Glovo etxez etxeko enpresak sei hiritan itxiko ditu Super Glovo supermerkatuak: Bilbon, Iruñean, Tenerifen, Las Palmasen, Alacanten eta Granadan. 104 langileri eragin diezaiokeen lan erregulazioko espedientea amaituko da enpresako bozeramaile batek Efe agentziari baieztatu dionez.
«Kapitala eta inbertsioa eskuratzea zaila denez, eta azken hilabeteetan izandako negozio bolumenaren bilakaera eskasa ikusita, zenbait hiritan Super Glovo supermerkatuak itxi behar izan ditugu», adierazi du bozeramaile horrek, eta erabakia langileei jakinarazi zaiela azaldu du.
Super Glovok martxan jarraituko du beste zazpi hiritan: Bartzelonan, Madrilen, Zaragozan, Valentzian, Sevillan, Malagan eta Palman. Eta, aldi berean, nahiz eta supermerkatuak itxi, enpresaren gainerako zerbitzuak eskaintzen jarraituko du.
«Minutu gutxitan etxean»
Super Glovo delakoekin, konpainiak erosketa erabiltzailearen etxera «minututan» eramatea eskaintzen du. Bezeroak ezin du establezimenduetara fisikoki sartu, online bakarrik, eta, horregatik, batzuetan «supermerkatu fantasma» gisa definitu izan dira.
Eskaintza horretako banatzaileak enpresak kontratatzen ditu, baina hori ez da gertatzen gainerako banatzaileekin, gehienak autonomoen erregimenean lan egiten baitute, nahiz eta Rider Legea indarrean egon.