NAIZ

Gabonetan 50 pertsona baino gehiago kale gorrian izango direla salatu dute Iruñean

Iruñean egindako ekimenaren argazkia.
Iruñean egindako ekimenaren argazkia. (MUGAK ZABALDUZ)

Mugak Zabalduz-ek ekimen bat egin du Iruñean gabonetan, «erakundeen utzikeriaren eta arrazismoaren ondorioz», 50 pertsonek kaleetan lo egingo dutela salatzeko.

Ohar batean azaldu duenez, «abenduaren hasieran 56 plazako behin-behineko aterpetxe berria ireki zenean, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak bazekiten 50 pertsona baino gehiago kalean uzten jarraituko zutela. Nafarroan bizi diren pertsona guztientzat bermatuta egon beharko liratekeen oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkien pertsonak».

«Ezin da inor kalean lo egitera behartu, inoiz, eta ez bereziki udazken eta neguko hilabeteotan. Izan ere, bai udal bai foru legeek horrela onartzen dute: Nafarroan eta Iruñean bizi diren pertsona orok du ostatatze eta gutxieneko bizi baldintzak edukitzeko eskubidea, bereziki hilabete hauetan zehar. Eskubide hau egunez egun urratzen da Nafar Gobernuaren eta Iruñea eta Iruñerriko udalen utzikeriaren ondorioz», gaineratu du aipatu taldeak.

Dioenez, «erakunde horiek, nahita edo beharrezko baliabideak edo eskumenak ez izateko aitzakiarekin, gure auzokide hauek kalean bizitzera behartzen dituzte, zeinek gero eta oztopo handiagoak dituzten elikadura, higienea, osasuna, erroldatzea eta gizarte-zerbitzuak eskuratzeko. Nafar Gobernuaren eta udalaren helburu da pertsona hauek Iruñetik eta Nafarroatik alde egitea».

«Eskubideen urraketa hauen aurrean», Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko eta Iruñerriko udalei exijitu die «pertsona bakar batek ere kalean lo egin ez dezan beharrezkoak diren baliabideak gaitzea, bereziki baldintza klimatologiko hauetan». Eta neurriak aldarrikatu ditu ostatu, elikadura, higiene, osasun, erroldatze eta gizarte-zerbitzuak urte osoan bermatzeko.