Antolakuntza idazkari lzaskun Garciak eta Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon, sindikatuaren 50. urteurreneko ekitaldiak aurkezteko asmoz. 50.000 afiliatutik gertu eta Hego Euskal Herrian ordezkaritza handieneko bigarren sindikatu bilakatuta, «euskal sindikalismo eraldatzailea zabaltzen jarraitzeko borondatea» adierazi du LABek.
lgor Arroyok adierazi duenez, «korrontearen kontra jaio eta korrontearen kontra hazi da LAB». Izan ere, errealitate berriei erantzuteko asmoz, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa sakona egin du azken hamarkada honetan: «Aitzindaria izan zen euskal sindikalismoan nagusi zen androzentrismoa auzitan jartzen, barne plan feminista bat abiatzen, zuzendaritza parekidea ezartzen, ldazkari Nagusi emakumezkoa hautatzen. Aitzindaria sindikatua eta lan mundua euskalduntzeko plangintzak martxan jartzen».
«Hasieratik egiteko beste modu bat izan da gurea. Interes korporatiboak baino euskal langilen borroka hauspotzea izan da hasieratik gure lehentasuna. Negoziazio kolektibora mugatu ez eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoa jarri genuen praktikan. Autonomismoaren mugak salatu eta Euskal Herriaren independentziaren alde egin genuen», nabarmendu du Arroyok.
Ibilbide honetan zehar, LABek defendatutako ideietako asko euskal sindikalismoan «nagusi bilakatu» direla azpimarratu du: «izaera soziopolitikoa, kontrabotere ikuspegia, independentismoa, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldeko apustua, ekintza sindikal feminista eta antirrazista...»
50. urteurrenaren mugarriak
50. urteurrenaren harira, sindikatuaren eta oro har euskal langileen ibilbide jasotzen duen bi euskarri argitaratuko ditu LABek: batetik LABen historian oinarritutako dokumentala, eta bestetik, azken 50 urtean Euskal Herrian izan diren gertakari historikoetatik hautatutako 50 mugarri biltzen dituen argazki liburua. «Zer izan garen eta nondik gatozen kokatzen lagunduko diguten euskarriak dira», azaldu du Garciak.
Urteurrenaren inguruko ekitaldiak apiril hasiera eta maiatzaren lehena bitartean izango dira. Apirlaren 8an dokumentalaren estreinaldia egingo da Bilboko Euskaldunan. Ondoren, herriz herri proiekzio eta solasaldiak antolatuko dira, Euskal Herri osoan zehar. Maiatzaren Lehenean, berriz, manifestazio nazionala, ekitaldi eta jaialdia egingo da lruñean.
Horretaz gain, Sindikatuaren azken Biltzar Nagusiari segida emango dioten hitzorduak izango dira aste honetan bertan: Federazioetako eta Ekintza Sozialeko Biltzarrak. Eremu bakoitzeko argazkia egin eta ildoak lantzeko, osotara 750 kide bilduko dira lau hitzordutan: urtarrilak 24ean Industria, 25ean Zerbitzu Pribatuak, 26an Zerbitzu Publikoak eta 27an Ekintza Soziala.
Inoizko afliazio eta ordezkari gehien
Afiliazio datuen berri ematerakoan, sindikatuak inoizko hazkunderik handiena izan duela adierazi du Garciak: «2023. urtea 49.476 afliatuekin ixi dugu. Parekorik ez duen hazkunde bat da: %24,73ko igoera hamar urtetan».
«Datu horiek erakusten dute sindikatua langile guztiontzako aterki eta borrokarako tresna eraginkorra izan dadin LABek hartutako erabakiak norabide onean doazela. Hala nola, feminizatutako, prekarizatutako eta arrazializatutako sektoreetara gerturatzeko apustua. Edota norberaren diru-sarreretan oinarritutako afiliazio kuota sistema martxan jartzea. Egoera ekonomikoa edozein izanik ere, LABek ez du inor atzean uzten. Diru-sarrera handiagoa dutenek ekarpen handiagoa egiten dute denok sindikatua bidelagun izan dezagun».
Emakumeen parte hartzeari aipamen berezia egin dio Garciak, izan ere, afiliatuen artean gero eta gehiago dira emakumezkoak (2013 urtean %38a, 2023an %44,15a). «Eboluzio hau, sektore feminizatuetan antolatu eta borrokak pizteko LAB egiten ari den lanaren emaitza da», azaldu du.
Hauteskunde sindikalei dagokionez, berriz, bilakaera positiboa izan du LABek eremu guztietan. Nafarroan eman da igoera handiena, azken hamar urteetan 4 puntu baino gehiago igo duelarik ordezkaritza mailan.
Gauzak horrela, EAEn bigarren sindikatu gisa itxi du urtea (%20ko langa gaindituta), eta Nafarroan %18ko ordezkaritzara heltzear dela (%17,95). «Igoera honen eraginez, bigarren sindikatua bilakatu gara Hego Euskal Herrian, CCOO gaindituz, %19,60ko ordezkaritzarekin», azpimarratu du.