Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Mikel Chillida
Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioko garapen arduraduna eta biloba

«Eduardo Chillidak lana, materia eta pertsonei zien errespetua nabarmenduko nuke»

Ehun urte beteko zituen asteazken honetan Eduardo Chillidak. Haren dimentsio artistikoaz eta berarekin etxe giroan gozatutako uneez ari da Mikel Chillida, sortzailearen biloba, elkarrizketa honetan.

Mikel Chillida, Zabalaga baserrrian.
Mikel Chillida, Zabalaga baserrrian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Ospakizun sorta anbiziotsua prestatu du mendeurrenaren karira Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Fundazioak. Senitartekoentzat ere berezia den ‘Haizearen orrazia’n bilduko dira gaur, eskulturagileak hain maitea zuen itsasoaren ondoan. Victoria Eugenia Antzokiak ere ekitaldi berezia hartuko du. 

Nola bizi dituzue egun hauek?

Emozio piloa datozkigu. Bizitzen ari garen momentua oso polita da. Aukera ematen digu aitonaren lana –aitona-amonena, hobe esan, biek elkarrekin lan egin baitzuten– orainera ekartzeko. Gure alboan dauden erakundeak, kulturgileak, jendea... denak batu dira mendeurrena ospatzean, eta ilusio handia egiten digu hori ikusteak. Erantzuna oso ona izaten ari da. Azken finean, aitonaren lana ez da gurea, denona da. Oso polita da denok horrela sentitzea.

Chillida gaur egunera ekartzea diozu. Estela Solana, Chillida Lekuko erakusketen arduradunak iaz egin genion elkarrizketan Eduardo Chillidaren figura modu zientifikoan ikertuko duten ahots berrien beharra adierazi zuen. Bat zatoz? Mendeurrenaren harira, eman duzue aurrerapausorik? 

Bai, iritzi berekoa naiz. Aurrera egiten ari gara bide honetan. Erakunde edo kultur eragile bakoitza bere prismatik egiten ari da aitonarenganako hurbilketa. Tabakalera, esate baterako, beste sorkuntza prozedura bat egiten ari da, Chillida oinarri duena. Musikaren arloan ere, Euskadiko Orkestraren enkarguz, ‘Chillida-Elogios’ konposizioa sortu du Antonio Lauzirikak. Irekita egon behar dugu ikuspuntu eta ikerketa berrietara.

Arlo akademikoan agian gehiago bultzatu behar? Fundazioak bere gain hartu beharreko zeregina da Chillida gaur egunera ekartzea?

Bai, hala da, gaurko begiekin begiratu behar zaio. Newtonek grabitatea aztertu zuen, baina orain aurrerago goaz eta grabitazio uhinez ari gara. Barry Barish Fisika Nobel sariak idatzi zuen, Chillida Lekun egin genuen ‘Gravedad Zero’ erakusketarako, aitonak beste hitz batzuen bidez adierazten zuela, baina grabitazioa baino aurreratuagoa zen kontzeptuaz ari zela. Asko esatea da; aitona ez baitzen teoriko fisikoa, baina bazeukan sentsibilitatea ondo begiratzeko. Ikuspuntu berria da, horren adibide dena.

Aitaren bitartez –Luis Chillida, fundazioaren zuzendaria–  gertutik biziko zenuen fundazioren jarduera. Noiz hasi zinen bertan lanean?  

Lehengusu denok betidanik bizi izan dugu zer-nolako garrantzia daukan aitona-amonek egiten zutenak. Baserrira etortzen ginen Chillida Leku izan aurretik, korrika egitera, baloiaz lagunekin jolastera... Garabi handiak izaten ziren bertan, bildumazaleak izango ziren. Berezia zen zerbait egiten ikusten genituen, balore handia zeukana. Eta nola lan egiten zuten, ze etika handia zeukaten aurrera eramateko. Familiako kide bakoitzak bereganatu du. Ikusi dugu ondo zaintzea merezi duela, berezia dela. Handitzen zara, ibilbide profesionala abiatzen duzu. Komunikazio agentzietan ari nintzen urte batzuetan, familiatik kanpo. Baina banekien noizbait bueltatu nahiko nuela. Unea iritsi zenean, familiarekin hitz egin nuen. Kontua ez da familiakoa izate hutsagatik hemen lan egin dezakegula, ondo egin behar da. Bestela bazterrera joan beharko duzu. 2014an hasi nintzen. Profesionala eta emozionala edo pertsona nahastu egiten dira. Emozioa sortzen du. Ardura handia ere bada, ez uste. Horregatik, konpromiso handia eduki behar dugu gauzak ondo egiteko eta ahal dugun guztia emateko lanean.

