Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

60ko hamarkadako Altzako etxe batera bisita, objektuen bitartez

Altzako etxeetan 60ko hamarkadan topa zitezkeen objektuen bilduma da Ganbara, Altzako Historia Mintegiak ia 22 urtez egindako lanaren emaitza. 570 objektu dira, garai baten eta komunitate baten kronika osatzen dutenak. Orain bilduma hori Aranzadiren esku utzi dute.

Maite Errarte, Aranzadiko Etnografia saileko ikertzailea. Bildumaren katalogoan parte hartu du.
Maite Errarte, Aranzadiko Etnografia saileko ikertzailea. Bildumaren katalogoan parte hartu du. (Gorka RUBIO | FOKU)

Objektuek hizketan egiten dute, gauza asko kontatzen dituzte pertsonei eta komunitateei buruz. Zer esanik ez etxeko objektuek, norbere lekua den txoko horretan pilatzen direnek. Trasteak, lehen begiratuan; emozio-eramaileak, bigarrenean.

Altzako Historia Mintegiak hamarkadak daramatza auzoaren memoria historikoa biltzen, hautsa kentzen, zabaltzen, txukun jasotzen. Eta bilketa ariketa horretan garrantzia berezia eman die objektuei. Bertako kideen hitzetan, «gizakia sinbolo sortzaile eta objektu-egilea da. Duten funtzioaz eta merkantzia gisa duten balioaz haratago doaz: nola eskuratu diren, non, zein momentutan, noren bitartez... Objektuak emozio-eramaileak dira, baita esanahien eramaileak ere, eta norberaren bizipenekin lotzen dira. Gainera, objektu horiek etxeko bizitzari lotuak baldin badaude, sinbolismo hori areagotu egiten da. Objektuak, hortaz, oroimenari eta oroitzapenari lotuak daude, gogorarazteko ahalmena dute eta oroimenean dugun iraganaren irudia sortzen dute. Horregatik, norberaren nortasuna definitzen laguntzen dute, baina baita komunitatearena ere. Horregatik da garrantzitsua Ganbara Bilduma».

Hain justu, 1986an sortu zenetik, Altzako Historia Mintegiak objektuak bildu ditu, auzoko etxeetan jasotako piezak. 1997tik aurrera, proiektuak forma hartu zuen, objektuak bildu, sailkatu, ordenatu eta ezagutaraziz. Hamarkadetan egindako lanaren fruitua oparoa da: Ganbara Bilduma. 1950 eta 1970 urteen artean Altzako etxeetan aurki zitezkeen etxeko objektuen multzoa da. Mota askotako objektuz osatutako bilduma da: produktu industrialak, sukaldeko tresnak, jostailuak, apaingarriak, objektu erlijiosoak... Guztira 570 pieza, balio eta interes etnografiko handiko lana, 60ko hamarkadako Altza nolakoa zen eta altzatarrak nola bizi ziren kontatzen duena. Objektu gehienak dohaintzan jasotakoak dira eta beste batzuk erosi egin dituzte; bigarren eskuko dendetan, azoketan, Emausen, txatartegietan...

Bildumaren inguruko zenbait erakusketa antolatu ondoren, Altzako Historia Mintegiak lan horren etorkizunaren inguruko gogoeta abiatu zuen 2022. urtean. Azkenean, lana Aranzadiren esku uztea erabaki dute. Hartara, bi eragileek elkarlanean atondu dute bildumaren inguruko katalogoa eta aurrerantzean piezak Aranzadiko biltegian egongo dira.

Pisu industriala

Ganbara Bildumak 1950 eta 1970 urteen bitartean, Altza “Distrito Alza-Buenavista” izan zen garaian, bertako etxe batek gordeko lukeen kultura materialaren errepresentazio bat izan nahi du. Hartara, bilduma honetako objektuak Altzari garrantzia eman dioten tradizio urbanoaren eta pisu industrialaren isla dira.

XIX. mendera arte, Altza landa-eremu handi eta burujabe bat izan zen. Herria nahiko sakabanatuta zegoen, baserri eta landagunez osatuta. Herriaren bizi iraupena nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen zen. Hala ere, XIX. mende erdialdean eta XX. mende hasiera bitartean, lehen industrializazio prozesuekin batera, gutxinaka herrian eraldaketa bat ematen hasi zen, lehen industria eta fabrikak bertan kokatzen hasi zirelako, hiri inguru bat bilakatzeraino. Horregatik, XX. mende hasieran Altzan lan egiten zuen langileriaren gehiengoa industria eta zerbitzu arloetan aritzen zen.

Ganbara Bilduman Altzako etxe batean 60ko hamarkadan aurki zitezkeen objektuen aukeraketa bat ageri da. Orduko gizartearen eta bizi zituen aldaketen inguruko ideia bat egiteko baliagarriak dira. Katalogoan piezak atal desberdinetan banatu dituzte; sukaldeko tresnak, garbitasunekoak, osasuna eta ongizatearen ingurukoak, ikus-entzunezkoak, jostailuak, material didaktikoak, sinesmenak, dekorazioa, elektrizitatea... Piezetan barrena, 60ko hamarkadako Altzako etxe bat bisita daiteke, bertako bizimoduak eta emozioak berpiztuz.

