Behetik gorako bidea azkartasun handiz hartzen duten olatuengatik abisua pizturik da Lapurdiko kostan aste honetan. Hala, itsasora ez bertaratzeko aholkuek ez dute beti erakundeek nahi luketen oihartzuna lortzen.
Hala gertatu zen astearte arratsaldean Biarritzen. Itsas zakarra bazen ere, edo, hain zuen horregatik, ibiltari batzuk bertaratu ziren Euskaldunen Ibilbidera olatuen dantzak eskaintzen duen ikuskisunaz gozatzearren.
Itsas Museoaren zabalgunean zirela larrutik ordaindu zuten haien atrebentzia. Olatuak itsasoari ezarritako hesiak gainditu eta goitik behera bustitzeaz gain hainbat lagun bete betean kolpatu eta lurrera bota zituen.
Ver esta publicación en Instagram
Oraingoan, ubeldura bat edo beste jasanda ere, zorionez ahal izan dute pasadizoa kontatu.
Sare sozialetan gertakariak izan duen oihartzuna ezagututa –@surfingbiarritz kontuak argitaratu du bideoa–, goitik behera busti izanak merezi izan duela pentsatuko dute batzuek, agian.
Izan ere, Biarritzeko Herriko Etxeak prebentzio abixuak serioski hartzeko deia berretsi du.
Ama Birjinaren Arroka gertatu zen istripu latza gogoan
Izan ere, ibiltariek espero ez duten dutxa hartu zuten eremuan, hain zuzen Itsas Museoko plazatik metro gutxi batzutara dagoen Ama Birjinaren Arrokan, emazte gazte bat hil zen itsas handia zegoelarik irudi erakargarrien bila joan zenean.
Zehazki 2014an gertatu zen istripu larria. Itsas handia zegoenez, Biarritzeko Herriko Etxeak Amabirjinaren Arrokara daraman egurrezko bidea itxi zuen.
Izan ere, emazte gaztea, beste lagunekin batera, eremuan sartu zen.
Itsasoak kolpatzen duen haitz batean eseri ziren bideoa grabatzeko. 28 urteko neska eta berarekin zegoen mutila arrokan eseri ziren eta itsasoak harrapatu zituen.
Hirugarren lagun batek mobilarekin betikotu zuen une lazgarria.
Mutilak ahal izan zuen bizitza salbatu. 28 urte zituen neskaren gorpua handik egun batzuetara atzeman zuten Tarnosen (Landak).