NAIZ

Manifestazioa Martutenetik, «ateak zabaltzeko eta salbuespenari zirrikitu oro zarratzeko»

Sarek deituta, manifestazio bat abiatu da larunbat honetan Martuteneko espetxetik salbuespeneko epaitegiek euskal presoen aurka hartutako erabakiak salatzeko.« Jarrai dezagun ateak zabaltzen, salbuespenari ere zirrikitu oro zarratzeko», nabarmendu dute.

Jendetza bildu da larunbat honetan Donostian Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko. Martuteneko espetxetik abiatu da, ’Konponbiderako giltza’ lemapean.

Ohar batean Sarek azaldu duenez, bi hilabete igaro dira Gernikan ’Konponbiderako giltza’ manifestua aurkeztu zuenetik, eta «ez dira gutxi izan ordutik hona jasotako atxikimendu eta ekarpenak».

Dena den, Sareren esanetan, «oraindik ere giltza gehiago izatea da gure helburua, giltza gu geuk izan behar baitugu. Konponbiderako Giltza. Etxerako Giltza».

«Ateak zabaltzen gabiltza, beste ate batzuk betiko zarratu ahal izateko. Urteetan itxita izan diren ate ugari zabaltzeko bidea izan gara. Gutako bakoitza bere txikitasunetik, emaniko urrats txiki bakoitza bide egiteko bide izan delako», gaineratu du.

Urruntze politika amaitu dela nabarmendu du Sarek, «baina oraindik ordea behin eta berriz euskal presoek etxerako bidea itxita dutela salatzea dagokigu. Eta horretan gabiltza».

Gaineratu duenez, «salbuespenezko legediek eta salbuespenezko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen dute, baina bidean aurrera egiteko prest gaude. Urratsak ematen jarraitzeko unea da, konponbidearen eta benetako bake baten aldeko konpromisoa erakutsiz. Salbuespena lege den bitartean, oraindik, giltza ugari astindu behar ditugulako, hasitako pausuei jarraiki, atariraino bide egiteko unea da».

«Esperantza hitza gure elkarrizketara itzuli da, urte luzeetan giltzapean bahiturik egon ostean. Elkarlanean jarraituz gero, etxera bidea gertu egon litekeenaren itxaropena. Jarrai dezagun ateak zabaltzen, salbuespenari ere zirrikitu oro zarratzeko».

U13ko manifestazioa Bilbon

Herri plataformatik gogoratu dutenez, datozen egunetan ekimen ugari izango dira errepresaliatuen eskubideak aldarrikatzeko. «Datozen egunetan ere milaka giltza izanen gara. Gabonetan ere astinduko ditugu giltzak auzo eta herrietako kaleetan, fabriketan, erakundetan… eta gaur hemen espetxe atarian».

«Giltzen olatu bihurtuko dugu Bilbo urtarrilaren 13an, atzo jakinarazi bezala ordubeteko aurrerapenarekin, 16:00tan, baina helburu berberarekin. Bilboko kaleak konponbiderako, elkarbizitzarako eta etxerako giltzez betetzera», azpimarratu dute.