NAIZ

Charles Bergara Larresoroko makilagilea pausatu da

Marie-Jeanne Ainciart eta Jean Bergararen semea, familiako tradizioa jarraituz nerabe zenetik makilak egiteari ekin zion Charles Bergara larresoroarra zendu da.

Charles Bergarak 90 urte gaindituta ere atelierrean jarraitu zuen lanean. Argazkia 2020an hartua da.
Charles Bergarak 90 urte gaindituta ere atelierrean jarraitu zuen lanean. Argazkia 2020an hartua da. (Bob EDME)

Charles Bergara Larresoroko makilagilea hil da.

Nork ez ditu ezagutzen Ainciart-Bergara ‘makhilak’?

Euskal Herrian soilik ez mundu zabalean bere itzala hedatu du, belaunaldiz belaunaldi, Larresoron bere atelierra duen artisauen familiak.

Ainciart-Bergaratarren historia 1780ko hamarkadaren inguruan abiatu zen, Lapurdiko herrian, eta bere tailerra gaur egun oraindik ere leku berean kokatzen da.

Larresoroko enpresak bere webgunean oroitarazten duenez, 7 belaunaldi baino gehiago badira makila egiten.

Alta, eten ez den kate horrek begia galdu berri du, Charles Bergara 97 urte zituela pausatu baita.

Franck Dolosor Senpereko kazetariak jakitera eman du sare sozialen bidez albiste tristea.

Marie-Jeanne Ainciart eta Jean Bergararen semea, familiako tradizio zaharrari segida eman zio, nerabe zenetik atelierrean jardun zuen makilak egiten Charlesek.

Bigarren Mundu Gerraren ondoko garai zailetan egokitu zitzaion lantegia martxan atxikitzea.

«Mundu guztian ibili naiz, eta beti, buruzagi handiekin», aitortu zion zendu berri den Charles Bergarak ZAZPIKA astekariari 2020an.

Horren lekuko dira enpresako atelierreko horman itsatsita dituzten argazkiak, bertan mundu osoko buruzagi eta pertsona famatuekin agertzen baita familiaburua.

«Bezero berriak hunkitzen kausitu zuen Charles Bergarak makhila molde zabalagoan ezagutaraziz burutzen dituen hainbat bidaien karietara«, oroitarazten du lantegiaren webguneak Charlesi eskainitako profilean.

Hala, hiru langile baizik ez zituen tailer batetik –Charles eta bere gurasoak–, bost behargin izatera pasatu zen orain zendutakoarem bultzadapean.

94 urteak gaindituta ere, Charles Bergarak segitu zuen «bere paradisuan, oihanean, bizitzen», eta mizpirondoak arreta handiz zaintzen, egur erreserbak bistaz galdu gabe.

Frantziako Estatuak Ohorezko Legioa eman zion Charles Bergarari 2003an, eskulangintza sailean. Bestalde, Unescoko Arteko Lanbide Bakunen inbentarioan sartua izan da «Ainciart Bergara makhila», Kultura Ondare immateriala zaintzeko konbenioaren baitan.

Emakumeei esker galdu ez zen lanbidea

Familia bereko zazpi belaunaldik egin dituztela makilak Larresoron oroitaraztzen zuen Haritz Larrañagak 'Zazpika'n sinaturiko erreportaje horrek.

Urtero 700 bat makila egiten dituen atelierrean hasiera batean Ainciart familiaren izena inskribatzen zuten. 1796an jaio zen Gratien Ainciart hasi zen bere abizena inskribatzen.

Bere semeak, Antoine Ainciartek, ez zituen egin, baina haren emazteak, Catheriene Ainciartek, lanbideari eutsi zion, eta Jean Ainciarti, bere semeari, erakutsi zion ofizioa.

Jeanen ostean, bere alaba Marie-Jeannek hartu zuen lekukoa, baina Jean Bergararekin ezkondu eta haren abizena hartu zuenez, aurrerantzean, haien semeak Charlesek Ainciert-Bergara izena ezarri zien makilei.