NAIZ

‘Kolorea itzuli da’ lanak irabazi du Gasteizko Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa

Jaume Gubianas Escudek egindako kartelak iragarriko ditu datozen Inauteriak Gasteizen, kartel lehiaketa irabazi du eta. Inauteriak «mundu guztia integratzen» duen «jai herrikoia» direla azpimarratu du egileak.

2024ko Gasteizko Inauterietako kartela.
2024ko Gasteizko Inauterietako kartela. (Gasteizko Udala)

Otsailaren 6tik 13ra arte Gasteizen ospatuko diren Inauterien kartela ‘Kolorea itzuli da’ izenekoa izango da. Jaume Gubianas Escudek egin du, kartel lehiaketaren irabazleak.

Asteazken honetan egindako aurkezpenean, honakoa adierazi du Gubianesek bere lanari buruz: «Hiriko Alde Zaharra Inauteriak Gasteizko txoko guztietara iristea nahi dugula esateko modu sinbolikoa da, mundu guztiaren integrazioa baita horien alderdi garrantzitsuetako bat. Izan ere, Inauteriak askatasuna dira eta, jai herrikoi gisa, denek hartzen dute bertan parte».

Navasekoa, Bartzelonakoa da egilea. Haur literaturako liburuen eta testu liburuen ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da. Gubianas Escudek ibilbide luzea egin du orain arte eta bere lanek sari ugari jaso dituzte Estatu espainoleko hainbat tokitan.

Gasteizko Udalak ohar batean nabarmendu duenez, bere proposamenak jai herrikoiekin lotutako dokumentazio lan handiaren emaitza dira eta proiektu bakoitzean jai horrekin lotutako oso ikuspegi pertsonala ematen saiatzen da.

«Kartel hau Gasteizko Inauterietan parte hartzeko gonbidapena da eta jai hauetan ezinbestekoak diren elementu guztiak eta gure hiriaren bereizgarriak diren beste batzuk jasotzen ditu. Horiek guztiak konposizio koloretsu honetan bilatzera gonbidatu nahi zaituztet», azaldu du, bestalde, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Diaz de Corcuerak, aurkezpenean.

Hautaketa prozesua

Urtero egiten du Udalak lehiaketa hau, baina aurten, berritasun gisa, hautaketa prozesua profesionalizatu dute izangai bakoitzaren lan ildoa jasotzen duen portfolioa eskatuta. Horren bidez, kalitatea handitu, diseinu grafikoaren sektorea babestu eta DIGAk, Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen elkarteak, emandako iradokizunei erantzun nahi izan da.

Aldaketarekin, hautagaitza kopurua 87ra igo da, 2023an baino 60 gehiago. Kartelen %45 emakumeek aurkeztu dituzte eta, gainerakoak, gizonek.

Horien guztien artean epaimahaiak bost finalista aukeratu ditu. Bigarren fasean, finalista bakoitzak aurkeztutako proposamenak kontuan hartu ondioren, ‘Kolorea itzuli da’ izan da irabazlea. Gainerako finalistek 500 euroko saria jasoko dute eta irabazleak, berriz 2.000 euro.

Epaimahaia Udaleko bi teknikarik (Kultura Zerbitzuko batek eta Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuko beste batek), IDarte Arte eta Diseinuko Goi Eskolak, Arte eta Ofizioen Eskolak eta DIGA Elkarteak osatu dute.

Egitaraua

Konpartsen aurkezpenarekin hasiko dira Inauteriak Gasteizen otsailaren 6an, asteartea. Bi egun geroago, ostegunean, 18.15etik aurrera, hiriko kaleetan zehar abesbatzek ibilbidea egingo dute. Gero, 19.30ean, Probintzia plazan bilduko dira denek batera emanaldia eskaintzeko.

Hurrengo egunean, otsailaren 9an, ostiralean, 19.15ean, Luis Aramburu Udal Musika Eskolako auditorioan, ‘Inauterietako entzunaldia’ eskainiko dute, eta, geroxeago, 20.00etan, Indarra kultura elkarteak ‘Ezetz harrapatu’ ikuskizuna.

Larunbatean, 13.00etan, Gasteizko margolariek Geltoki plazatxotik Andre Maria Zuriaren plazaraino egiten duten kalejira izango da. Margolariak Titania Teatro taldeak eta Biotzatarrak eta Indarra fanfarrek antzeztuko dituzte. Aurten, gainera, ekitaldi honen jatorriak berreskuratzen saiatu dira eta izaera parte-hartzaileagoa eman nahi izan zaio. Horretarako, Inauterietarako gonbidapena egingo da Arka plazan.

Arratsaldean, aldiz, Inauterietako konpartsen lehen desfilea egingo da, 18.00etan, Iparralde gizarte etxetik Florida parkeraino. Egunari amaiera emateko, Endika & Mike DJek girotuko dute giroa musikarekin Plaza Berrian 19.30etik aurrera. Geroago, 23.00etik 02.00etara bitartean, Akerbeltz taldeak dantzaldia eskainiko du. Aldi berean, 21.30etik 23.30era bitartean, Elektrotxaranga Orkestrak girotuko ditu hiriguneko kaleak.

Igandean, 12.00etan, desfilea errepikatuko dute. Asteartean Sardinaren Ehorzketarekin amaituko da egitaraua. 18.00etatik aurrera, Joselu Anayak taldeak jarriko du musika Plaza Berrian, eta 20.00etan segizioa eta sardina erretzeko ekitaldia egingo dira.