NAIZ

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek gutunak idatzi dizkiete euskal presoei

Ohitura bilakatzeko bidean da euskal presoei hurbiltasuna adierazteko xedez Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Eguberri garaian martxan ematen duten elkartasun ekintza. Baionako Postatik gutun bana igorri diote euskal preso bakoitzari.

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek opor garaia baliatu dute, heldu den urtarrilaren 13an Bilbon iraganen den mobilizazioari begira, elkartasun ekimena gauzatzeko.

Ohitura bilakatzeko bidean da euskal presoei hurbiltasuna adierazteko xedez kurtso batetik bestera ikasleek errepikatzen duten gutun bidalketa.

Euskal presoei gutunak idazten hasi zirenean urrunketaren politika oraindik ere indarrean zegoen. Are gehiago, Lapurdiko hiru presok 30 urteko kartzelaldiaren langa gainditu berria zuten.

Geroztik, Unai Parot noiz askatuko duten zain, ‘Argala komandoko’ beste hiru kide –Ion Kepa Parot, Jakes Esnal eta Xistor Haranburu– baldintzapeko askatasuna eskuratu ostean, etxean daude.

Bestalde, urrunketaren aroa amaitu da, nahiz eta oraindik ere salbuspen politikak aplikatzen zaizkie euskal presoei.

Horrendako, elkartasunari hauspo berria eman nahian, Etxepare lizeoko ikasleek, abenduaren 29an, presondegietara gutunen bidalketari ekin zioten Lapurdiko hiriburutik.

Baiona erdiguneko posta bulegoaren aitzinean batu ziren gutun bidalketa kolektiboa burutzeko.

Ekimenaren helburua bikoitza da. Alde batetik, presoei belaunaldi berrien eskutik elkartasun mezua bidaltzea eta, bestetik, gatazkak utzitako ondorioei erantzuteko premiari, eta presoak etxeratzeko aldarrikapenari, «ikusgarritasuna ematea».

«Gabonak ez dira data errezenak lau pareta artean igarotzeko jakinez etxean zure zain daudela», nabarmendu dute ekintzaileek.

Era berean, «denak etxean eta aske izan arte» mobilizatzen jarraitzeko asmoa plazaratu dute gazteek.

Engaiamendu zehatza hartu dute Seaskak Baionan duen lizeoan ikasten duten gazteek. Hala, gutunen bidalketarekin batera urtarrilaren 13an Bilbon Sarek deitu duen manifestaziora joateko autobus bat antolatu dutela jakitera eman dute.