NAIZ

Ibon Navarro eta Txus Vidorreta berriz ere Kopan aurrez aurre, baina aurten final-laurdenetan

Pasa den otsailean entrenatzaile gasteiztarraren eskutik, Unicajak Lenovo Teneriferi 80-83 irabazi zion Kopako finalean, aurrez Bartzelona eta Real Madril kalera bidali ostean. Aurtengo zozketaren ondorioz, futbol taldeen arteko finala saihestea oso zaila izango da.

Ibon eta Aritz Navarro aita-semeak, pozarren 2023ko Kopako finala irabazi berritan.
Ibon eta Aritz Navarro aita-semeak, pozarren 2023ko Kopako finala irabazi berritan. (M. POZO | ACB PHOTO)

Ez Saski Baskonia, ez Surne Bilbao Basket, ez da euskal talderik izango Malagan otsailaren 15etik 18ra bitartean jokatuko den saskibaloiko Kopan. Ez da, ordea, euskal ordezkaririk faltako parte hartuko duten zortzi talde horietan banatuta. Esaterako, Dario Brizuelak Bartzelonarekin titulu bat gehiago irabazteko egundoko aukera izango du; Xabi Lopez-Arostegiren Valentzia Basketek ez du lan xamurrik izango, baina behintzat hortxe izango da beren abagunea.

Nolanahi, iazko finalaren errepikapena final-laurdenetan ikusiko dugu; hau da, Ibon Navarroren Unicaja Txus Vidorretaren Lenovo Teneriferen aurka ariko da nor baino nor –Tenerifeko taldean Marcelinho Huertas eta Ilimane Diop ere bertan izango dira gainera–. Lastima da talde hauek  biek iaz Badalonan eman zuten ikuskizunaren ondotik final-laurdenetan aritzea, baina horrelakoa izan da ACB Ligak Kopari begira egin duen zozketa.

Iaz aspaldiko partez Real Madril eta Bartzelonarik gabeko Kopako finalaz gozatu ahal izan genuen, nahiz eta Saski Baskonia ere ezustean final-laurdenetan kalera bota zuen Joventutek. Aurten, baina, zaila dirudi bi futbol klubek kale egitea. Iaz Unicajak bota zituen biak ala biak: Barça final-laurdenetan, Dario Brizuela eta eta Kendrick Perryren lan bikainari esker luzapenean talde blaugrana gaindituta, eta Real Madril finalerdietan, Barçaren aurka lorturiko balentriak eragindako konfiantzaz gainezka eta 27 hirukotik 14 alditan asmatu ondoren.

Lenovo Tenerife, berriz, ia behatz puntetan iritsi zen Kopara. Inork gutxik hitzegiten zuen Vidorretarenen aukeretaz, gehien jota finalerdietan Baskoniaren «sparring» kategoria ematzen zitzaion-eta. Final Laurdenetan Kanaria Handiaren aurkako «derbia» airean eraman zuen eta finalerdietan, berriz, Tim Abromaitisek Joel Parrari azken segundoan jarri zion txapelak Palau Olìmpic guztia mututu zuen. «Zernahi gertatzen dela ere, zuetaz oso harro nago. Hauxe da zuen momentua. Goza ezazue!», bota zien Indautxuko entrenatzaileak bere jokalariei azken hutsartean, partida noren alde eroriko zen asmatzerik ez zegoela.

Biek ala biek final bikaina eskaini zuten. Tenerifek bere biko jaurtiketetan %80 inguru asmatu zuen eta hamar puntuko aldea ere izan zuen, baina Unicajak errebotean sekulako mina eman zion Vidorretaren taldeari. Orotara, Ibon Navarrorenek 15 jaurtiketa gehiago egin ahal izan zituzten eta 80-83 nagusitu ziren gasteiztarrak zuzendurikoak, Tyson Carter hegalekoa izan zelarik finaleko MVP edo Jokalari Baliotsuena, nahiz eta mundu guztia ados azaldu zen Ibon Navarro «alkimista» gasteiztarraren lana izan zela arrakasta horren benetako oinarria.

Bien arteko «errebantxa» faltsu hau izango da Kopako azken final-laurdena. Ostegunean, otsailaren 15ean Real Madril eta Sito Alonsoren UCAM Murtziak jokatuko dute aurreneko kanporaketa, 18.00etan hasita. Egia da murtziarrek pasa berri den igande hionetan 73-61 irabazi dietela madrildarrei, baina Musa, Tavares, Rudy Fernandez, Llull eta Poirier gabe, besteak beste, jokatu dute Chus Mateorenek. Partida hau irabazten duenak Kanaria handiak eta Valentzia Basketek 21.00etatik aurrera jokatuko duten demako garailea izango du aurkari finalerdietan.

Ostiralean, berriz, 21.00etan ekingo diote lanari Ibon Navarrarroen Unicaja etxeko taldeak eta Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek, eta irabazleak Barça eta Manresaren arteko garailea izango du aurrez aurre finalerdietan. Ostegunez jokatzen dutenek larunbatean 18.00etan bilatuko dute finalerako txartela eta bigarren finalerdia, berriz, 21.00etan hasiko da. Finala, azkenik, igandean 18.30etan hasiko da. Handia litzateke Real Madril eta Barçarik gabeko beste final bat ikustea, baina zozketatik hasita, zaila dirudi halakorik saihestu litekeenik.