Laso eta Aranguren ia aukerarik gabe geratu dira Durangon galdu ostean (12-22)

Peña II.a eta Albisu aise nagusitu dira Ezkurdin jokatutako neurketa garrantzitsuan eta badirudi azkeneko bi postuetatik ezingo dutela ihes egin gaurko galtzaileek. Goiko borrokan, Artolak eta Imazek sekulako erakustaldia emanda menderatu dituzte Labriten Jaka eta Mariezkurrena (18-22).

Peña, tantoa ospatzen, Laso eta Arangurenen ezinaren aurrean.
Peña, tantoa ospatzen, Laso eta Arangurenen ezinaren aurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Unai Laso eta Aitor Arangureni asko zaildu zaie Binakako Txapelketaren play-offetara sailkatzeko aukera gaur Durangoko Ezkurdi pilotalekuan Peña II.a eta Albisuren kontra 12-22 galdu ostean. Gipuzkoarrek laugarren puntua eskuratu dute, eta orain bi garaipeneko aldea ateratzen diete Laso eta Arangureni. Beraien arteko tanteoa ere alde dutenez, aldea hiru puntukoa dela esan daiteke.

Hasieratik aurreratu dira Peña II.a eta Albisu. Gipuzkoarrak oso zentratuta irten dira Durangoko pilotaleku luzera, eta zuzen jokatzea nahikoa izan dute markagailuan 1-6 aurreratzeko. Izan ere, Unai Laso eta Aitor Aranguren izan dira opari asko egin dituztenak, batez ere Aginagako atzelaria –8 pilota galdu ditu jokoan guztira eta eramateko moduko sake pare bat erantzun gabe utzi–.

Hasi aurretik, begiradak Albisurengan jarriak zeuden. Atzelari ataundarrak ez zuen aurreko astean jokatu eskuko arazoen erruz, eta erabat osatuta egongo ote zen galdetzen zuen pilotazale askok. Kantxan ikusi denagatik, eskuko arazo horiek gainditu ditu eta partida ederra jokatu du.

Gorrien erreakzio bakarra, hala deitu badakioke, 4-7koan hiru tantora jartzea izan da, Jon Ander Peñak txapara bidali duen pilotakada batean. Baina urdinen erantzuna azkar iritsi da eta aurrelari tolosarraren hiru erremate ikusgarrirekin 4-10 egin dute ihes berriro. Lehen atsedenaldian 6-12koa zen emaitza.

Itzuleran jokoaren nondik norakoa ez da batere aldatu –8-12koa izan da tarte txikiena–, eta Aitor Arangurenen ezina ikusita Unai Laso saiatu da aurrean tantoak azkar amaitzen. Erremate ikusgarri batzuk sinatu ditu, pilotalekua bete duten zaleen gozamenerako: 9-16koa atzera jota, adibidez, edota jada zer eginik ez zegoenean bi dejada bikain 11-21ean eta 12-21ean.

Baina garaipena eta puntu garrantzitsua Peña eta Albisurentzat izan da. «Gaur gustora goaz, uste dut aspaldiko partez benetako bikotea osatu dugula», adierazi du pozarren Jon Ander Peñak dema amaieran.

«Eskuan izan dituen arazoak eta gero oso garrantzitsua zen guretzat Albisu partidan ongi sartzea, eta horregatik hasieran pilota zail batzuk kentzen saiatu naiz. Baina ez du arazorik izan eta joko ona erakutsi dugula uste dut», gaineratu du.

FITXA

Pilotakadak: 589. Partidaren iraupena: 68 minutu eta 50 segundo. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-6, 2-6, 2-7, 4-7, 4-10, 5-10, 5-11, 6-11, 6-12, 8-12, 8-16, 9-16, 9-18, 10-18, 10-21, 12-21 eta 12-22. Sakez: 3 Peña II.ak. Jokoan eginak: 8 Lasok, 1 Arangurenek, 6 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 4 Lasok, 8 Arangurenek, 1 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Gertaerak: Sarrera bikaina Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Lehen sakea, gorri.

Artola eta Imaz, oso indartsu

Eguneko beste neurketan, Labriten, Artolak eta Imazek sasoi puntu bikainean daudela erakutsi dute Jaka-Mariezkurrena liderrei 18-22 gailenduta. Bi gipuzkoarrek alde oso handiak izan dituzte markagailuan une askotan eta, amaieran aurkariak dezente hurbildu diren arren, seigarren puntua lortu dute, finalerdietara zuzenean sartzeko ametsa luzatuz eta liderrak oraindik finalerdietarako txartel matematikorik gabe utziz.

Gorriak 2-0 aurreratu dira Erik Jakaren bi erremate azkarrekin eta inor gutxik esperoko zuen orduan gero etorriko zena. Ander Imaz sekulako kolpearekin ibili da atzean, Mariezkurrenaren lanak asko zailduz, eta Iñaki Artolak asko asmatu du aurrean. 3-10 eta 4-11 aurretik jarri dira urdinak, ikusleen harridurarako.

Lehen atsedenaldiak ez du neurketa aldatu eta urdinek agintzen jarraitu dute bigarren geldialdi luzera arte. Iñaki Artolaren dejada batek ekarri du, adibidez, 11-20koa, aurrez 11-18koan gehiegizko konfiantzak eragindako akats nabarmena estaliz.

Azken txanpan, ordea, gorriek emozio puntu bat eman diote neurketari. Mariezkurrenak nabarmen egin du gora eta, tanto nahasi bezain ikusgarri batzuk tarteko, 18-21 hurbildu dira markagailuan.

Mariezkurrenak berak galdutako pilota batek itxi du dema 18-22koarekin. «Ander eta biok orain arte egin dugun partida onena izan da, bai behintzat 18. tantora arte. Nik hanka sartze handia egin dut tanto horretan eta kostatu egin zait hori ahaztea, banekielako galduz gero ez niola nire buruari barkatuko horrelako akats bat egin izana», onartu du Iñaki Artolak amaieran.

Orain, ligaxkan sei garaipen lortuta eta azken bost partidatatik lau irabazita, sasoi betean dira. «Ez dut uste gaizki hasi ginenik, baina banuen irudipena oraindik koxka bat gora egiteko gai baginela. Gaur gure jokorik onena egin dugula uste dut eta, puntuak gora-behera, uste dut hori dela garrantzitsuena», gaineratu du alegiarrak.

FTXA

Pilotakadak: 521. Partidaren iraupena: 65 minutu. Markagailu batzuk: 2-0, 2-4, 3-7, 3-10, 4-11, 5-11, 6-17, 9-17, 9-18, 10-18, 11-18, 11-20, 13-20, 14-20, 16-20, 16-21, 17-21, 18-21 eta 18-22. Eginak: 11 gorriek eta 12 urdinek. Galdutakoak: 10 gorriek eta 7 urdinek. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua erabat beteta. Lehen sakea, gorri.