NAIZ

Jon Miranderi buruzko ikerketa-proiektua garatuko du Mikel Sotok, Tene Mujika bekari esker

Mikel Soto idazle iruindarrak eskuratu du Tene Mujika beka. Sotok Jon Miranderi buruzko ikerketa-proiektua garatzeko baliatuko du beka, idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltzak eskaintzeko helburuz.

Mikel Sotok 2022an Nafarroako parlamentuaren aurrean torturatuek egindako agerraldian hartu zuen parte.
Mikel Sotok 2022an Nafarroako parlamentuaren aurrean torturatuek egindako agerraldian hartu zuen parte. (Idoia Zabaleta | FOKU)

Mikel Soto idazle eta Txalapartako editore ohiak eskuratu du Tene Mujika beka, Jon Miranderen gaineko ikerketa-proiektu batekin. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak esleitzen duten beka honek Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu eta aurtengo ediziorako aurkeztutako proposamenen artean Sotorena hautatu du Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak.

Sarituak urtebeteko epea izango du ikerketa burutu eta aurkezteko, gero liburu batean argitara dadin.

Elkarretik aurreratu dutenez, ‘Mirande: Herriminez, ezin-minez’ izenburua eman dio Sotok bere egitasmoari, eta bertan, duela ia 100 urte jaio eta orain dela mende erdi zendutako idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi ditu: «Batetik, Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertu, Miranderen bilakaeran funtsezkoak izan arren aski ezezagunak baitira euskaldunontzat; bestetik, Miranderen lan ezezagun batzuk topatzen saiatu, batik bat (baina ez soilik) bretoieraz idatziak; eta azkenik, Miranderen biografian hondarreko urteotan egin diren aurkikuntza guztiak bateratu, biografia osatu bat plazaratzeko, publiko zabalarentzat», zehaztu dute.

Mikel Soto Nolasko (Iruñea, 1978) Historian lizentziaduna da eta urtetan izandako editore lanagatik da batik bat ezaguna euskal kulturan, egun irakaskuntzan ari bada ere.

2020an ‘Suak pizten direnean’ olerki-bilduma aurkeztu zuen, 90eko hamarkadako errelatoa biltzeko saiakera batean. ‘Deabruaren eskola’ dibulgazio literarioko proiektu digitalean ere hartzen du parte, eta torturaren salaketako ekintzaile gisa ere badihardu, besteak beste.