Hainbat erakunde sozial, ekologista eta sindikalek deituta, ehun pertsona inguru bildu dira astearte honetan Metro Bilbaoren egoitzaren aurrean, urtarrilaren 14tik aurrera Bizkaiko garraio publikoan izandako deskontu gehienen amaituko direla salatzeko.
Pedro Sanchez buru duen Gobernuak garraio publikoko deskontuen luzapena iragarri zuen joan den astean. Dekretu horren arabera, Estatuak %30eko deskontua finantzatzen du administrazio autonomikoek eta toki-administrazioek beste %20 finantzatzen badute. Horrela izan da azken urte honetan.
Baina oraingoan, EAJ eta PSEk gobernatzen dituzten EAEko administrazio publikoek beherapenak gehienak ez luzatzea erabaki dute. Horrela, urtarrilaren 14tik aurrera hileko abonuek bakarrik izango dituzte deskontuak.
Adibidez, Bilboko metroan, Abandoko geltokitik Plentziarako metro-bidaia egungo 62 zentimotik 1,23 eurora igaroko da; Abandotik Portugaletera, 57 zentimotik 1,13 eurora; Boluetatik San Inaziora, 48 zentimotik 96 zentimora. Bizkaibusen eta Bilbobusen antzeko igoerak izango dira.
Honek «langile klasearentzako zama handiago bat» suposatuko duela salatu dute astearte honetako elkarretaratzean.
Gainera, trantsizio ekologikoaren aurkako neurria dela nabarmendu dute, «honek garraio publikoaren erabilera murriztea eragingo duelako».
Ildo horretan, salatu dute Bizkaiko Aldundiak 450 milioi euro gastatuko dituela itsasadarraren azpitik Getxo eta Portugalete lotuko duen autobia berri batean. «Argi ikusten dugu zelan Bizkaiko Diputazioak garraio publikoaren aurka egiten duen eta kotxe pribatuaren alde», esan dute. Izan ere, Aldundiak berak onartu zuen autobia berri honekin autoaren erabilerak %33 egingo duela gora.