NAIZ

Zaldibarrera hondakinak legez kanpo eraman zituzten Lapurdiko enpresa bi zigortu dituzte

Lapurdiko bi enpresetako arduradunei isunak jarri dizkie Baionako Auzitegiak Hego Euskal Herrira, zehazki Zaldibarko zabortegira, hondakinak legez kanpo eramateagatik.

Baionako Epaitegian aztertu zuten hondakinen gaineko auzia, iazko azaroaren 16an.
Baionako Epaitegian aztertu zuten hondakinen gaineko auzia, iazko azaroaren 16an. (Guillaume FAUVEAU)

Delitu ekologikoen aurkako zerbitzuaren egoitza bilakatu ondotik, iazko azaroaren 16an aztertu zuen lehen auzia Baionako epaitegiak. Kasu horren baitan, Lapurdiko bi enpresetako arduradunen kontra isunak eskatu zituen Fiskaltzak, Zaldibarko zabortegira hondakinak legez kanpo eramateagatik.

Urtarrilaren 18. honetan auzitegiak plazaratu duen ebazpenaren arabera, hondakinen kudeaketa desegokia egiteagatik zigortuko dituzte Etcheverry-Mindurry eta CBA Artola enpresak.

Kazeta.eus atariak berri eman duenez, Basusarrin egoitza duen Etcheverry-Mindurry enpresak 150.000 euroko isuna jaso du, baina kantitate horietatik 50.000 ez ditu ordaindu behar izango beste deliturik egiten ez badu.

Horrekin batera, legea urratuz lortu zituen 110.000 euroko etekinak konfiskatuko dizkiote konpainiari.

Bestalde, Donibane Lohizunen plantatua den CBA Artola enpresari 100.000 euroko isuna ezarri diote, kasu honetan ere 50.000 euro gibelatzearekin. Era berean, irregularki lorturiko mozkinen balioa, orotara 210.000 euro, konfiskatzea deliberatu du Baionako Auzitegiak.

Fiskalaren txostena

Auzian Fiskalak defendatu zuen txostenaren arabera, bi enpresen artean 22.000 tona hondakin eraman zituzten Hego Euskal Herrira. Hondakin horien zati bat, ingurumenaren gaineko legeak aplikatuz, tratatu zitzaketen enpresa horiek.

Hori egin ordez, «frantziar eta espainiar agintariei deus jakinarazi gabe» hondakinak 2020an istripu larria ukan zuen Zaldibarko zabortegira –amildu egin zen eta bi behargin hil ziren– eraman zituzten.

2021eko urtarrilean eginiko ikuskapen batean, Etcheverry-Mindurry enpresan sartu eta irten ziren hondakinen gaineko erregistro fidagarririk ez zutela agerian jarri zuten ikuskatzaileek.

«Frantziar eta espainiar ordezkariek» elkarrekin eginiko ondorengo ikerketak erakutsi zuenez, «ezinezkoa zen aipaturiko bi enpresetako arduradunek ezer ez jakitea hondainen horiek eginiko ibilbideari buruz», ez eta «hondakinak Zaldibarren uzteko asmoari buruz» ere.

Baionan auzipetu zituzten bi enpresetako arduradunek hondakinak garraiatzeari utzi zioten 2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegia amildu zen egunean.