Orain arteko Binakakoaren erritmoa ezarri duten Jon Mariezkurrena eta Jose Javier Zabaletaren aurkarko partidak aukeratu dituzte Aitor Arangurenek eta Xabi Tolosak euren buruak aldarrikatu ezarritako jerarkiari matxinatzeko, baina ez batak ez besteak ez dute izan sailkapeneko bi lehen postuetan diren bikoteei irabazteko beharrezkoa den euren aurrelarien laguntzarik. Laso eta Ezkurdia ohikoa duten mailan balira, ziur sailkapena oso bestelakoa litzatekeela, baina arrazoi desberdinegatik, arbizuarra eta Bizkarreta-Gerendaingoa ez dira euren onenean eta bikoteek asko antzematen dute.
Ez dakigu Anoetatik Errege Magoak pasako diren, baina Xabi Tolosak Beotibarren egindako lan bikaina saririk gabe utzi dute Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabalateren sendotasunak. Aspaldiko partidarik onena jokatu du atzelari gipuzkoarrak, Jose Javier Zabaleta handi bati –oroimenean gordetzeko bizpahiru pilotakada utzi ditu etxarrendarrak, pilota errebotean hiltzera bidalita– eutsi eta tarteka bizkarra erakutsiz ere bai, baina ez du parean izan duten bikote handia gainditzeko behar besteko laguntzarik jaso Joseba Ezkurdiarengatik. Saiatu saiatu da arbizuarra, tarteka postura oso behartuetatik sartu behar izan du, baina batzuetan zorteak eta beste batzuetan ispirazioak ihes egin diote eta bikote nafarra garaitzeko gaur bietatik behar zuten, eta ez gutxi gainera.
Izan ere, urtezahar eguneko porrotak eragina edo, Peio Etxeberriak erasoan oldarkor eta asko asmatuta ekin dio lehiari. Bikote bezala orain arte gutxitan bezala hartu dute elkar, etxarrendarra pilota astinduz eta ultzamarra gantxoz mina egiten. Lehen atsedenaldi luzerako partida ondo bideratua heldu da boikote nafarra (12-5) eta ordurako zazpi ziren Etxeberriak amaitutako tantoak. Beste aldean, Tolosak alerik galdu ez, baina Ezkurdiak bere adiskide minak izandako eraginkortasunaren arrastorik gabe.
Bigarren atsedenaldira ere, urdinak partida nahiko kontrolpean zutela heldu dira (18-10), nahiz eta ordurako lehia aldatzen hasia zen. Aurkariak jokatzen ari zirena ikusita, Tolosari partida luze egingo zitzaiola zirudien arren, azken txanpan nabarmen egin du gora anoetarrak. Atzeko koadroetan indarrak asko orekatu dira eta tarteka piloteoaren ekimenaz ere jabetu da, denera hiru tanto ere eskuratuz.
Tolosaren unerik onenak
Egoera berri honetan, Peio Etxeberriak ere ez du lehen erdian bezainbeste aukerarik izan erasoan aritzeko eta nahikoa izan da Ezkurdiak erasoan jokaldi on pare bat egitea markagailua 18-15 orekatzeko. Horiexek izan dira gorrien unerik onenak, Beotibarreko zaleak ere nabarmen jarri dira «ahulenen alde» eta Peio Etxeberria-Zabaletari igandeko mamuak berpiztu zaizkie zenbait unez.
Baina ez dira bigarren aldiz harri berean erori, Peio Etxeberriak gantxo eder batez eten du gorrien bolada, Xabi Tolosak ere 15-20koan galdu du partida osoko pilota bakarra goiko koltxoira botata eta hor amaitu dira Ezkurdia-Tolosaren esperantzak.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Tolosa: 15
Peio Etxeberria-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 478. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 0-3,1-3,1-5,3-5,3-7,4-7, 4-11,5-11,5-12,8-12,8-16, 10-16, 10-18, 15-18, 15-22. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 2 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 6 Ezkudiak, 3 Tolosak, 11 Peio Etxeberriak eta 2 Zabaletak. Galdutakoak: 6 Ezkudiak, 1 Tolosak, 3 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, 930 pilotazale, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Gauzak estu Zornotzan
Partida dezente estuagoa izan da Zornotzakoa, are gehiago, Laso-Aranguren aurretik heldu dira lehen atsedenaldi luzera (12-9), baina partidak Beotibarrekoaren antza dezente izan du orokorrean. Kasu honetan, Aitor Arangurenek sekulako defentsarako dohainak erakutsi ditu, ezinezko zenbait pilota frontisera ekarriz, baina hemen ere Jon Mariezkurrenak ez du pazientziarik galdu, eman eta eman bere lana txukun egiten jarraitu du eta azkenerako partida euren aldera ekartzea lortu dute Berriozarrekoak eta Erik Jakak.
Zornotzakoa ez da aurrelarien luzimendurako pilotalekua, biek utzi dituzte ale ederrak, baina galdu ere dezente egin dituzte bai batak eta baita besteak ere. Bere egunik onena izan ez duen arren, azkenerako Erik Jaka Unai Laso baino eraginkorrago aritu da, nafarra justu antzean heldu da partidaren amaierara eta hor aldegin die, hein handi batean, partidak urdinei.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Mariezkurrena: 22
Laso-Aranguren: 19
Pilotakadak: 520. Iraupena: 67,09 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-7, 8-7, 8-8, 9-8, 9-12, 10-12, 10-13, 16-13, 16-14, 17-14, 17-16, 18-16, 18-17, 21-17, 21-19 y 22-19. Sakeak 1 Jakak eta 1 Lasok. Egindakoak: 12 Jakak, 2 Mariezkurrenak, 6 Lasok eta 1 Arangurenek. Galdutakoak 7 Jakak, 4 Mariezkurrenak, 6 Lasok eta 2 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera polita Zornotzako udal pilotalekuan jokatutako jaialdian.