Proiektuak abian jartzea da zure zeregina?

Bai. Erakusketa antolatzeko jendearekin kontaktuak egiten hasten zara, adibidez. Jende ikaragarria ezagutzeko aukera ematen digu. Horrek beti aberasten gaitu. Aldi berean, aitonaren ondarea: materiala ez dena da inportantea, bere pentsamendua; bere etika, oso indartsua da. Eta hori zabaltzen laguntzea polita da.

Zer nabarmenduko zenuke artista bezala eta aitona bezala? Sendi handia zarete, zortzi seme-alaba izan zituzten. Nolakoa zen Eduardo Chillida etxe giroan?

27 biloba gara. Gehien gustatzen zitzaiona lan egitea eta familia zen. Nik esango nuke berdina zela lan arloan eta pertsonalean. Kuriositate handiko pertsona zen. Begirada zorrotza zuen, beti erne zegoen, ea zerbait ikusi edo sumatzen zuen. Ez zekien zer zen, baina bai zerbait gertatzen ari zela. Oso garrantzitsua izan zen bere lanerako. Horrez gain, trebezia teknikoa ere inportantea zen, baina ez oinarrizkoa.

Lanari, materiari eta pertsonei zien errespetua nabarmenduko nuke. Legazpira [Patricio Echeverria enpresara] lanera joaten zenean, hango langile bakoitza zen garrantzitsua berarentzat. Elkarrekiko errespetuz lan egitea oso garrantzitsua zen berarentzat, etika hori zeukan.

Taldea egiten zekien?

Bai, oso ondo. Bere indibidualtasunean, artea modu horretan ulertzen baitzuen, baina taldean oso ondo lan egiten zuen gero. Badago anekdota bat. Iritsi zen Legazpira egun batean. Beti ematen zien eskua langileei. Eta batek ez zion eman nahi izan, zikin zeukalako. «Langile baten eskua inoiz ez dago zikin» erantzun eta bostekoa eman zion.  
 
Bere arte ibilbidean erabakigarria izan zen Hernanin errementaria ezagutu eta haren eskutik burdina lantzeko beste modu bat deskubritzea.

Bai, Manuel Illarramendi zen. Parisen 1951n ibilbidea agortua ikusi zuen aitonak. Amatxik esan zion: «Nola bukatuta, oraindik ez zara hasi ere egin eta! Tira, segi...». Eta Euskal Herrira etorri ziren. Antzinako Greziako lanak maite zituen, eta Parisen egindako lehenengo eskulturak figuratiboak dira, nolabait hura dute oinarri. Hona itzuli zenean ikusi zuen, kanpora ez, barrura begira jarri behar zuela. Bere sustraiak hemen zituen eta barruan daukagunari begiratu behar zion. Parisen Mediterraneoko argi zuriari begira zegoen. Hemen, gure «Atlantikoko argi beltzari», berak zioen moduan. Burdina, sua, iluntasuna... aurkitu zituen Euskal Herrian. Hor bazegoen zerbait. Parisen ez zuen ikusi horrela landutako eskulturarik. Hor hasi zuen espazioarekin dialogoa. Ja ez da forma. Greziarrak harriari kenduz forma sortzen dute; hemen, muga lantzen duzu. Aitonak zioenez, gure eskalarengatik, aire librean gaudenean espazioa ez dugu ondo ulertzen.  Handi geratzen zaigu. Baina baserri honetan sartzean, «ze handia!» esaten duzu. Muga fisikoei esker, gure eskalara eramaten dugu, eta gai gara ulertzeko, sentitzeko... Haren eskulturan gauza bera gertatzen zaigu.

Burdina da muga oso zehatz lantzen duen materia. Eskultura egitean, ez duzu forma sortzen, barruko espazioa aktibatzen duzu. Badirudi bizirik dagoela, uler dezakegula. Bat-batean hori da eskultura. Sekulako pausoa izan zen.   

Obra publikoari berebiziko garrantzia eman zion.

Ez da eskultura nonbaiten jartzea; beste ezeren aurretik leku jakin bat dago, eta hor zer egin dezakezun pentsatu behar duzu. Eskultura publikoa egitea lekua sortzea da eta oso arkitektonikoa da. Gakoa hori da, gizakiaren eta naturaren arteko zubi lana egiten du eskulturak. Gure begien bidez zerbait berezia ikusten, galdetzen, sumatzen laguntzen du. Norabait iristeko atea da eskultura.

Benetan hor da eskultura herritarrena.

