Binakakoaren azken postuari ihes egiteko borroka inoiz baino beroago dago, Altuna-Martijak Artola-Martijaren aurka lortutako garaipenarekin (22-13) lau bikote baitaude bina punturekin sailkapeneko azken postuetan. Goiko aldetik ere gauzak are gehiago estutzeko modua zuten Elordi eta Rezustak Barañainen, baina ezin izan dute Jaka-Mariezkurrenarekin eta Baikoak bi lehenen artean amaitzeko hautagai nagusienetako batzuk direla berretsi dute jokoan erabat nagusituta.
Ikusmina handia zen gaur sarrera guztiak amaitu diren Beotibarren, baina partidak ez dio sortutako ikusnahi horri erantzun. Partida distiratsurik jokatu gabe, aurkariak baino askoz sendoago aritzea nahikoa izan dute 2022ko txapeldunek euren egunik onena izan ez duten Artola-Imazi nagusitzeko.
Eta hori, Alegiako aurrelari ausart batekin, Baikokoak 0-3 aurreratu diren markagailuan. Elkarrekin jokatzen duten hirugarren partida zuten Altunak eta Martijak eta elkar oso ondo ulertzen duten arren, jakina da osatze bidean den bikote bat dela. Altunaren itzulerak on egin dio Etxeberriko atzelariari, eskuinez pilota gozatzen ari da eta ohikoa duen sendotasuna berreskuratzen ari da. Berez, ezaugarri bertsuko atzelari bat zuen gaur parean, baina Ander Imazek ez du gaur ohikoa duen sendotasunik erakutsi. Partida hasiera xamarrean pare bat sake utzi ditu eraman gabe, ezkerrez ere huts pare bat pilatu ditu eta konfiantzarik gabe aritu da hortik aurrera. Hortxe hartu dute Aspekoek 8-0eko partzial batekin lehen alde handia (11-4), nahiz eta Jokin Altunak 6-4koan egin duen lehen tantoa jokoan.
Maila berreskuratzen
Amezketarra ere ari da, poliki-poliki, txapelketari tamaina hartzen. Fresko eta, batez ere, pilota gosearekin sumatzen dugu, baina errematearen bila joaterakoan eta konfiantza apur bat falta duen. 13-8koan, esaterako, aukera-aukerako sake-erremate batean kale nabarmen bat egin du eta hortxe etorri dira Aspekoen unerik larrienak. Euren pilota jokoan jarrita etorri dira Ander Imazen partidako unerik onenak eta galduta zirudien partida orekatzea lortu dute Artolaren sake-erremate batean markagailua 13-11 ekarrita. Martijaren eskapada batekin eten dute Aspekoek gipuzkoarren bolada ona eta hortxe jo dute kolpe erabakigarria.
Sasoi hobe edo okerragoarekin, Altunari sekula hutsik egiten ez diona sena da, Artolaren aukerako bi erremateetan txintxarriak pilota jotzerako amezketarra pilota botako zuen leku horretan zegoen eta kontraerasora bi tanto egin dizkio eta hortxe agortu dira partida hasiera txukuna baino gehiago egiten ari zen alegiarraren konfiantzak eta 2022ko txapeldunek erraz antzera lortu dute puntu gris bezain ezinbestekoa.
PARTIDAKO FITXA:
Altuna III.a-Martija: 22
Artola-Imaz: 13
Pilotakadak: 429. Iraupena: 57,14 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-4, 11-4, 11-7, 13-7, 13-11, 20-11, 20-12, 21-12, 21-13, 22-13. Sakeak: 3 Altuna III.ak. Egindakoak: 9 Altuna III.ak, 2 Martijak, 5 Artolak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 5 Altuna III.ak, 2 Martijak, 4 Artolak eta 4 Imazek. Gorabeherak: 1.100 lagun Tolosako Beotibarren, sarrera guztiak agortuta.
Jakak 15 tantu amaitu ditu Barañainen
Barañainen markagailuan dezenteko gorabeherak izan diren arren, batez ere lehen erdian, 11-11 ere joan dira, Jakak eta Mariezkurrenak jokoan erabateko nagusitasunarekin irabazi diete jarraian euren hirugarren partida galdu duten Elordi eta Rezustaren aurka (22-12).
Mariezkurrenak atzean erabat erakutsi dio bizkarra Rezustari eta lizartzarrak etekin itzela atera dio nagusitasun horri, era guztietako tantoak amaituz, denera 15. Euren akatsekin, Baikokoak izan dira Aspekoak partidan sartu dituztenak, baina jokoaren nagusitasuna erabat izan zen eurena eta merezitako garaipena eskuratu dute.
PARTIDAKO FITXA:
Elordi-Rezusta: 12
Jaka-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 462. Iraupena: 50,40 minutu. Markagailua: 1-0, 1-5, 3-5, 3-10, 5-10, 5-11, 11-11, 11-15, 12-15, 12-22. Sakeak: 3 Elordik eta 1 Jakak. Egindakoak: 2 Elordik, 0 Rezustak, 15 Jakak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 0 Elordik, 4 Rezustak, 5 Jakak eta 2 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera polita Barañaingo Retegi pilotalekuan.