NAIZ

Donostiako San Silvestrea inoizko parte hartzaileena izatea nahi dute antolatzaileek

Dagoeneko 4.000tik gora dira izena emanda dauden korrikalariak eta denera 5.600 izatera iristea espero dute, 5.000 nagusienean eta beste 600 larunbatean izango den San Silvestre txikian.

Gaur aurkeztu dute lasterketa Donostiako udaletxean.
Gaur aurkeztu dute lasterketa Donostiako udaletxean. (NAIZ)

Parte hartzea izango da, beste behin, aurten bere 38. ekitaldia ospatuko duen Donostiako  San Silvestrearen ardatza eta, bereziki seigarren aldiz egingo den lasterketa txikian indarra eginez, 2023ko hau inoizko ekitaldirik jendetsuena izatea nahi dute antolatzaileek. Momentuz, 4.000 izen emateen langa gainditu da eta orotara ezarritako 5.600 parte hartzaileen mugara heltzea espero dute, 5.000 dortsal abenduaren 31an egingo den San Silvestre handian eta beste 600 larunbat honetan ospatuko den txikienean.

Kopuru hauek betetzea espero denez, antolatzaileek dortsalik gabe irteten diren korrikalari guztiak lasterketatik aterako dituztela aurreratu dute. Izen ematea sansilvestredonostiarra.com helbidean egin daiteke, abenduaren 28ra arte 13 euro ordainduta, GARA-ko harpidedunek prezio erdian abenduaren 23ra arte, eta abenduaren 29tik 31ko 13:00ak arte egiten dutenek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte.Dortsalak Amarako frontoian jasoko dira abenduaren 30ean, larunbata, 10:00etatik 20:00era.

Realak Anoetan jokatu beharreko partida batek behartu zituen antolatzaileak iazko edizioa eguerdiko 14.00etara aurreratzea eta jasotako erantzuna horren ona izanik, aurten ere ordutegi bera errepikatzera eraman ditu antolatzaileak. Ibilbidea azken urteetakoa izango da, hau da, Easo plazan izango da irteera, San Martin kaletik eta Mirakontxatik Antiguara bidean joango dira korrikalariak. Tunela igaro ondoren, Satrustegi kalean Ondarreta pasealekurantz hartuko dute eta ondoren Kontxako pasealekutik itzuliko dira lasterkariak Portaletaraino. Hortik, Alde Zaharrean barrena, Kursaaleko kuboetaraino joateko. Handik Bulebarrerantza egingo dute buelta eta hasierako puntuan amaituko da lasterketa.

Aurten ez da Alde Zaharrean zehar animaziorik izango eta antolakuntzaren aldetik ahalegin berezi bat egin da irteera/helmuga gunean komun kimiko gehiago ezartzeko eta parte hartzaileei hauek erabiltzeko konbitea luzatu diete gaurko aurkezpenean, inguruko bizilagunei ahalik eta enbarazurik gutxien egiteko. Iaz ez zen aukerarik egon, konponketa lan batzuengatik, baina aurten Kontxako dutxak erabiltzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Etorkizuna lantzen

Lasterketa honen etorkizuna gaztetxoenak direla sinetsia, aurten antolatzaileek ahalegin berezia egin nahi izan dute larunbat honetan ospatuko den seigarren lasterketa txikian eta momentuz erantzuna oso ona izaten ari omen da, 200 bat dortsal baino ez baitira geratzen. Kirolzaletasuna bultzatzea eta ongi pasatzea dira proba honen helburuak eta, hortaz, ez da sailkapenik ez lehiarik izango. 13 urte arteko haurrek hartu ahal izango dute parte, bost maila desberdinetan banatuta, 100 metro korrituko dituzten lau urteko txikienekin hasita.

Dortsalak 15:00etan banatuko dira Arroka plazan eta izen emateekin bildutako diru guztia, Dravert sindromea eta epilepsiak kaltetutakoen ApoyoDravert- elkarteari emango zaio.