Manex Altuna

Nico Williams Realaren kontra jokatzeko prest egongo da

Hegaleko jokalariak gainontzeko taldekideekin entrenatu du Lezaman, asteazkenean bakarrik korrika egiten egon ondoren. Dani Garciak eta Yerayk baita guztiekin batera abiatu dute lan saioa ere.

Nico Williamsek min apur batekin amaitu zuen Ipuruako derbia.
Nico Williamsek min apur batekin amaitu zuen Ipuruako derbia. (Monika DEL VALLE)

Nico Williams derbia jokatzeko prest egongo da. Min apur batekin amaitu zuen Ipuruan Kopako partida eta atzo bakarrik korrika egiten egon zen Lezaman. Hala ere, Ernesto Valverdek ziurtatu zuen bezala, badirudi ez daukala ezer larririk eta klubak ere ez zuen mediku txostenik atera.

Realaren kontrako partidarako bi entrenamendu geratzen dira eta taldekideekin batera abiatu du gaurko lan saioa. Dani Garcia eta Yeray ere guztiz osaturik daudela dirudi. Gabonetatik entrenatzen ari dira jokalari guztiekin, baina azken deialdietatik kanpo utzi ditu Valverdek. Ikusteke dago larunbaterako itzuliko diren, edo astearteko Kopako partidararte itxaron beharko dute.

Athleticen lan saioaren hasiera gaur Lezaman. (@manexaltuna)
Athleticen lan saioaren hasiera gaur Lezaman. (@manexaltuna)

Zuri-gorrien hirugarren derbia izango da jarraian. Joan den igandean Eibar Ipuruan erraz gainditu ostean, Reala hartuko dute San Mamesen larunbatean. Sailkapen nagusian sei puntutako aldea dauka Athleticek eta Europako postuetako lehian kolpe handi bat emateko aukera bikaina izango dute.

Ghanarekin Afrikako Kopa jokatzera joan de Iñaki Williams izango da baieztaturik dagoen zuri-gorrien baja bakarra. Bederatzi zenbakia Realari gol gehien egin dizkion jokalaria da gaur egungo Athleticeko plantillan. Zazpi aldiz bidali du baloi sareetara derbietan. Esaterako, iaz garaipenaren bi golak egin zituen.

Aldi berean, Espainiako Federazioak jakinarazi berri du Munuera Montero izango dela larunbateko epailea. Realak ez du oroitzapen onik gordetzen azken aldiz bere norgehiagoka bat zuzendu zuenetik. Atletico Madrilen aurkako porrota izan zen, azken minutuetan Griezmannek sartutako penalti eztabaidagarri batekin iritsi zena. Gainera, jardunaldi hau lehen aldia izango da VAReko elkarrizketak entzun ahalko direla.

Bestalde, Iñigo Cabacas Herri Harmailak euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko argazkia egingo du larunbat arratsaldeko 15.00etan Iñigo Cabacas plazan. Ordu bat beranduago abiatuko da urtero bilbon ospatzen den presoen eskubideen aldeko manifestazioa. Athleticek ere ekitaldi ezberdinak antolatu ditu San Mames atarian partida aurreko giroa berotzeko.