NAIZ

Justizia eskatu dute Parisen 2013an tiroz hil zituzten hiru militante kurduentzat

Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez militante kurduak gogoratzeko manifestazioak milaka pertsona elkartu ditu Parisen, tiroz hil zituzteneko hamaikagarren urtemugan.

Milaka pertsona elkartu dira tiroz hil zituzten hiru militante kurduak gogoratzeko.
Milaka pertsona elkartu dira tiroz hil zituzten hiru militante kurduak gogoratzeko. (Dimitar DILKOFF | AFP)

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Parisen, 2013an tiroz hil zituzten Sakine Cansiz, Fidan Dogan eta Leyla Saylemez militante kurduak gogoratu eta justizia egin dadila aldarrikatzeko.

PKK Kurdistango Langileen Alderdiko bandera gorriekin edo hiru militanteen irudiak zeuzkaten oihal moreak aireratuta, Gare du Nord geltokitik abiatu (bertatik gertu hil baitzituzten) eta Errepublika plazara arteko bidea egin dute manifestariek.

‘Justizia eta egia’ edota ‘Hamaika urte igaro dira eta oraindik justiziarik gabe’ bezalako leloak errepikatu dituzte protestan parte hartu duten lagunek, beste hainbat kantu eta aldarriren artean.

Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsona baino gehiago elkartu dira manifestazioan, tartean Hexagonoko toki desberdinetatik, Belgikatik, Herbehereetatik, Suitzatik edota Alemaniatik iritsitakoak.

«Frantziak kurduei justizia egin behar die, ez delako normala: hiltzailea ezaguna da, babesleak ezagunak dira», esan du Berivan Firat Kontseilu Demokratiko Kurduko bozeramaileak.

«Europak kurduen aldeko politika izan beharko luke, ezin dira krimen horiek zigorrik gabe utzi», nabarmendu du Belgikatik heldutako manifestari batek.

Urteak igaro badira ere, «terrorismoaren aurkako» instrukzio epaile frantsesek oraindik konplizeen bila jarraitzen du, ustezko hiltzailea espetxean zendu baitzen.

2013ko bizipen gogor horiek 2022ko abenduan berpiztu ziren Parisko komunitate kurduarentzat, arrazakeriagatiko aurrekariak zituen gizon batek hiru kurdu hil baitzituen tiroz.