Joseba Salbador Goikoetxea
Entrevista
Ainara Abasolo Etxabe
Irrika Gluten Free (Arrasate)

«Glutenik gabeko ogi eta gozoekin irribarrea sortzen saiatzen naiz»

Glutenik gabeko ogia eta gozoak aurkitzea, gaur egun ere, ez da hain erraza suertatzen, are gehiago artisau moduan eginak badira. Arrasateko Irrika Gluten Free Euskal Herrian edozein intolerantzia mota duten pertsonentzako ogia eta postreak egiten dituen gozotegi bakarrenetarikoa da.

Ainara Abasolok edozein intolerantzia mota duten pertsonentzako ogia eta postreak egiten ditu.
Ainara Abasolok edozein intolerantzia mota duten pertsonentzako ogia eta postreak egiten ditu. (NAIZ)

Ainara Abasolo Etxabe orain dela lau urte hasi zen glutenik gabeko gozoak eta ogia prestatzen, Arrasateko Bedoña auzoan duen Errasti baserriko obradorean. Bertan, familiako jatetxea zegoen eta bera han hazi zen, lapiko artean.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen glutenik gabeko elikagaiak egiten hastea?
Nire semea eta ni neu zeliakoak ginela diagnostikatu gintuztenean hasi zen guztia. Ni orduan amaren jatetxean aritzen nintzen lanean eta, ikusirik kanpoan jateko aukera haundirik ez genuela, jatetxeko platerak zeliakoentzako ere moldatzen hasi nintzen. Labe txiki bat erosi nuen eta hor hasi nintzen poliki-poliki postreak egiten, ez bakarrik zeliakoentzako, baita arrautza edo esnearekin intolerantziak dituztenentzako ere.

Eta gero, gozogintza zure lanbide bihurtzea erabaki zenuen.
Bai, nire amari erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaion eta bi aukera nituen. Jatetxearekin jarraitu edo gozogintan zentratu. Azkenean, gozogintza eta okintza asko gustatzen zitzaidanez, bide horretan hastea erabaki nuen.  

Nondik dator Irrika Gluten Free izena?
Irrika izena ipini nion gozogintza inklusiboa delako, nire semeari eta intolerantziaren bat duten pertsona guztiei irribarrea sorrarazten dielako. Azken finean saiatzen naiz publiko guztietara heltzen, zeliako izan, laktosa gabe izan, arrautza gabe izan… Produktu gehienak beganizatu egin ditut, osagai nagusi bezala frutak eta barazkiak erabiliz.

Postreak fruta eta barazkiekin egiten dituzu orduan?
Bai, azukrea erabili beharrean, platanoak, sagarrak edo kiwiak erabiltzen ditut postreak gozatzeko, eta barazkien artean, kalabaza, boniatoa, azenarioa…

Okindegi edo gozotegi asko zarete Euskal Herrian modu horretan lan egiten duzuenak?
Ez, oso gutxi daude, esango nuke ni izan nintzela lehena glutenik gabeko obradorea zabaltzen.

Eta zein dira zure bezeroak? Nun aurkitu daitezke zure produktuak?
Alde batetik, 25 bat salmenta puntu ditut Gipuzkoako herri desberdinetan, eta bestetik azoketan ere salmenta zuzena egiten dut. Hala ere, etxera eramateko eskariak ere prestatzen ditut, eta nire obradorera etortzen denik ere bada. Gainera, une honetan online salmentarako plataforma prestatzen ari naiz.

Azokei dagokionez, orain neguan ze herritan ibiltzen zara?
Arrasateko santamasetara urtero joaten naiz, eta aurten lehebiziko aldiz Donostian ere izango naiz. Zumarragako Santa Lutzi azokan ere izan naiz eta Abadiñoko sanblasetara joateko asmoa ere badut. Data seinalatu horiez gain, hileko hirugarren zapatuetan Arrasaten egiten den azokan ere egoten naiz.

Zer nolako harrera dute azoketan zuk egiten dituzun produktuak?
Oso harrera ona dute. Zumarragan, esaterako, berehala geratu nintzen ogirik gabe. Jende asko dago bere elikadura zaindu nahi duena, baina gero ez du alternatibarik aurkitzen. Eta zer esanik ez zeliakoek, askotan ez dute eurentzako moduko produktu osasungarririk aurkitzen. Jaietako azoka hauetan, adibidez, ohikoak izaten dira txoripan izenez ezagutzen diren ogiak, eta nik adibidez egiten ditut zeliakoentzat.

Hain zaila da zeliakoentzako ogia aurkitzea?
Bai, supermerkatuetan saltzen dituzten ogi gehienek almidoia daukate eta hori, azkenean, azukre bihurtzen da gorputzean eta hori oso kaltegarria da osasunarentzat. Nire kasuan, gainera, lehengai ekologikoak eta zero kilometrokoak erabiltzen ditut eta hartzidura prozesua osatzeko denborak errespetatzen ditut. Horregatik, nire bezeroen artean zeliakoak ez direnak ere badaude, ogi hau jatean ongi sentitzen direlako.

Urte gutxi dira, beraz, lantegi horretan hasi zinela, baina dagoeneko ezaguna zara.
Bai. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet nigan konfidantza jarri duten pertsona guztiei, eurak gabe ni ez nitzatekeelako ezer izango.