NAIZ

Bere egoera fisikoa zalantzan jarrita, Innpalak etentzat eman du Ibai Perezekin zuen harremana

Sestaoko atzelaria haserre agertu da erabakiarekin eta «lodi nagoelako» bota dutela salatu du, azkenaldian emaitza onak lortzen ari zela argudiatuta.

Ibai Perez oso haserre agertu da enpresaren erabakiarekin.
Ibai Perez oso haserre agertu da enpresaren erabakiarekin. (Oskar_MATXIN_EDESA/FOKU)

Ibai Perezek, besteren artean 2021 eta 2017. urteetan Buruz Buruko txapeldun izan zen atzelari sestaoarrak, ez du gehiago Innpalan jokatuko, Bilboko enpresak etentzat eman baitu pilotariarekin zuen lan hitzarmena, «kirol arrazoi eta bere sasoi fisikoaren inguruan dituen zalantzak» argudiatuta. Gauzak horrela, eskuz ere Aspen ibili zen pilotariak ez du asteartean aurkeztuko den aurtengo Buruz Burukoan jokatuko eta ezta ere igande honetan Bilboko Deportivon antolatu den jaialdian, nahiz eta azken honetarako iragarria zegoen.

Enpresaren erabakiak erabat ezustean harrapatu du Ibai Pérez, duela bi hilabete inolako arazorik gainditu baitzuen enpresaren medikuarekin egindako esfortzu proba eta kirol aldetik ere emaitzak ez dira txarrak izan. Urrutiegira joan gabe, aurreko ostiralean Kutxabank Ligako finala jokatu zuen Esteban Gaubekarekin batera –Maldonado eta Urrutiaren aurka galdu zuten– eta aurten bertan txapeldunorde izan da Buruz Burukoan eta Binakakoan. «Emaitza horiekin aurten zerrendaburu izan behar nuen Buruz Burukoan, baina enpresak ez dit jokatzen utziko».

«Nire itxura ez zaie gustatzen»

Sestaokoak salatu duenez, lodi egoteagatik, «nire itxura ez zaielako gustatzen», utzi dute koadrotik kanpo. «Itxura txarra ematen dudala esan didate, ez dudala maila ematen eta ez dutela nirekin kontatu nahi. Hori da eman didaten arrazoia, kirol aldetik ezin dute eta beste ezer esan, estetika kontua da, nirea ez zaie nonbait gustatzen», gaineratu du.

Ibai Perezek onartu du, lanean eman beharreko orduekin, ez duela gimnasiora joateko nahi beste denborarik, baina oso haserre agertu da enpresak hartutako erabakiarekin, «palan jokatzea asko gustatzen zaidalako, baina ez didate uzten». Ez du pala motzean afizionatu bezala jokatzea baztertzen, nahiz eta oraintxe ez zaion gogo handirik geratzen.