NAIZ

Lanik gabe dauden gazteen %72k 2024an lana aurkituko duela uste du

Lakuak egindako ‘Aurrera Begira – Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak’ ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak aurreko inkestan egindako garaian baino «itxaropentsuago» daude.

Lakuaren ikerketa baten arabera, gazteek geroz eta ikuspegi baikorragoa dute.
Lakuaren ikerketa baten arabera, gazteek geroz eta ikuspegi baikorragoa dute. (Oskar Matxin | FOKU)

‘Aurrera Begira – Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak’ izeneko ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte ostegun goiz honetan Bilbon. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen egoerari eta euren pertzepzioari buruz 10 adierazleren baitan egiten den ikerketa da. Pasa den urtean baino baikorragoak dira emaitzak aurkezpenean Jonan Fernandezek, Trantsizio Sozialaren eta 2023 Agendaren idazkari nagusiak, eta Miren Saratxagak, Lakuako Gazteria zuzendariak, esan dutenez.

Bizi dugun unearen inguruko balorazioa hiru puntu igo da iazko urtearekiko, 2023an 65 puntukoa zen egoera pertsonalaren puntuazioa 100 punturekiko; zehazki, 5 urtetik 19 artekoek baloratzen dute ondoen egungo egoera.

Asebetetze pertsonalaren indizea ere puntu bat igo da iazkoaren aldean, 100 punturekiko 71ra ailegatuta. Adierazle honek dituen hamaika esparruen artean, familia baloratu da ondoen, 83 puntu, eta erabilgarri duten diruak jaso du emaitzarik apalena, 60.

Lan esparruari begiratuta, itxaropentsu ageri dira gazteak. Izan ere, modu nabarian jaitsi da urte bateko epean lana galtzeko edo enplegua prekarizatzeko beldurra. Eta lanik gabe dauden gazteen %72k 2024an lana aurkituko dutela uste dute, horietatik %80k bere prestakuntzarekin lotutako enplegua aurkitu ahalko dutela uste du, aurreko edizioekin konparatuz, inoizko portzentajerik altuenera iritsi da.

«Ezinbestean emigratu» behar izango dutenen aurreikuspena puntu bat jaitsi da iazko datuekiko, %9an kokatuz, 2013an, esate baterako %16koa zen. Emantzipazioa zapuztuko denaren usteak ere hoberantz egin du, 2023an %43k uste du urtebeteko epean emantzipatu ahalko dela.

Nahiko luketen aitatasuna edo amatasuna atzeratu egin beharko dutelako portzentajeak bere horretan dirau, izan ere, iaz bezala, % 26koa da datua.  Azkenik, etorkizunarekiko konfiantza nabarmen hobetu da aurreko urtearen aldean, izan ere, 5 puntu igo da, eta 100 punturekiko 59 puntura ailegatu da.

«Joera aldaketa»

Ondorio modura, Fernandezek adierazi duenez, «2023 urteak joera aldaketa bat ekarri du  gazteen egoeran eta aldartean. Pandemiak eragin zuen ezkortasuna atzean geratzen ari da. Euskal gazteriak bere errealitatearekiko balorazioa hobetu du eta geroarekiko konfiantzak ere gora egin du».

«Albiste hau oso ona da» aipatu du Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak: «Datu hauek erakusten dutenez, euskal gazteek, azken urteetako trabak gorabehera, etorkizunari itxaropenez eta borrokatzeko gogoz begiratzen diote. Etsipenaren edo biktimismoaren aurrean, gero eta oihartzun handiago dute erresilientziak, norberaren ardurak eta gisa horretako balioek».
Fernandezek gaineratu du ikuspegi positiboa babesteko apustua egiten dutela «gazteak bultzatzeko eta euren jarrera eraikitzailea aintzat hartzeko. Erakundeon ardura da joera hauek babesteko baldintzak sortzea».

Gasteizko parlamentuan Gazteriaren Legea onartu dela gogoratu du Fernandezek, «emantzipatzeko anbizio handiko estrategia dugu; eta 2024rako Lakuako aurrekontua 65,5 milioikoa da, gazteentzako politikak sustatzera bideratutako kopuruak bost aldiz handitu ditu zifra horrek. Ziurgabetasun handiko garai honi eta etorkizunari aurre egiteko, behar-beharrezkoa da belaunaldien artean enpatia sentimendu indartsua garatzea. Belaunaldien arteko elkarrekikotasunerako eta lankidetzarako begirada».

‘Aurrera begira’ ikerketa

Duela hamar urte hasi zen Lakua ‘Aurrera begira’ ikerketa egiten, eta urtero berritzen ditu datuak. 2023ko edizioa, abenduaren 11tik 15era, 15 urtetik 29 urtera arteko gazteei egin zitzaien online inkesta batean oinarritu da. Orotara, 6.737 pertsonak hartu zuten parte: horietatik 1.113 gazte Araban bizi dira; 3.224, Bizkaian; 2.054, Gipuzkoan; eta 334 EAEitik kanpo.