NAIZ

‘Zuekin batera’, ‘Bateragune auzia’ behin betiko itxi ondorengo mezu musikatua

Euskal musikagintzako aurpegi ezagunenetako batzuk biltzen ditu ‘Bateragune auziaren’ amaiera ospatzeko sareratu berri duten abestiak. ETS taldearen ‘Zurekin batera’ propio moldatu dute.

Ines Osinaga, grabaketaren une batean.
Ines Osinaga, grabaketaren une batean. (‘ZUEKIN BATERA’ GRABAKETA)

Espainiako Konstituzio Auzitegiak ‘Bateragune auzia’ behin betiko ixtea erabaki eta ordu gutxira, ETS taldearen ‘Zurekin batera’ abestiaren bertsio bat sareratu du Arnaldo Otegik, propio moldatuta. «Ez gara sartuko berriro haiek nahi duten zuloetan», dio euskal musikagintzako aurpegi ezagunenetako batzuk biltzen dituen kantak.

Zehazki, Ines Osinaga, Fermin Balentzia, Lide Hernando, Tomas Lizarazu, Eñaut Elorrieta, Onintza Enbeita, Mikel Urdangarin, Oihana Afu, Aitor Gorosabel, Sara Zozaia eta Maider Ansa dira bideoklip berezi honetan agertzen direnak.

Maddalen Arzallusek jarri dizkio hitzak ETSko Iñigo Etxezarretak sortutako musikari eta Pello Reparaz arduratu da konponketez eta ekoizpenaz.

2021eko maiatzean abestia grabatu zuteneko irudiak erakusten ditu bideoak, baina ‘Bateragune auziak’ utzi dituen uneetako batzuen bilduma ere tartekatzen du: Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez atxilotu zituztenekoak, hura salatzeko deitutako mobilizazioenak edota zigor osoak beteta askatu zituztenekoak, esaterako.

Hala dio letrak:

Zenbat aldiz marraztu diguten joan zen hartatik etorkizuna

Zenbat aldiz ekartzen diguten ahaztu nahi dugun oroitzapena

Zenbat aldiz jarriko diguten epailearen aurreko hitzordua

Baina gu hor egongo gara zuekin batera

 

Zenbat aldiz lapurtzen diguten herri bat eraikitzeko denbora

Zenbat aldiz asmatu ohi duten atzera itzultzeko aitzaki bat

Zenbat aldiz aldatzen dituzten haien erara gure istorioak

Baina gu hor egongo gara zuekin batera

 

Ta ez gara sartuko berriro haiek nahi duten zuloetan

Altxatuko ditugu besoak ukatzeko onartezinak

Ta aterako dugu benetan barruan gelditzen zaiguna

Gu beti hor egongo gara zuekin batera, zuekin batera

 

Zenbat aldiz ospatuko nuke juezen eskuak garbi daudela

Zenbat aldiz adituko nuke hau behingoz amaitzeko aholku bat

Zenbat aldiz esango nizuke etxean lasai nahi zaitudala

Baina gu hor egongo gara zuekin batera

 

Ta ez gara sartuko berriro haiek nahi duten zuloetan

Altxatuko ditugu besoak ukatzeko onartezinak

Ta aterako dugu benetan barruan gelditzen zaiguna

Gu beti hor egongo gara zuekin batera, zuekin batera