Sukaldeko tresnak

XX. mende erdialdera arte, etxeetan egurrezko sukalde tradizionala zen nagusi. Sukaldeko tresnak ere nahiko sinpleak ziren. 60ko hamarkadatik aurrera, berrikuntzak etorri ziren eta Altzako etxeetan ere sumatu ziren aldaketak. Sintasol delakoarekin egindako zolak, Formika estiloko edo zuriz margotutako egurrezko armairuak, sukaldeko tresna guztiak bertan gordetzeko. Janaria prestatzeko aluminiozko bateriak erabiltzen hasi ziren eta etxetresna elektrikoak eta eltze espresa orokortzen hasi ziren. Izotz-hozkailuak ordezkatu zituzten hozkailu elektrikoak aldaketa nabarmenak ekarri zituen elikadura-ohituretan. Elikagaiak gordetzeko ontziak plastikozkoak edo aluminiozkoak izaten hasi ziren.

Etxe gehienetan bi baxera izaten ziren: egunerokoan erabiltzen zena eta ezkontza-opari gisa eman ohi zen jaiegunetakoa. 60ko hamarkadaren hasieran, Duralex markako beirazko baxera egunero erabiltzen hasi ziren, Frantziatik inportatua, eta haren prezio baxuak eta erresistentziak arrakasta handia izan zuen denbora gutxian.

Irabiagailua, errotatxoa, lata-irekigailua edo zukugailua bezalako tresneria oso antzinakoa da, baina garai honetan tresna horiek berak diseinu berriekin agertzen dira. Diseinu industrial berrien eragina igarri zen gailu elektrikoetan, maneiatzeko eta garbitzeko errazak ziren tresnak iritsi ziren sukaldeetara. Tresna berriak ere agertu ziren: fideoak egiteko tresna elektrikoak, ogi-txigorgailuak eta jogurtak egiteko makinak, adibidez.

Azken batean, industriak betiko tresnak nahiz asmakuntza berriak prezio onean diseinatzeko eta fabrikatzeko aukera ekarri zuen, eta horrek asko erraztu zituen sukaldeko zereginak.

Etxeko garbiketarekin lotutako gailuak ere biltzen ditu Ganbara Bildumak, Otsein markako arropa garbigailu bat, esaterako. Garbigailu automatikoak 1960ko hamarkadan hasi ziren nagusitzen, ordura arte arropa eskuz garbitzen zen. Arropa eskuz garbitzeko taula bat ere badago bilduman. Garai desberdinen arteko elkarbizitza hori islatzen du lan etnografikoak.

Konfortaren kontzeptua oso apurka sartu zen 60ko hamarkadan orokortu ziren langileen pisu eta etxeetan. Berogailuak, haizagailuak... eta betiko poltsa-beroa. Objektu horiek kontatzen dute ahalik erosoen bizitzea maite zutela altzatarrek 60ko hamarkadan.

Higienea eta osasuna

XX. mendearen erdialdean, urik gabeko etxe asko zeuden. Janaria prestatzeko eta garbitzeko erabiltzen zen ura, bai iturritik ekarritakoa bai etxean jasotakoa, batez ere baldeetan eta burdin esmaltatuko pitxer zurietan gordetzen zen. Horrelako pitxerrak badira bilduman.

Egoera sozioekonomikoa hobetu ahala, etxe berrienetan bainugela jartzen hasi ziren, eta horrek asko eragin zuen higiene pertsonalean. Bide horretatik ugaritu ziren etxetresna elektrikoak; bizarra mozteko prozesua aldatu zen, ile lehorgailu elektrikoak azaldu ziren... Edertasunaren alorrean, kosmetikoak orokortuz joan ziren eta azal beltzarana izatearen modarekin beltzarantzeko produktuak sortu ziren: eguzki-lanpara dugu horren adibide. Horrelako bat jaso dute Altzako etxeetan.

Ikus-entzunezko gailuak

Ikus-entzunezkoen garapena garbi ikus daiteke etxeetan, gaur bezala atzo. Horretatik ere badauka Ganbara Bildumak. 50eko amaieran eta 60ko hamarkadaren hasieran, industria elektronikoak merkatua irauli zuen: irrati transistore deiturikoak agertu ziren. Pilekin funtzionatzen zuten irrati-aparatu txiki eramangarriak ziren. Musika biniloetan komertzializatzen zen eta, horrekin batera, disko-jogailuak agertu ziren, horiek ere eramangarriak izan zitezkeen. Garapen teknologikoak jada pil-pilean zeudenean, Philips enpresak musika-grabagailu eta erreproduzitzaile bat merkaturatu zuen: magnetofoniko izena hartu zuen aparatu honek, eta zinta magnetikoko kartutxo edo kasete batzuekin erabiltzen zen. Txikia eta trinkoa zen eta ahotsa grabatu eta musika kopiatzen zuen.

