NAIZ

Salmenta espekulatiboa salatzeko mobilizazioa egin dute Aiherran

Martxa sinboliko bat egin dute larunbat honetan Aiherrako herritarrek aitzineko etxalde baten salmenta espekulatiboa salatzeko xedez. Azaldu dutenez, 2017an 250.000 euroan erosia izan zen Etxexuria, eta orain bere jabeek 1.579.000 euroan salgai jarri dute etxea.

Espekulazioaren aurkako mezua haizeratzen jarraitzeko ekimena egin dute larunbat honetan Aiherran.
Espekulazioaren aurkako mezua haizeratzen jarraitzeko ekimena egin dute larunbat honetan Aiherran. (Guillaume FAUVEAU)

Arberoako Lurra eta Etxebizitza Kolektiboak antolatuta, ekimena egin dute larunbat honetan Aiherrako etxalde baten salmenta auzian emateko.

Etxexuria izeneko etxea 250.000 euroan erosia izan zen 2017an. Sei urte beranduago, ordea, 1.579.000 euroan salgai jarri dute herriko paisajean toki nabarmena hartzen duen etxeko jabeek.

11.00etan herriko frontoian hitzordua eman eta handik abiatu da larunbat goiz honetan etxearen inguruan bururatu den martxa.

2022an sortu zen Arberoako Lurra eta Etxebizitza Kolektiboa herrian izandako salmenta espekulatibo bat salatzeko.

Handik aurrera Aiherra eta bere inguruetan ematen diren laborantza lur sailen edota etxebizitzen gaineko higiezinen operazioei beha izaten dira taldeko kideak.

Kolektiboak agiri baten bidez hainbat xehetasun eskaini ditu Etxexuria izeneko etxeari buruz.

Kolektiboak plazaraturiko agiria

«Etxaldean eginiko konponketa lanek ez dutela inondik inora justifikatu ahal prezioaren gorakada» azaldu ondoren, «gainbalio espekulatibo baten aitzinean gaudela» baieztatu du taldeak.

Kolektiboak argi du ezin duela deus egin salmentaren gaineko prezioa aldatzeko. Hala eta  guztiz ere, «presioa egiteko eta iritzi publikoa ohartarazteko» garrantzitsua deritzo salaketa horiek plazaratzea.

Finean, Aiherran antolaturiko mobilizazioa Ipar Euskal Herrian zehar azkeneko hilabeteetan izan diren mobilizazioen dinamikaren baitan txertatu dute antolatzaileek.

Mobilizazioz beteriko urtea

Kazeta.eus atariak 2023ko urteari eskainitako atzerabegiradan nabarmendu duenez etxebizitzak herritarrentzat eta laborantza lurrak laborarientzat, hori da Ipar Euskal Herriko gero eta jende gehiago mugiarazten duen aldarria.

Horren erakusle, 2022an Baionako karriketara hamarnaka taldez osaturiko Herrian Bizi plataformak eraman zuen lehenbiziko mobilizazioari jarraipena emanez «aski» esateko tenorea dela adierazi zuten milaka eta milaka herritarrek iragan apirilaren 1ean Baionan.

Handik aurrera etxebizitzari buruzko krisiari buruz oharra egiteko hamaika ekimen burutu dituzte hiru lurraldeetan, berdin hiri eremuan –horra hor Maurizia egitasmoak Baionan burutu zuen okupazioa– zein landa eremuan –Senpereko Olha etxean eginiko ekintza edo Kanboko Marieniako lurrak defendatzeko ekintzak, esaterako–.