NAIZ

Olharan-Del Riok bizirik jarraitzen dute, bi setean Goitia-Basque garaitu ostean

Olharan eta Del Riok Winter Serieseko lehendabiziko garaipena erdietsi dute. Goitiak eta Basque bi setean garaitu dute, emozio handiko partidan, eta beraz, finalerdietarako beste txartela oraindik erabaki gabe dago A multzoan, gaur lehiatu diren bikoteak 4 punturekin berdinduta daudela.

Julen Del Riok sendotasuna eta ausardia uztartu ditu Goitia-Basquen aurka.
Julen Del Riok sendotasuna eta ausardia uztartu ditu Goitia-Basquen aurka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

A multzoan, azken jardunaldiaren faltan, finalerdietarako bigarren txartelak jaberik gabe jarraitzen du. Igande honetan, urte amaierako jaialdian, Olharan eta Del Riok lehendabiziko garaipena eskuratu dute, bi setean Goitia-Basque garaituta (15-13 eta 15-11), eta beraz, 4 puntu batu dituzte, gaurko arerioekin sailkapenean berdintzeraino.

A multzoko lehen postuan, jada hurrengo fasera sailkatuta, daude Goiko eta Lekerika (12 punturekin); beraz, urtarrilaren 15ean erabakiko da finalerdietara sailkatzen den beste bikotea nor izango den. Erik-Minvielle aukera urriekin daudela, Olharan eta Del Riok hauen aurka jokatuko dute partida erabakigarria. Irabaziz gero, finalerdietan izango dira. Posible litzateke berdinketa hirukoitza ematea eta kasu honetan, tantoen diferentzia izango da erabakiko duen faktorea.

Atzetik aurrera egin du bikote beltzak txapelketa honetan. Olharan, sei hilabetez kantxetatik at egon ostean, gaur jantzi da zuriz (aurreko partidan Cosme Agirrek ordezkatu zuen) eta bere eskarmentua gakoa izan da zenbait jokalditan. Nolanahi ere, partidako onena Julen Del Rio izan da, atzeko kuadroetan sendo eta zenbait momentutan, ausart jokatuta.

Datu adierazgarria da, esaterako, atzelari gasteiztarrak bere aurrelariak bezainbeste tanto egin dituela, 9 orotara, eta hor egon da bi bikoteen arteko aldea. Alex Goitiak boladaka jokatu du, oso tanto ikusgarriak egin ditu (orotara, 11 egindako) baina hutsegiteak ere nabariak izan dira (7 orotara).

Estu joan da partida, batez ere lehendabiziko seta. Guztira, 7 berdinketa eman dira: 1-1, 2-2, 5-5, 6-6, 9-9, 10-10 eta 11-11. Nolanahi ere, urdinak behin bakarrik jarri dira aurretik; 10-11koan, alegia. Goitiak horma biko izugarriarekin itzuli dio Olharani eta hurrengoan, eramateako zen pilota huts egin du gasteiztarrak.

Dena dela, Paueko aurrelariak, bere eskarmentua agerian utzita, berdinketa ezarri du eta berriro ere markagailuan eskapatu dira beltzak (13-11). Olharanek Goitia salduta utzita, 14-12 jarri dira eta urdinek tanto batera estutu badute ere (14-13), Del Rioren eskuina agertu da seta erabakita uzteko (15-13).

Bigarren jokoan biziagoa hasi dira beltzak eta kolorerik izango ez zuela zirudien arren (7-4), urdinek eutsi dute eta 7-6ra jarri dira, tartean Del Riok arriskatu nahi izan duen horma biko bat kanpora bota ostean. Beltzen hutsegiteak, baina, oso puntualak izan dira eta Alex Goitiak partida bukaeran onartu legez, saihestu zitezkeen akats gehiago egin dituzte beraiek eta horri esker, «tartea ireki dute» kontrarioek.

Del Riok lurretik eramandako batekin eta horren ostean tantoa berak bukatuta, bost tantoko aldea erdietsi dute beltzek (12-7) eta tarteka, Goitiak trebetasun handiz egindako bi paretekin, urdinak borrokan jarraitu duten arren, azken txanpan arazorik gabe gailendu dira Olharan eta Del Rio.

Jon Zabala puntista markinarrak lehen zatian egindako adierazpenetan esan duen bezala, baliteke Basque indarrez justuago aritu izana eta horrek ere lagundu du balantza beltzen alde jaustera. «Gernikan errebotera jokatu gabe zail da irabaztea», egin du autokritika Goitiak berak eta Basque-k onartu du «bikain» aritu direla arerioak.

Hala, urtarrilaren 15ean jokatuko A multzoko azken partida eta bertan banatuko da finalerdietarako bigarren txartela. Ikuskizuna ziurtatuta dago, partidaro bezala.