Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Nahikari Garcia
Athleticeko jokalaria

«Orain gauza askoz gehiago hartzen ditut garaipentzat»

Realeko ikurra zela, Real Madrilera joan zen proiektu anbiziosoago batera. Esperientzia gazi-gozoa izan da baina Nahikarik (Urnieta, 1997) «hazten eta ikasten jarraitzeko» erabili du. Kalitatea eta bidean hartutako ezagutzak bateratu nahi ditu orain, Athleticekin bere maila onenera bueltatzeko.

Nahikari Garcia, San Mamesen.
Nahikari Garcia, San Mamesen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kopako final zortzirenetako partida jokatuko du gaur Athleticek (17.00), Madrilen aurka San Mamesen. Bilboko zelaia zapalduko duen lehenengo aldia izango da Nahikari Garciarentzat, eta debutaren ilusioa gehitzen dio txapelketak berak sortzen duenari eta taldearen goranzko ibilbideak eskaintzen dion konfiantzari.

Urtearen hasierak konfiantza hori berretsiko zizun.

Oso ondo hasi da; dinamika da ona, egia esan. Beti iristen zara beldurrez, ea nola joango den dena, natorren lekutik, espektazioa... Hasieratik oso-oso pozik nago, nahiz eta talde gaztea izan. Dagoen potentziala, barruan egiten ari garen lana, jendearen gogoa, batez ere hori da garrantzitsua, anbizio hori hazten jarraitzeko...

Hamar urte bete berri dira Lehen mailan debutatu zenuenetik.

Atzera begira eta esaten duzu: ai ama, hamar urte! Nabaritzen dira, nahiz eta dena oso azkar pasatzen den. Zoriontsua naiz, ikusi dudalako emakumezkoen futbolaren eboluzioa. Hasi nintzenetik gauzak asko aldatu dira, ni ere asko aldatu naiz. Eta harro sentitu naitekeela uste dut; urte guzti hauetan maila mantendu ahal izatea, talde handietan jokatu ahal izatea... Esperientzia eta momentu onez eta ez hain onez egindako bidea da.

Zer geratzen da Nahikari hartatik gaur egungo honengan?

Asko, batez ere anbizioa, gehiago nahi izatea. Amak esaten dit “Nahikari, lasai e!”. Baina ezin dut. Nire barruan doa hobetzen eta irabazten jarraitzeko gogo hori, beste apaltasun batekin bada ere. Gaztea zarenean ez duzu hainbeste pentsatzen, eta orain dena perspektiba handiagorekin ikusten dut. Baina ilusio berarekin nago, irabazteko gogo hori oraindik oso presente daukat eta espero dut hori ez aldatzea, ze agian hori aldatzen den egunean, pauso bat alde batera eman beharko dut.

«Garaipena daukat beti buruan» azpimarratu zenuen debutatu eta egun gutxitara, GARAri emandako elkarrizketa batean. Horrela jarraitzen duzu. Baina garaipen hitzak zentzu bera du gaur?

Orain gauza askoz gehiago hartzen ditut garaipentzat. Hasiera batean dena zen irabaztea, eta ikasi dut onena prozesua dela, prozesuan zehar bizitzen duzuna eta nola disfrutatzen duzun. Prozesuan egindakoari garrantzi gehiago ematen diozu, eta hori da gaur egun baloratzen dudana, egunerokotasun honetan zer egiten dudan, asteburuan edo denboraldi amaieran emaitza batzuk lortzeko.

Edozein kasutan, garaipen asko lortu dituzu. Espero adina?

Ez nuen espero hainbeste gauza lortzea. Helburu asko lortu ditut, inoiz espero ez nituenak: Mundial bat jokatu, Kopa irabazi, klub handietan jokatu, bai Realean, bai Real Madrilen, bai orain Athleticen... Harro sentitzeko moduko ibilbidea dela uste dut. Eta ez dira bakarrik une onak, baizik eta une txarrak ere, irakaskuntza handia ematen dizutenak. Momentuan ez duzu ikusten, baina gero eskertzen duzu, esaten duzu eskerrak hori bizi izan nuen, ze gaur egun gauza asko dakizkit hori pasatu nuelako.