Parisen zegoenean, Aime Maeght galerista ezagutu zuen. Elkarri eskua emanez sinatu zuten lan harremana, inoiz ez zuten kontraturik egin. 50eko hamarkadatik 80kora elkarrekin aritu ziren. 1957an edizioak egin behar zituela esan zion. Moldea egin eta hortik erreprodukzioak egiten dira brontzean. Ez zion zentzurik ikusten. «Zer lortzen dut nire burua kopiatzen?», zioen. Galeristak, noski, dirua lortuko zuen. Horrez gain, bere esanetan, ez zuen nahikoa obra munduko museoetan erakusteko. Baina aitona ez zegoen ados. Amatxik esan zion: «Egin ezazu proba eta jakingo duzu zein den zure bidea». Bat egin zuen, sei eskultura hautatu zituzten eta lau edizio egin zituzten bakoitzetik. Parisko atelier batean jarri zituzten bata bestearen ondoan. «Pili, honek zapata denda dirudi», esan zion amatxiri. «Proba egin dut eta badakit ez dela nire bidea. Ez dut gehiago egingo». Galeristak ondo pentsatzeko eskatu zion. Hurrengo elkartu zirenean, hala esan zion Maeghti: «Eskultura asko gutxirentzat egin ordez, eskultura gutxi askorentzat egingo ditut. Eskulturak ez, jabeak erreproduzituko ditut». Pentsa, 1957an eskultura publikoaren kontzeptua ez zen existitzen. «Batena dena ia inorena ez da», idatzita utzi zuen bere hausnarketa. Eduardo Chillida ezaguna da munduan bere lan publikoarengatik.   

Zure bizitzan presentzia berezia izan duenik baduzu zuk?

‘Haizearen orrazia’ oso berezia da, jakina. Ez da eskultura, lekua da. Txikitatik joan gara bertara. Igandeetan aitona-amonen etxean bazkaldu ondoren, bertara jaisten ginen eta gure jolasa zen olatuak jotzen duen harrian eskuak jarri eta olatuak salto egin arte ez mugitzea. Ondoren korrika-korrika joatea, busti gabe. Noski, blai bukatzen genuen. Oso dibertigarria zen!

Maeghten bitartez nazioarteko artistak ezagutu zituen: Giacometti, Chagall, Braque, Calder, Miro, Tapies... Eta atzerrian lehenago egin zen ezagun, etxean baino.

Bai, 1958an Veneziako Arte Bienala irabazi zuen. Handik aurrera nazioartean artista ospetsua eta errespetatua izan zen. Lan asko egin zuen. Hemen gehiago kostatu zitzaion; lehenengo erakusketan 1992an egin zuen Miramar Jauregian. Askotan horixe gertatzen da.

Horretaz hausnarketarik egiten al zuen?

Ez zion askorik begiratzen errekonozimendu kontuei, ez zuen falta izan. Bai, gustukoa zuen bere lana bereganatzea jendeak. Hori nahiago izango zuen.  Bera oso donostiarra zen, ibili zen lekuetan zabaldu zuen hori. Badakizu bere obra grafiko guztiak euskaraz izendatu zituela? Bere herria eta sustraiak mundu osora zabaldu nahi zituen eta, aldi berean, oso irekia zen kultura edo ezagutza guztiekiko.

Adierazten zuen penarik euskara ez jakiteagatik?

Bai, noski. Ulertzen zuen, baina ez zuen ondo hitz egiten. Sekulako amorea zion euskarari. Eta eskultura piloa du euskaraz izendatua. Antzinako hizkuntza izanda, poetika zuela zioen. Munsterren (Alemania) bada proiektu publikoa, ‘Dialogo-tolerancia’. Berezko izena ‘Esertoki’ du. Erdarara eramanez gero, ‘banco’ da. Baina zeinen desberdina den ‘lugar para sentarse’ esanez gero. Espazialki... beste kontzeptu bat da. Ikaragarri polita da!  

19 urterekin debuta egin zuen Realarekin. 14 partidaren ondoren, lesio larri batek eten zuen bere futbol ibilbidea. Realaren partidak pantaila handian ikustera bere etxera joaten omen zinen. Ezer komentatzen zizun Realeko bere garaiaz?

Bai, garai hartan Pay Per View hasi zen, ordaindu egin behar zen partidak ikusteko, eta bere etxera joaten ginen. «Aitona, Realak jokatzen du!», esaten genion. Partida hartzen zuen eta denok elkarrekin ikusten genuen. Oso ondo pasatzen genuen [irribarrea]. Benetan, asko disfrutatu zuen bere lana eta bere bizitza. Ez zuen atzera begiratzen. Baina Realeko kontuarekin, bai, koskatxoa geratu zitzaion barruan.