NAIZ

BCC berria eraikitzeko «berme egokirik gabe» lurrak mugitzen hasi direla salatu dute

Zenbait astetan ustez zundaketa geoteknikoak egin ostean, aste honetan lurrak mugitzen hasi dira Donostiako Manteo aldean, Basque Culinary Centerren gune berria eraikitzeko. Altzako aurrekaria gogoratu dute berriz SOS Manteo elkartetik.

Makinak, lanean jada Manteo-Zemoria parkean.
Makinak, lanean jada Manteo-Zemoria parkean. (Jon Urbe | Foku)

Azarorako iragarria zen BCCren eraikin berriaren lanen abiapuntua orain gertatzen hasi dela dirudi, aste honetan lurrak mugitzen hasi baitira.

 

Orain arte zundaketa geoteknikoak burutu omen ditu bertan azarotik dagoen lurra zulatzeko hondeamakinak, baina emaitzen berri ez dute ofizialki eman. Gauzak honela, SOS Manteo elkartetik kezka zabaldu dute berriz, Altzako kiroldegian gertatutakoa gogoan hartuta.

«2016an Donostiako Udalak Altzako kiroldegi inguruko lurzoruaren kalitatearen azterketa kontratatu zuen», oroitarazi dute, eta orain argudio bera aplikatzen ari direla uste dute: «Lursaila ez dago kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartuta, baina eraikuntza proiektua idazteko fasean egindako azterketa geoteknikoan eraikuntza eta eraispen hondakinak antzeman dira eta GOe eraikitzeak lur mugimendua dakar. Aldiz, oraingoan Udalak ez du 4/2015 Legeak ezartzen duena betetzeko beharrik ikusten».

«Dakigunez, Altzan amiantoa detektatu zen lurzoruan, azterketa hauen ondorioz eta indusketak eta ondorengo hondakinen kudeaketa legezko berme egokiekin egin ahal izan ziren. Manteon, berriz, Amenabarren makinak dagoeneko hasi dira lurrak mugitzen, osasun publikoko arazo bat sortzen ari ote den aintzat hartu gabe», salatu dute.

Egitasmo honek dakartzan afekzioen kontra (zoru publikoaren galera, zuhaitzen mozketa...) mobilizazio ugari egin dituzte Gros eta Ulia aldeko auzokideek, Donostiako Udalaren jarrera salatuz. Azkena, herri galdeketa bat, zeinean ia 7.000 lagunek eman zuten bozka.

Galdeketaren antolatzaileek Basque Culinaryren Manteko proiektuaz datu batzuk eman zituzten: «28 milioi euroko kostua du, eta horietatik 26 milioi guztion artean ordainduko ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Donostiako Udalak 60 milioi euroko balioa duen lursail publiko baten lagapenari esker ahalbidetu da egitasmoa».

Horrez gain, «Groseko berdegune bakarrenetakoaren suntsipena eta bertan dauden 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa ekarriko du». Hori gutxi ez balitz bezala, proiektua aztertzen ari dira orain «orubean amiantoa eta bestelako kutsagaiak egon daitezkeelako».