«Anbiziotsua izaten jarraitzen dut, irabazteko gogoa daukat beti. Agian hori aldatzen den egunean, pauso bat alde batera eman beharko dut»

Realean emandako urteak oso oparoak izan ziren, baina Real Madrilera joan ziren. Zaila izan al zen erabakia?

Alde pertsonaletik kostatu zitzaidan. Binkulo emozional handiak nituen klubeko jendearekin, zaleekin, klubarekin berarekin... Baina oso anbiziotsua nintzen eta argi neukan beste pauso bat eman nahi nuela nire karreran, eta nire buruan beti zegoen kanpora joatea, beste helburu desberdin batzuk izatea, erosotasun eta lasaitasun horretatik pixka bat irtetea. Gogoa neukan, eta, Real Madril bezalako klub bat iristen denean, oso zaila da ezetz esatea. Proiektu garrantzitsua zen, eta lehiakorra niretzat. Egia da urteak ez direla uste bezain errazak izan, ez futbolistikoki, ez pertsonalki. Baina, lehen esan dizudan bezala, momentu txar horietatik gauza asko ikasten dira. Ez naiz damutzen, esperientziak asko irakatsi dit eta pertsona eta jokalari hobea egin ninduen. Oso pozik nago horrekin ere.

Kanpotik ikusita, ez da esperientzia ona izan.

Gazi-gozoa. Nire bizitzan imajinatuko ez nituzkeen gauza asko bizi izan ditut han. Bidaiatzen genuen baldintzak, entrenatzen genuen baldintzak, gure tratamendua nolakoa zen... Maila profesional top batean ginen, mutilen tratamendu antzekoa geneukan, eta hori oso zaila da. Camp Noun jokatu dut, Printzeen Parkean... Esperientzia asko dira, egunerokotasuneko gauza asko, agian kanpotik ikusten ez direnak baina jokalariok asko baloratzen ditugunak... Eta nik asko disfrutatu dut. Egia da asteburuan zelaian egotea dela beti nire anbizioa eta ezin izan dela gertatu. Azkenean ikasten duzu gertatzen diren gauza batzuk beste batzuen erabakiak direla eta jokalariok gutxi daukagula egiteko, gure lana ondo egitea izan ezik.

Damutzen ez zarela esan duzu, baina inoiz damutu al zara Madrilera joateaz?

Ez, inoiz ez, ez une onetan, ez txarretan. Eta begira oso gaizki hasi genuela lehen denboraldia, eta gainera kointziditu zuen Reala oso ondo zegoela. Baina bizitzen ari nintzen nahi nuen esperientzia, behar nuen esperientzia, bai futbolistikoki eta bai pertsonalki. Egia da errazagoa dela orain atzera begiratu eta ez zarela damutzen esatea, momentuan esatea baino. Baina horrela da. Nik uste dut azkenean bizitzak eramaten gaituela pixka bat joan behar dugun lekutik eta une bakoitzean behar duguna ematen digula.

Etapa hori udan amaitu zen, Bilbora etorri zinenean. Nork zuen premia handiagoa, Athleticek Nahikari fitxatzeko edo Nahikarik Athletic bezalako talde batekin sinatzeko?

Biok elkartu ginela uste dut, biok geneukan beharra. Nik sentimendu hori berreskuratzearen beharra neukan, gertutasun handiko leku batean egotea, non alde pertsonala asko zaintzen eta errespetatzen den; gehienbat hori faltabainuen... Eta Athleticek ere beharra zeukan, eta une ezin hobe batean elkartu ginen. Ni, nire aldetik, ahalik gehien aportatzen eta laguntzen ari naiz, eta klubak bere aldea eskaintzen dit, berpizte prozesu horretan konfiantza baitauka niregan, eta eskertzen dudan zerbait da.

Azaldu duzu zure fitxaketarekin epe motzean bilatzen duzuna. Eta epe ertainera begira? Zein da asmoa urratsa ematen duzunean?

