Maddi Txintxurreta

Donostiako Auzitegietako laborategia 36ko gerrako desagertuak identifikatzeko erabiliko du EHUk

Gogorak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak eta EHUk sinatu duten hitzarmenari esker «pausu esanguratsu» bat emango da 1936ko Gerran desagertutako pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko. EHUko Biomics taldeak Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen «puntako» laborategia erabili ahal izango du.

Nerea Melgosak hitzarmenari buruzko azalpenak eman ditu prentsaurrean.
Nerea Melgosak hitzarmenari buruzko azalpenak eman ditu prentsaurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gogora Institutuak, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat erdietsi dute, zeinaren bitartez EHUko Biomics taldeak Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategia erabili ahal izango duen. 1936ko gerran, gerraostean eta frankismoaren lehen aldian (1939-1962) desagertutako pertsonen gorpuzkiak identifikatzeko lanetan arituko dira bertan.

Gogora eta genetika forentsean espezializatutako Biomics Laborategiaren arteko elkarlana ez da berria, lankidetza horri esker jadanik 50 gorpu identifikatu ahal izan dituzte, horietatik 37 analisi genetikoari esker. Baina Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak bultzatu duen akordio berriarekin, Nerea Melgosa saileko buruak nabarmendu duenez, «pausu esanguratsu» bat emango da 2017an DNA bankua irekitzearekin abiatu zen prozesuaren baitan. Urte hartatik, zehaztu du, desagertutakoen senideen 652 lagin jaso dituzte eta 1936ko Gerrako 296 biktimen gorpuak identifikatu ahal izan dira, baita EAEko hobirik handienak aurkitu ere, Bilboko Begoñan, Urduñan eta Zornotzan.

Horrela, Donostiako Auzitegietan dagoen «puntako» laborategian lan egingo dute aurrerantzean Biomicseko ikertzaileek eta, horri esker, EHUko talde honek «lokalizatutako eta desobiratutako DNA laginak identifikatzeko lanak eta senideen laginekin egiten dituen erkatzeak optimizatu ahal izango ditu», ziurtatu du Melgosak. 1936ko Gerrako gorpuzkiak identifikatzeko lanetan Estatu espainiarreko erreferentziazko laborategi izango dela aurreikusi du sailburuak.

Nerea Melgosarekin batera, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, Guillermo Quindos EHUko Garapen Zientifiko-Sozialeko eta Transferentziako errektoreordea, Miriam Baeta Biomicseko doktorea eta Jose Angel Gauna biktima baten senidea izan dira hitzarmenaren berri emateko Donostiako Auzitegietan egin duten aurkezpenean.

Biomics taldeko ikertzaileek aurrerantzean erabiliko duten laborategia ezagutu dute aurkezpenean parte hartu duten ordezkariek. (Gorka RUBIO/FOKU)
Biomics taldeko ikertzaileek aurrerantzean erabiliko duten laborategia ezagutu dute aurkezpenean parte hartu duten ordezkariek. (Gorka RUBIO/FOKU)

Laborategiak ezagutu ondotik prentsari egindako adierazpenetan, Quindosek azpimarratu du Biomics taldea «liderra» dela genetikaren eta biomedikuntzaren arloko ikerketan. «Bere ekarpena erabakigarria izaten ari da Gerra Zibilean desagertutako pertsonen bilaketa eta identifikazioa irudikatzen du erreparazio historiko eta moralean. Gaurko akordioak ekintza hau indartzea ahalbidetuko du, eta hori albiste ona da gure gizartearentzat eta, bereziki, oraindik ere senitartekoak bilatzen dituzten familientzat», adierazi du.

Ez da Jose Angel Gaunaren kasua, berak, azkenean, haren osaba zenaren gorpuzkiak berreskuratu ahal izan baititu. 24 urterekin etxea utzi zuen Luis Gaunak, bere osabak, errepublikarren aldean «Bilbo defendatzeko», eta tiroz hil zuten faxistek.

Urte asko igaro ditu berak eta bere familiak Luis Gaunaren berri izan gabe, «sufrimenduzko» urteak, zehaztu duenez, ez baitzuten «lore-sorta bat eramateko lekurik». 2017an, baina, DNA lagina eman zuen Jose Angelek eta, horri esker, bere osabaren hezur-hondakinak identifikatu eta berreskuratu ahal izan zituen. Hori dela eta, dei egin die senitartekoren bat desagertuta duten herritarrei DNA bankura haien laginak eman ditzaten.

«Orain, osaba familiaren panteoian ari da atseden hartzen. Pozgarria da. Zirkulu bat ixtea bezala da, eta guk ere atseden hartu ahal izan dugu, 80 urte baino gehiago igaro ostean», esan du.

Identifikazio lanak

Gorpuzki hondakinak identifikatzea ez da lan erraza, Miriam Baeta Biomicseko doktoreak aitortu duenez. 1936ko biktima hauen hezur-hondakinak 80 urte inguru desagertuta egon dira eta, denborarekin, DNA degradatu egiten da. Hezur edo hortz bat identifikatzeko, lehenik zati bat hartu eta hauts bilakatzen dute, gero zelulak puskatzen dituzte eta, horrekin, DNA liberatzen dute. Lortutako DNAren lagina nahikoa bada –batzuetan ez da, eta berriz egin behar dute prozesu guztia–, Gogoraren DNA bankuan gordeta dauden senideen laginekin alderatzen dute, eta PCR froga batekin ahaidetasunari buruzko informazioa lortzen dute.

Aurrerantzean erabili ahal izango duten Donostiako Auzitegiko Genetika Unitatearen laborategiak «senideen eta hezur hondakinen analisi genetikoak egiteko behar den ekipamendu eta baliabide guztiak ditu», Baetaren esanetan.