NAIZ

Bost hegazkin ezin izan dira Loiuko aireportuan lurreratu haizetearen ondorioz

Hego eta hego-mendebaldeko haize bolada gogorrak izaten ari dira astearte honetan Euskal Herrian. Trapagaranen (126 km/h) eta Karrantzan (124 km/h) erregistratu dira altuenak, eta Ezkerraldean suhiltzaileek irteera ugari egin behar izan dituzte.

Trapagaranen haizeak kamioi baten atoia irauli du.
Trapagaranen haizeak kamioi baten atoia irauli du. (Bizkaiko suhiltzaileak)

Bost hegazkin ezin izan dira Loiuko aireportuan lurreratu azken orduetan hego/hego-mendebaldeko haize bolada indartsuen ondorioz, eta beste aireportu batzuetara desbideratu behar izan dituzte.

Aena erakundeak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, 10:30etik 13:30etara, Bartzelonako hegaldi bat (jatorriko aireportutra itzuli da), Erromatik eta Malagatik zetorren hegaldi bana eta Madrildik zetozen beste bi desbideratu dituzte. Malagakoa zein Madrilgoak Barajaseko aireportura itzuli dira eta Erromako hegaldiak Zaragozan hartu du lur. Aitzitik, Munichetik eta Paristik zetozen hegaldi bana lurreratu dira.

Irteeretan, momentuz, ez da arazorik egon.

Haize bolada indartsuak izaten ari dira astearte honetan Euskal Herrian, Trapagaranen (126 km/h), Karrantzan (124 km/h), Bermeon (117 km/h) eta Gasteizko Zaldiaranen (105 km/h) erregistratutako datuak nabarmenduz.

Horrelako haize boladak izan ohi ez dituzten eremuetan ere ufada gogorrak izan dira. Besteak beste, 97 km/h-ko abiadura jaso da Galdindoko neurketa puntuan, Sestaon. Lakuako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du haizeagatik astearte honetan, 06:00etatik 18:00ak arte.

Lan ugari suhiltzaileentzat

Bizkaiko suhiltzaileek hamaika irteera egin dituzte astearte honetako goizeko lehen orduetan, haize bolada bortitzek eragindako gorabeheren ondorioz, batez ere Ezkerraldean. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, suhiltzaileek haizearekin lotutako hamaika irteera egin dituzte 08:00etatik 11:30era.

Arreta eman behar izan zaien gorabeherak, batez ere eraikuntzen saneamenduekin lotutakoak, Ezkerraldeko udalerrietan izan dira batez ere.

Nafarroan, era berean, hegoaldeko haize bizia dabil, bolada gogorrekin, eta boladak oso gogorrak izango dira Pirinioetako goialdeetan.