NAIZ

Moralarentzat hauspo den garaipena erdietsi dute Artola eta Imazek, atzetik aurrera eginda

Artola eta Imazek txapelketako hirugarren garaipena erdietsi dute igande honetan, Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka. Lehen zati kaskarraren ostean, atzetik aurrera egin dute gorriek, eta azken txanpara bizirik iritsi dira eta emozio handiko bukaera batean, garaipena euren alde erori da (22-21).

Iñaki Artolaren inspirazioa erabakiorra izan da.
Iñaki Artolaren inspirazioa erabakiorra izan da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Behar zuten garaipena Artola eta Imazek, ligaxkako behe aldetik hauspo pixka bat hartzeko. Eta zer nolako partida irauli duten gipuzkoarrek. 6-13 galtzen joan dira, bai eta 9-16 ere, baina Artolaren inspirazioa lagun, Imazek atzeko kuadroetan irabazi duen sendotasuna eta Peio Etxeberria eta Zabaletaren eskuek nekearen eragina igarri ondotik, markagailua irauli dute partidaren une erabakigarrienean (21-19).

Zenotzko aurrelariak atseden hartu zuen Sestaoko partidan –Zabalak ordezkatu zuen–, ostiralean, pasa den asteburuan eskuetan min hartu ostean. Hausturarik ba ote zuen zalantza egin zuten hasieran baina azkenean, kolpe soil batean geratu zen eta beraz, astebeteren buruan osatu eta Beotibarren berragertu da, hasieran fresko baina pilotakadak eman ahala, zalantzati.

Bost garaipen erreskadan eskuratuta iritsi dira Etxeberria eta Zabaleta Beotibarrera; Artola eta Imaz, bestalde, arranka ezinda. Bigarren eta bosgarren jardunaldietan garaipena eskuratu bai baina gainontzeko hiruak galduta, sailkapenaren behe aldean kokatuta zeuden.

«Lana asko egin behar izan dugu. Aurrez oso zaila ikusten genuen puntua», onartu du Alegiako aurrelariak berak, lehendabiziko tantoa egitea kostatu zaion arren, azkenean 7 egindakorekin, pilotaririk onena izateraino.

Hasiera kaskarra

Kontuak kontu, hasieran bi bikoteei kosta zaie partidan sartzea. Hutsegiteak han hemenka, biei ala biei kosta zaie markagailuan eskapatzea. 6-5 aurreratu dira gorriak baina urdinek lau tanto jarraian egin –Etxeberriaren bi gantxo tarteko– eta Imaz-Artola etenaldia eskatzera behartu dituzte.

Takada batean beste lau tanto eginda (6-13), partida erabakita zirudien baina Alegiako aurrelariak lehendabiziko tantoa egin (7-13) eta oraindik bizirik zeudenaren ohartarazpena bidali du. Are gehiago, 8-13koan egindako gantxoarekin eta Zabaletari erori zaion pilotarekin (9-13).

Peio Etxeberriak moztutako batekin eta Zabaletak atzeko kuadroetara bidalitako pilotakadarekin –Imazek ezin izan du 11tik eraman–, berriro ere arnasa hartu dute urdinek (9-15) baina partida ezin itxita aritu dira, nekeak ere eragina izan duelako. Batetik, partidak aurrera egin ahala, Zenotzkoari eskua mindu zaiolako eta bestetik, Zabaletak ostiralean erritmo handiko partida jokatu zuelako.

12-17ko markagailua ere alde izan dute Aspekoek baina Artola, atzetik aurrera eginda, amore ematetik oso urrun zegoen eta gantxo ikusgarria egin du 14-17koa jarri eta dema erabat estutzeko.

Emozio handiko bukaera

Zabaletak eraman ezin izan duen pilotakada bat, Alegiakoak zabalera bota eta Etxeberria iritsi ez den beste bat eta Zenotzkoak gora bota duen pilotakadarekin, berdinketa jarri dute gorriek (17-17).

Emozio handiko azken txanpara igaro da partida, hasieran erakutsi duten kaskarraldiari buelta emanda, baina partidaren osagai nagusia izan den nahasmenari eutsita, eta erabakiorrak izan dira aurreko kuadroak.

Artolari txapara jausi zaion pilotarekin berriro ere urdinek hautsi dute berdinketa (17-18), bigarren etenaldi luzera aurretik joateko. Amore ematetik urrun, Artolak txokoan utzita eta gantxo ikusgarri batekin, markagailua irauli dute gorriek, aspaldiko partez aurretik jartzeko (19-18).

Tanto bakarraren falta, partidan lehen aldiz bi tantoren aldea erdietsi dute gorriek, gehien balio duenean, eta eskuan izan dute garaipena. Artolaren gantxoa, baina, kanpora joan da eta urdinek ongi probestu dute oparia, 21era berdintzeko.

Tanto gogor batean ostean, Zabaleta sufritzen ikusten zen eta tentsioa nagusi izan da, Peio Etxeberriak ezin izan du eraman Artolak txokoan utzitakoa eta gorrien alde jausi da dema (22-21).