NAIZ

Altzola-Elgoibar geltokia eta tren garraio publikoa babesteko sinadurak biltzen ari dira

Elgoibarko Gabon Zahar feria baliatu du Altzola-Elgoibar tren geltokia mantentzearen aldeko herri plataformak beste sinadura bilketa bat egiteko. Herriko hiru geltokiak eta tren bidezko garraio publikoa aldarrikatu dituzte, EAEko garraio jasangarriaren ildotik.

Altzolako tren geltokiaren aldeko sinadura bilketa egin dute Elgoibarren.
Altzolako tren geltokiaren aldeko sinadura bilketa egin dute Elgoibarren. (ALTZOLAN TREN GELTOKIA BAI PLATAFORMA)

Altzola-Elgoibar tren geltokiaren aldeko herri plataformak beste sinadura bilketa bat antolatu du larunbat honetan, Elgoibarren ospatzen den Gabon Zahar ferian, goizeko hamaiketatik aurrera merkatu plaza parean. Altzola-Elgoibar tren geltokia ez ezik, herriko hiru geltokiak eta tren garraio publikoa defendatu nahi dituzte atxikimendu horien bidez. 1.250 sinadura bildu dituzte, eta dagoeneko 5.400 badituztela jakinarazi dute.

Esplikatu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio jasangarriaren lege berriarekin bat egiten du ekimenak. Aurten plazaratutako lege horretako zenbait artikulu jarri dituzte adibide gisa. Horietako batek dioenez, Europako Itun Berdeak garraio multimodala bultzatu behar dela jasotzen du, tren bidezko garraioa eta mugikortasun automatizatua sustatuz, adimendun kudeaketa sistemen bidez konektatua.

Altzola-Elgoibar tren geltokia mantentzeko eskatzen du herri plataformak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aipatu duten bigarren artikuluak jasotzen du administrazio publikoen jardunean tren sarea izango dela garraio publikoaren eskaintza egituratuko duen ardatza eta errepideko garraioa haren osagarria izango dela.

Hirugarrenik, legeak agintzen du motordun ibilgailu pribatuen erabilera murrizten joateko neurri koordinatuak hartu behar direla, poliki-poliki.

«Errealitatea oso bestelakoa da»

Laburbilduz, legeak «tren garraioa bultzatzearen alde egiten du, trena garraio publikoaren ardatza dela jasotzen du, autobusa haren osagarria dela eta gero eta zailagoa izango dugula gure ibilgailu pribatuetan mugitzea».

«Paperak dena jasaten du. Baina errealitatea oso bestelakoa da», azpimarratu du herri plataformak.

Herri mugimendu honek tren garraio publikoa babestu nahi du, baina ez Abiadura Handiko Trena. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Helburua: 10.000 sinaduratik gora

Larunbat honetako sinadura bilketa amaituta, euskal herritar guztiei eskatuko diete laguntza, 10.000 sinadura lortzeko. Horretarako change.org plataforma erabiliko dute. 

Lege Ekimen Herritar bat aurkeztuko dute Gasteizko Parlamentuan, Altzola-Elgoibar tren geltokia mantentzearen alde. Oroitu dutenez, dagoeneko badago proiektu bat geltokia babesten duena, bi aldiz plazaratu dute EAEko buletin ofizialean. «2012an baliagarri bazen, are baliagarriagoa da hamabi urte geroago», defendatu dute.