Garai honetan telebista ere orokortu zen, zuri-beltzean. Argazkigintzaren munduan, etxeetan oso kamera gutxi zeuden. Ugarienak Brownie motako sinpleenak ziren, zuri-beltzeko argazkiak egiten zituztenak. Negatibo konbentzionalen kamerak ere etorri ziren geroago, lehenik argazkiak zuri-beltzean eta ondoren koloreetan egiten zituztenak.

Telefonoari dagokionez, 50eko hamarkadakoek disko birakari bat zeramaten zenbakiak markatzeko, eta bakelita beltzez eginak zeuden normalean.

Garai honetan ikus-entzunezkoen teknologiaren garapen garrantzitsua gertatu zen, familiak aisialdirako eta komunikaziorako gero eta gailu modernoagoak lortzen hasi ziren. Hala ere, etxe guztietan ez zegoen gailu horiek lortzeko nahikoa baliabiderik.

Ur-berogailuak

60ko hamarkadatik aurrera etxeetan hobekuntza eta instalazio berriak jartzen hasi ziren. Pisuetan gero eta erosotasun gehiago zeuden, eguneroko zereginak erraztu eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen zutenak.

Ura etxeetara iritsi zenean, honekin erlazionaturiko instalazio eta gailu berriak agertu ziren, hala nola gasarekin funtzionatzen zuten ur-berogailuak.

Uraren erabilerak ur-kontagailuen beharra ere ekarri zuen. Ur-kontagailuek kontsumitutako ura zenbatzeko balio zuten eta, bere diseinua guztiz funtzionala bazen ere, estetika zaindua zuten garai hartan. Letoi urtuz osatzen ziren, zuriz margotutako esferarekin, orratz ugarirekin eta estalki batekin.

Ur-kontagailuetan TAJO markakoa ageri da Ganbara Bilduman. Hainbat hamarkadatan etxe askotan topa zitekeen horrelako bat. Hasieran Altzan egiten ziren eta gero Errenteriara lekualdatu ziren.

Hain justu hori da Ganbara Bildumak bistaratu duen ezaugarrietako bat, duela hamarkada batzuk ohikoagoa zela etxetik gertuko enpresetan ekoitzitako objektuak erostea.

Bilduman topa daitezke, adibidez, EGSA markako ontziak; Esmaltería Guipuzcoana S.A. enpresak eginak. 1925ean sortu zen Errenterian. Enpresa honek txapazko kazola eta eltze oso arinak fabrikatu zituen. Klase aberatsagoek erabiltzen zituzten loza, portzelana edo zilar jokoen bertsio merkeago eta gogorragoa ziren txapa esmaltatuko objektu hauek. Cervezas el Leon markako botilak ere badira, Donostian egiten zirenak. Otsein markako garbigailu bat ere badago, enpresa gipuzkoarra.

Aranzadiko Etnografia Saileko ikertzaile Maite Errarte eta Suberri Matelo aritu dira Ganbara Bilduma atontzen eta biltegian jasotzen. Objektuek memoria historikoa eraikitzeko duten gaitasuna aldarrikatu beharra dagoela uste du Errartek. «Esanguratsua da Altzako Historia Mintegia bezalako elkarte batek horrelako bilduma bat egitea. Herrigintza ariketa bat. Bilketa honekin egin dutena ez da soilik objektuak biltzea, beren herria aldarrikatzeko, memoria ez galtzen uzteko eta herritarrak sentsibilizatzeko modu bat da. Bestela objektu horietako asko galdu egingo lirateke».

Ganbara Bildumak, aurretik esan bezala, 60ko hamarkadan Altzako edozein etxetan topa zitezkeen objektuak biltzen ditu, «agian 40ko hamarkadakoak ere baziren. Bere garaian gauzak gehiago baliatzen ziren eta denbora luzeagoz erabiltzen ziren». Horregatik, garai horretan Altzako etxe batean topa zitekeen arropa eskuz garbitzeko taula bat eta, era berean, azala beltzaran jartzeko lanpara bat. «Kontraste hori jasotzen du bildumak. Bi mundu horien arteko sinergia, nekazaritza mundua eta etorri berria zen mundu industrial hori», azaldu du Errartek.

Kutsu erlijiosoko objektuak ere badira bilduman, 60ko hamarkadan erlijioak presentzia zuelako etxe askotan. «Frankismo garaian zen eta nahitaezkoa zen etxeetan Jesu Kristoren koadroren bat, gurutzeren bat, arrosarioren bat egotea». Finean, objektuek garai bat kontatzen dutelako.

Aranzadiko biltegian dago Altzako Ganbara Bilduma, nahi duenak kontsultatzeko moduan.