Jon Ormazabal

Peio Etxeberria ez dago jokatzeko moduan eta Zabalak bere lehen aukera handia izango du

Zenotzekoak gaur proba bat egin du Labriten eta biharko Sestaoko partidari uko egin dio eta ikusi egin beharko da igandean Tolosan jokatzerik izango duen.

Javier Zabalak bere lehen aukera izango du lehen mailako Binakakoan.
Javier Zabalak bere lehen aukera izango du lehen mailako Binakakoan. (Jon URBE/FOKU)

Eskuin eskuko hatz txikian hausturarik ez dagoen arren, Labriteko eserlekuen babesen aurka jota egindako zauriak ez dio Peio Etxeberriari nahi bezala piloteatzen uzten eta Zenotzekoak uko egin dio bihar Sestaon jokatzekoa zen partidari. Ultzamarrak gaur egin du Labriten, Jokin Etxanizekin batera, bere eskuin esku hori nola dagoen ikusteko azken proba eta zauriak oraindik behar bezala itxi gabe jarraitzen duenez, geratzea erabaki du. Larunbateko partidaren ostean bi puntu eman zizkioten hatz txiki horretan eta hobera egin badu ere, ez du bere burua ostiral honetan Peña-Albisuren aurka jokatzeko moduan ikusi eta garapenaren arabera erabakiko du igandean Tolosan Artola-Imazen aurka ariko den.

Eta lehen hiru jardunaldietan Altuna ordezkatzeko hautatua Danel Elezkano izan bazen –Zabaletarekin txapeldun izandako aurrelaria– oraingo honetan Aspek Javi Zabala errioxarrari bere lehen aukera handia emateko apustua egin du. Era honetan, Logroñoko aurrelariak azken aste luzeetan egindako lan bikainaren ordaina izango du. Duela hilabete inguru berritu zuen pilotariak kontratua, bi urtez, Eibarko enpresarekin eta ordutik hona jokatutako sei partidak irabazi ditu, denetan maila bikaina erakutsiz gainera.

Sei garaipen segidan

Egia da, bigarren mailako binakakotik at, Zabalari hirugarren partidak jokatzea egokitzen ari zaiola azkenaldian, baina denetan Dario edo Elezkanoren –Etxeberria ordezkatzeko balizko hautagaiak– aurka aritu da eta erraz nagusitu da Logroñokoa.

Berez, afizionatuetan buruz buruko lehiatan nabarmendu bazen ere, azkenaldian binaka ere ederki moldatzeko gai dela erakusten ari da, airez ere gero eta hobeto amaitzen baititu tantoak.