NAIZ

Ehun taberna Puntu Morearen laguntzaile izango dira Donostiako danborradan

Donostiako ehun taberna Puntu Morearen laguntzaileak izango dira San Sebastian egunean, Udalak jakitera eman duenez. Honekin batera, Boulevardean gune bat paratuko dute informazio, prebentziorako eta arretarako. Iaz baino bi ordu gehiago izango da zabalik.

Donostiako Aste Nagusian ere jarri zuten Puntu Morea; orain berriro egingo dute, San Sebastian egunerako.
Donostiako Aste Nagusian ere jarri zuten Puntu Morea; orain berriro egingo dute, San Sebastian egunerako. (Iñigo URIZ | FOKU)

Donostiako San Sebastian egunean hiriko ehun taberna Puntu Morearen laguntzaile gisa arituko dira sentsibilizazio materiala banatuz, Udalak jakitera eman duenez. Bertan, besteak, beste, eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa eta pegatinak izango dituzte eta zerbitzariek txapak eramango dituzte.

«Neurri horiek sexu-hezkuntzan eta berdintasunean adituak diren emakume gazteek gauzatuko dituzte», nabarmendu du Udalak ohar batean.

Ekimen hau Donostiako Udalak, urtero bezala, San Sebastian egunean eraso sexistak prebenitzeko prestatzen duen kanpainaren baitan kokatzen da. Honekin batera, Udalak erasoren bat jasoz gero artatzeko kanpaina ere jarriko du martxan.

«Hori dela eta, kasu horiei aurre egiteko informazio, prebentzio eta arreta gune bat jarriko da Boulevardeko kioskoan, San Sebastian egunaren bezperan. Hau da, urtarrilaren 19an, gaueko 22.00etatik urtarrilaren 20ko 4.00etara», azaldu du Udalak. Iazko ordutegiarekin alderatuta, bi ordu gehiago izango dira gune horretan.

Bertan, Udalak bere oharrean azaldu duenez, material hau egongo da: lepoko zapiak, txapak, eranskailuak, eskumuturrekoak, neskentzako liburuxkak, mutilentzako liburuxkak, herritar guztiei zuzendutako liburuxkak eta baliabideen telefono txartelak.