NAIZ
Iruñea

Errepideko lan istripuak saihesteko desplazamenduak murriztea eskatu dute sindikatuek Nafarroan

Lan istripuen ondorioz Nafarroan hiltzen diren beharginen kopuru handi bat errepidean hiltzen da. Horren aurrean, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek neurriak eskatu dizkiote nafar Gobernuari: hala nola, etxetik lan egin ahal izatea edo Iruñeak duen zerbitzu zentralizazioa apurtzea.

AB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek errepideko lan istripuen aurrean neurriak eskatu dizkiote nafar Gobernuari.
AB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek errepideko lan istripuen aurrean neurriak eskatu dizkiote nafar Gobernuari. (Iñigo URIZ | FOKU)

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek Nafarroak pairatzen duen lan-ezbeharren tasa salatu dute, eta Gobernuari eskatu diote joan-etorrien kopurua murrizteko, errepidean langileak hiltzea saihesteko. Urtarrilaren 10etik 17ra lau langile hil ziren Nafarroan eta horietako hiru, errepidean. Euskal Herrian, orotara, bederatzi 2024 honetan.

Aipatu sindikatuetako bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute Iruñean lan istripu asko errepidean gertatzen direla ohartarazteko, eta, arriskuak aipatzeaz gain, irtenbideak proposatu dizkiete patronalari eta Nafarroako Gobernuari.

Gogora ekarri dute 2021ean dagoeneko «joera ilun bat» adierazi zutela sindikatuek auto istripuz hiltzen ziren langileengatik. Urte hartan 20 langile zendu ziren Nafarroan eta erdiak errepidean galdu zuen bizia.

Sindikatuen ustez, hainbat arrisku faktore daude, hala nola «zerbitzuen zentralizazio nabarmena Iruñean, erabaki politiko jakin batzuen ondoriozko despopulazioa edo langileek egin behar duten kilometro kopuru handia».

Halaber, funtzio publikoan lekualdatzea arrisku erabakigarritzat ez hartzea salatu dute, «enpresek etxetik lan egiteko aukera nahikorik ez ematea edo errepideko arriskuak lan arriskutzat ez hartzea».

Istripuak saihesteko, sindikatuek mugikortasuna murrizteko neurriak proposatu dituzte, hala nola etxetik astean bi egunez lan egin ahal izatea, edo garraio publikorako laguntzak bezalako neurriak barne hartzen dituzten mugikortasun planak.

Neurri horien ezarpena kontrolatzea ere eskatzen dute, baita orokorragoak diren beste neurri batzuk ere, hala nola garraio publikoa edo errepide jakin batzuk hobetzea.

ELA: «Nafarroak berreskura dezala lan ikuskaritzaren eskumena»

ELA sindikatuak, bere aldetik, elkarretaratzea egin du gaur goizean nafar hiriburuam, joan den astean Nafarroan lan istripuz lau pertsona hil zirela gogora ekarriz eta 9 zendu direla azken bi hilabete eta erdian, ia heriotza bat asteko. «Nafarroak laneko ezbeharrek markak hausten jarraitzen dute, azken aldian etengabe hazten ari diren eta mugarik ez dutela diruditen tasekin».

Datu horien atzean «patronalaren zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea» daudela nabarmendu du ELAk. Hori dela-eta, nafar Gobernuari zuzendu zaio sindikatua: «Behingoz uko egin diezaiola laneko segurtasun eta osasunari buruzko Elkarrizketa Sozialaren politikei, utz diezaiola diru publikoa Prebentzioko Lurralde Ordezkariaren figura ez-eraginkorrera bideratzeari, eta berreskura dezala behingoz lan ikuskaritzaren eskumena, Europako jarraibideak betez honen plantilla hirukoizteko, eta Nafarroako enpresa eta lantokietan sistematikoki gertatzen diren ez-betetzeak behar bezala kontrolatzeko».