboraldi berrira begira.

Egungo egoera erreparatuta, «denboraldia iaz baino okerrago» legoke, adierazi dio NAIZi Santi Osorok, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidenteak. 2023ko denboraldia, nola edo hala, aurrera atera ahal izan zuten, aipatu partxearekin eta zailtasunei aurre egiten, baina egoera honetan denboraldi berri bati aurre egitea ezinezkoa dela ziurtatu du.

Ekainean, Gasteizko Legebiltzarrera eraman zuen gaia eta talde parlamentario guztiak, aho batez, konprometitu ziren mahai bat osatzera, lasterketen antolakuntzan aritzen diren eragile guztiekin elkartu eta arazoari irtenbidea emateko.

Orduan, Euskal Herritik abiatu behar zen Tourra gainean zegoen eta hor parez-pare agertu ziren bi egoerak: Tourraren segurtasuna bermatzeko nahi haina baliabide jarri zituzten erakunde publikoek baina apirilean, segurtasuna bermatzeko zailtasunengatik, Gipuzkoako zenbait lasterketa bertan behera geratu ziren, tartean Aiztondo Klasikoa bezalako proba bat.

Arazo hauek agerian uzteko, Eibarren mobilizatu ziren txirrindulariak, martxoan, eta bertan adierazi zuen Osorok berak «ezin dela eliteko txirrindularitza eduki behean katea hausten bada»

Hala, itxaropentsu hartu zuten mahai baten osaera, arazoa aztertu eta irtenbidea eman asmoz, «2024. urteko denboraldia behar bezala hasteko». Kontua, baina, luzatzen joan da –tartean Udal eta Foru hauteskundeak zirela-eta– eta oraingoz, behin bakarrik bildu dira, Trafiko sailarekin. Bertan, «trafikoko legedia errespetatu behar dela eta hori negozia ezina dela, tartean segurtasuna dagoelako» izan zen Gipuzkoako Federazioko kideei helarazi zien mezua.

«Negoziaezina da baina lasterketa normal baten segurtasun aldetik informe txarra jaso ahal duzu baina tasak ordaindu eta UCI maila hartzen badu lasterketak, ezer aldatu gabe, egin egiten da», dio, haserre eta etsipenetik Santi Osorok.

Bi hilabete eskas falta da denboraldi berria hasteko eta hurrengo bilera, urtarrilean daukate –oraindik data zehatzik gabe–. Ekainean itxaropenez ikusten zutena «orain beltz» ikusten dute, ez baitute arazoaren muina oraindik mahai gainean jarri.

Aterabiderik eman gabe

Aurreko denboraldian hainbat izan ziren arazoak –lasterketen herenetan arazoekin aritu ziren–, izan lotura lanetan aritzen diren motoen segurtasuna bermatzeko zailtasunak edo anbulantzien afera. «Ertzain falta dago motoetan eta beraz, motoenlazeen kontratazioa antolatzaileen esku izan behar zela esan ziguten. Ez da lan errekonozitua, istripuak izan zituzten eta ohartu ziren –eta ohartu gintuzten– ez zeudela behar beste asegurauta. Beraiek planto egin zuten eta hauek gabe, ezin genuen lasterketarik egin», azaldu du Osorok.

Aldundiarekin batu eta behin-behinean arazoari irtenbidea eman zitzaion baina Osorok gogorarazten du, motoetan dagoen ertzain falta Lakuaren gabezia dela eta beraz, beraiek eman behar diotela aterabidea afera honi.

Federazioko hauteskundeak aurreratzea

«Orain etsita gaude, ez gaude prest egoera horretan hasteko. Ez du pena merezi ziurgabetasun honetan aritzea, bi egun lehenago karrera egitea posible izango den edo ez jakin gabe», azpimarratu du. 

Hala, ez dute baztertzen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko hauteskundeak aurreratzea. Urte olinpikoa da eta beraz, Federazio guztietan aurten egingo dira hauteskundeak baina kasu honetan, hilabete batzuz aurreratu daiteke. Egungo zuzendaritza taldea ez dago prest egoera honetan denboraldiari aurre egiteko eta «beste norbaitek hartu nahi baldin badu, ongi; eta ez badago inor prest, ikusi beharko da zer gertatzen den. Kontua da ez gaudela prest beste urte betez honela aritzeko».