NAIZ

Hamar greba egun gehiago deitu dituzte itunpeko ikastetxeetan

Urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an izango dira EAEko itunpeko hezkuntza sarean sindikatuek deitutako hamar greba egun berriak, aurrez egindako bederatziei batuko zaizkienak.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean.
Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileen mobilizazio bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ohar baten bitartez, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hamar greba egun gehiago deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko ikastetxeetan. Urtarrilaren 17, 18, 23, 24 eta 25ean eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an izango dira greba egunok.

Gogoratu dutenez, langileek bederatzi greba egun egin dituzte jadanik eta babes zabala izan dute, %65ekoa bataz beste.

Greba hauen helburua 2021eko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea da. Sindikatu deitzaileek azpimarratu dute «onartezina» dela abenduko bost greba egunen ondoren «mahairik deitu gabe eta proposamenik egin gabe jarraitzea Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronal nagusiek».

Sindikatuek «adostasunetara iristeko borondatea eta prestutasuna» dutela adieraztearekin batera, patronalei «arduraz jokatzeko eta lan hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak eta proposamenak egiteko» eskatu diete.

Izan ere, «azken hilabeteetako greba dinamika honek behartuta patronalen aldetik mugimenduak egon badira ere, ez da ez negoziaketa errealik egon ez eta proposamenik mahai gaineratu ere».

Lakuako Hezkuntza Sailari ere gatazka bideratzeko esku har dezala eskatu diote.

«Aldarrikapen nagusiak –adierazi dute– lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere jomugan ditugu sindikatuok».