Ez dago Surne Bilbao Basket mesede asko egiteko moduan, baina igande eguerdiko 12.30etan Baxi Manresari irabaziko balio, mesede galanta egingo lioke ez bakarrik bere buruari, baita Saski Baskoniari ere.
«Talde guztiak aurrerapauso bat eman dezala behar dugu», adierazi du bere asteroko prentsaren aurreko agerraldian Jaume Ponsarnau entrenatzaileak. Bilbotarrek egoera sailkapen nagusian ez da inondik ere larria, sei garaipen lortuta, sailkapeneko hamalaugarren postuan daude uneotan, azkenurrena doan Breoganek baino bi garaipen gehiagorekin, Granada eta Andorrak baino partida bat gehiago irabazita eta Obradoirorekin berdinduta. Hala ere, Palentziaren aurka galduta egindako hanka-sartzeak min handia eman du beltzezko gizonen artean eta horri buelta emateko ez dago garaipena lortzea baino gauza hoberik.
«Palentzian 20-2 galtzen hasi ginen eta horrek benetan min eman zigun. Aurkariak gure inspirazio iturriak moztea lortzen badu, kosta egiten zaigu horri buelta eman eta beste bide batetik bilatzea garaipena. Nortasun kontua izan da, tarteka nortasun falta nozitu baitugu», onartu du Tarregako entrenatzaileak.
Zentzu horretan, Adam Smith saskira jartitzeko beldurrez ikustea adierazgarria izan zen. Eskolta iparramerikarra jaurtitzaile bikaina da eta iaz, esaterako, ez ohi zuen beldurrik izaten saskira egoera zailenetan ere begiratzeko, baina aspaldion ez dabil joko onegian eta Palentzian tarteka erantzukizun horri ihesi bezala aritu zen.
Izenik eman gabe eta erantzukizunik inoren lepo gainean ezarri nahi gabe, Jaume Ponsarnauk talde guztira hedatu du «nortasun falta» hori. «Talde osoak aurrerapauso bat emateko ordua da. Kide bakoitzak aurkitu behar du taldeari laguntzeko moduren bat, jokoaren alderdi batekin ez bada, besteren batekin, ACB Liga guztian hobekien landutako aurkaria izango dugulako aurrez aurre», ohartarazi du.
Kopa helburu
Manresarekin bi gauza gertatu ohi dira: urte oparo baten ostean, hainbat jokalari galtzen ditu, fitxaketek ez dute emaitza onik ekartzen eta, hala, mailari eusteko nahiko lan izaten du. Bestela, jokalari asko aldatuta ere, fitxaketekin asmatu egiten dute eta ezustean sekulako maila emanda Koparako edo ACB Ligako play-offetarako sailkatzen dira, eta ligako gainontzeko talde handiak jokalari azpimarragarrienak nola kenduko hausnartzen hasten dira.
Duela bi urte bezala, aurten ere Manresa lehiaketako sorpresetako bat da. Beti ere Pedro Martinez entrenatzaile katalanaren eskutik eta hain ezagunak ez diren ligetako jokalarien aldeko apostua eginda, joko alaia eta ezusteko maila ematen du eta, hala, ACB Ligako fase Erregularreko azken jardunaldia jokatu behar den honetan, Koparako sailkatzeko puntuan dago. Saski Baskoniarekin berdinduta dago, 9-7 balantzearekin.
Miribillan irabazten badu, aurreneko itzulia ligako zortzi onenen artean amaituko du, bestelako emaitzen zain geratu beharrik gabe. Galduz gero, berriz, average orokorrari begiratu behar. Hau da, uneotan 1.373 puntu sartu ditu Pedro Martinezen taldeak eta 1.358 jaso; hau da, +15ekoa da bere puntu aldea. Aldiz, gasteiztarren puntu aldea -4koa da. Alegia, uneotan 19 puntuko aldea daukala Manresak Baskoniarekiko.
Ondorioz, Bilbao Basketek Manresarekikoak egingo balitu, mesede galanta Baskoniarentzat, Real Madrili gailentzea nahikoa izango lukeelako. Manresak, aldiz, Baskoniak galtzea beharko luke batetik eta bestetik, 19 puntuko langa hori izango luke azken babesleku zortzi onenen artean sailkatzeko. Adibidez, Bilbao Basketek 21 puntuko aldeaz irabaziz gero, gasteiztarrek puntu bakarragatik galtzerik izango lukete Real Madrilen aurka igande arratsaldean.