Real Madril izango du aurkari Saski Baskoniak igande honetan 18.30etan, eta Koparako txartela jokoan jarriko du talde gasteiztarrak. Hori bai, saskibaloiko aste ero honi amaiera emateko, asterik eroena izan duten bi talde elkartzea bezalakorik ez dago.
Izan ere, gasteiztarrek Euroligako astea atzetik aurrera joanda lorturiko garaipen batekin eta aurretik atzera jasandako porrot batekin itxi du astea. Gogoan izan behar da Dusko Ivanovicenak 31-48 galtzen izan zirela Panathinaikosen aurka Buesa Arenan, azkenean Codi Miller-McIntyre eta Chima Monekeren bitartez 75-73 gailentzeko. Tamalez, arabarrek odolkiak ordainetan 48 orduren buruan jaso zituzten: 62-73 irabazten ari ziren Palau Blaugranan Bartzelonaren aurka azken laurdenaren erdialdera, eta Joel Parra eta Jan Veselyren lan apartak Baskonia 89-85 gailendu zuen.
Baina eromenik izan baldin bada asteon Euroligan, hori Real Madrilen kasuan gertatu da. Asteazkenean kontrolpean zuen partida galdu zuten talde madrildarrak, 83-78, Barçaren aurka, Euroligako bigarren porrota jasanda. 48 orduren buruan, ordea, Anadolu Efesen aurka neurketa historikoa eraman zuten Chus Mateorenek. Orotara Lau (!!!!) luzapen izan zituen partida eraman zuten madrildarrek Istanbulgo taldea 130-126 gailentzeko, Dzanan Musa bosniarraren 40 puntuei eta Mario Hezonja kroaziarraren 31 puntu eta 12 erreboteak batuta, Facundo Campazzoren 25 puntu eta 11 asistentziak ahantzi gabe.
Aipatu hiru jokalariek, eta baita Edy Tavares erraldoiak ere, 46 minutu edo gehiago jokatu zituzten orotara hiru ordu iraun zuen neurketa erabakitzeko, Euroligaren historian lehenengo aldiz lau luzapenetara iritsi zen dema, hain justu. Horiek hala, ezin da inola ere jakin igande arratsaldean zer-nolako partida aurkituko duten Buesa Arenara hurbiltzen diren horiek. Kontuan izan behar da Rudy Fernandez, Carlos Alocen edo Gabriel Deck lako jokalariek ez zutela jokatu ostiralean eta aukera izan dezakete igande arratsaldean. Are, Sergio Rodriguez, Poirier, Abalde edo Yabuselek oso gutxi jokatu zuten. Ez dago, ez, errekurtso faltan Chus Mateoren taldea.
Nolanahi, Baskoniak ia ziur irabazi beharra izango duela nahitaez. Larunbat gauean Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek Joventuten aurka galdu izan balu Koparako lanak eginda izango zituzkeen, Badalonako taldeak oso puntu alde txarra daukalako pilatuta. Tamalez, Txus Vidorretarenek ez dute etxeko partida pasatzen laga eta aurreneko laurdenetik hasita, neurketa menpean izan dute. Are gehiago bigarren laurdenean 21-9ko partziala lortu eta gero. Azkenean, Shermadini, Huertas eta Fitipaldoren artean gidatu dute Tenerifekoen garaipen erraza: 90-70.
Izan ere, bederatzi garaipenekin jarri dira Txus Vidorretarenak eta garaipen honen ostean, puntu alde apartekoarekin jarri dira –jardunaldia jokatu aurretik, nahiz eta Baskoniak baino garaipen bat gutxiago pilatu, puntu alde orokor hobea zuten–. Bada, Bilbao Basketek igande eguerdian mesedea egingo balio Saski Baskoniari Manresaren aurka garaipena lortuta, a zer lasaitua hartuko luketen Dusko Ivanovicenek, baina Pedro Martinezen taldeak Miribillan bere etxeko lanak egingo balitu, orduan bai, Real Madrili irabaztea beste erremediorik ez luke izango talde gasteiztarrak otsaileko Malagako hitzorduan lekua egiteko.