Agian hasiera batean, egia da, nire alderdi pertsonalera begiratuz, futbolistikoki berriro ere aurrerapausoa ematea zela, nire maila onena lortzea, sentitzen nintzena berreskuratzea... Baina behin hona iritsita, klubaren proiektua zein den, klubak daraman ibilbidea... Dagoen blokea mantentzea lortzen badugu, etorkizun oparoa dagoela uste dut. Eta nire aldetik, esan dizudan bezala, prozesu horretan lagundu nahi dut; jende oso gaztea dago eta uste dut ona dela esperientzia gehiagoko jendea egotea, laguntzeko. Ez dut gehiegi pentsatu nahi luzarokoan, gauzak urte batetik bestera edo hilabete batetik bestera aldatu daitezkeela ikasi dudalako. Nire helburua, gehienbat, denok eskutik helduta hazkuntza prozesu honetan lan egitea da.

«Kanpotik ikusita, prozesuak ez zaizkigu gustatzen eta dena azkar lortu nahi dugu. Baina denbora behar da. Talde honek sentsazio aldetik sekulako aldaketa eman du, eta emaitzak ere iritsiko dira»

Hazkuntza horri begira baikor zinela esan zenuen udazkenean, eta denbora arrazoia ematen ari zaizu. Asko hobetu du taldeak oso denbora gutxian.

Eta ez da erraza. Askotan kanpotik asko eskatzen da eta ez zaizkigu prozesuak gustatzen. Dena azkar izatea nahi dugu, emaitzak nahi ditugu ahalik azkarren. Baina denbora behar da. Taldeak sentsazio aldetik sekulako aldaketa eman du, eta emaitzak iristea agian pixka bat gehiago kostatzen ari da. Baina iritsiko dira. Ez da erraza jokalari askok egin dutena, aurreko urtean beste futbol eredu bat baitzegoen; aurten zerbait berrira egokitu behar izan dute, eta oso azkar hartzen ari dira. Horregatik uste dut garrantzitsua dela proiektua eta blokea mantentzea, zaleei poz handiak eman diezazkiokeela uste baitut.

Epe ertainean bada ere, posible ikusten al duzu gaur egungo futbolean Athleticena bezelako proiektuak talde onenekin lehiatzea?

Noski baietz. Eta horrek izan behar du gure helburua. Iritsi nintzenean esaten nien: dauzkagun baldintzak oso onak dira eta horrek bonus bat eman behar digu lehiatzeko. Erabili behar ditugu eta zelaian erakutsi. Egia da goiko postuetan egoteko zerbait gehiago behar dela, urteak direla, esperientzia dela, joku momentuak direla... Eta horregatik, hain zuzen, pazientzia izan behar da. Baina baita anbizioa ere.

Anbizioa asetzeko aukera ona eskaintzen dizuete Kopak. Horixe da titulu garrantzitsu bat eskuratzeko bide azkarrena da.

Ilusio handia daukagu denok. Gainera, San Mamesen jokatzeko aukera daukagu, taldea une onean dago, ikusten da jendea ere ilusionatuta dagoela taldearekin...

Helbururik eduki daiteke Bartzelonak parte hartzen duen txapelketa batean?

Bueno, Kopa Realarekin irabazi genuenean, Atletico oso maila ona ematen ari zen eta faboritoa zen. Ez da horretan gehiegi pentsatu behar, baizik eta gure bidea egin. Ikusiko dugu noraino iristeko gai garen. Baina bidean lehiatzen eta disfrutatzen saiatu behar dugu, Madrilen kontrako partidarekin hasita.

Hau ere ez da nolanahiko aurkaria.

Talde oso ona da, aurrean abiadura handia dauka, baina baloia eukitzen jokatzea gustatzen zaie. Baloiarekiko lehia izango da gakoa neurri batean, eta horretan sendo egoten jakin behar dugu, jakinda baita ere kanporaketa bat dela, partida bakarra, eta horrekin ere jokatu behar dela. Baliatu behar dugu San Mamesen jokatzen dugula, topikoa eman arren, momentu moteletan beti baita garrantzitsua jendearen berotasuna nabaritzea.

Zure lehenengo aldia izango da San Mamesen.

Lehen-lehenengoa. Eta irrikaz nago. Taldean esaten didate beti giro berezia dagoela, eta, behin hor jokatuta, Athletic zale egiteko beharra edo derrigortuta zaudela! Gogoa daukat, eta espero dut egun polita izatea eta nire debuta San Mamesen biribila izatea.