FIBA Eurocup lehiaketa irabazteko hautagaien zerrendan daude Surne Bilbao Basket eta Basket Zaragoza, baina beste ezer baino gehiago, ACB Ligan maila mantentzeko aurkari zuzenak dira biak ala biak, eta Miribillan elkar ikusiko dute larunbat honetan 18.00etan hasita.
Talde mañoa beti izan da ezatsegina bizkaitarrentzat, baina ez orain, talde biek ACB Ligan bat egin dutenetik baizik. Zaragozan bezala Miribillan ere, nahi baino buruhauste gehiago sortarazi dizkio beti talde bizkaitarrari. Beti geratuko da oroimenean Raul Lopez antolatzailearen agurreko partidan, Joan Sastrek 20 metrotik sarturiko hiruko batek Bilbao Basket play-offetatik at laga zuela, 2015/16 denboraldian; beti gogoratuko da ere bilbotarrak ACB Ligara itzuliz geroztik sekulako egurrak jaso izan dituztela talde mañoaren aurka, 2020/21 denboraldian bereziki, latza izan zen: 105-76 kanpoan galtzaile aurreneko itzulian eta bueltakoan, berriz, 73-96 Zaragozaren alde. Hori gutxi ez-eta, 2021/22 denboraldian, aspaldiko partez zaleei sartzen laga zitzaien aurreneko aldian, 76-100 belarrondokoa jaso behar etxean. Azken egun hartan, hain justu, Jaume Ponsarnau eta Tryggvi Hlinason talde mañoan ari ziren.
Baina aurtengo denboraldiak ere badu berea Basket Zaragozarekin. Aurreneko itzuliko bolada txarra nolabait esatearren Zaragozan hasi zen. Joventuten aurka kalamidadeen sublimazioa gertatu bazen, Zaragozaren aurka aurreneko deskalabrua nozitu zuten beltzezko gizonek: 17 puntuko aldeaz irabazten izatetik 77-63 galtzera pasa ziren.
Ondorioz, nola ez da ba partida bezperan zentzumen guztiak adi zituela egongo Jaume Ponsarnau Bilbao Basketeko entrenatzailea? Halako aurrekariak tarteko, ezin besterik espero. «Kontua ez da guk zer egin nahiko genukeen, irabazteko zer egin beharko dugun baino. Horretan zentratu behar dugu Zaragozari irabazteko», azpimarratu du Tarregako entrenatzaileak.
Breoganek joan zen asteburuan Gironari irabazi zion eta Salva Camps Gironako entrenatzailea kargutik botatzeaz gain, ACB Ligako sailkapenaren atzeko aldea dantzan jarri zuen emaitza hark. Lugoko taldea oraindik azken-aurrekoa da, baina dagoeneko sei garaipen pilatzen ditu; hau da Bilbao Basket baino garaipen bat gutxiago. Egia da Andorrak eta Gironak bilbotarrek adina garaipen dituztela eta Obradoirok eta Granadak, berriz, Breoganek beste garaipen dituztela. Hori guztia egia izanagatik, garaipen oro nahitaezkoa du Jaume Ponsarnauren taldeak ACB Ligan mantenduko bada eta kontua ez dago berriketetarako.
Zaragozak berak ere zortzi partida irabazi ditu, eta egia bada ere behetik goranzko bidea egiten ari dela Porfi Fisac-ek zuzentzen duen taldea, oraindik atzeko postu horietan murgiltzeko arrisku bizian jarraitzen duela.
Ausardia eta konfiantza
«Kontrolatu dezakegun horretan ondo aritu behar dugu», azpimarratu du Ponsarnauk. «Egia da Madrilen galtzetik gatozela eta Europan ere berriki galdu egin dugula, baina ez du merezi horri bueltaka ekiteak. Partida honen garrantzia zein den badakigu eta horretan zentratzea dagokigu, ez besterik», azpimarratu du entrenatzaile katalanak.
Zentzu horretan «ausardia» eskatu die bere jokalariei. «Zaragozak talde oso fisikoa dauka, bereziki baloia daraman horren gainean egiten duen defentsari dagokionez. Horren aurrean erabakiak azkar eta ausart hartu behar ditugu, konfiantzaz jokatu», gaineratu du.
Keith Hornsby iritsi berriari buruz, halaber, hitz onak izan ditu Tarregako entrenatzaileak, nahiz eta aurreneko neurketa bietan hiruko jaurtiketetan ez den finegi aritu. «Baloirik gabe ederki mugitzen daki eta hori falta genuen. Hortik abiatuta, aurkaria modu askotara mehatxatu dezake, batez ere inspirazio boladaren bat iristen bazaio», azaldu du.
Irabazi beharra
Porfi Fisac Basket Zaragozako entrenatzaileak ere ez darabil berriketarik. «Biok ala biok irabazi beharreko partida dugu honakoa», adierazi du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile ohiak bezperako prentsaren aurreko agerraldian.
«Bilbao Basketeko jokalari ia guztiek ACB Liga ongi ezagutzen dute, guk ez bezala, eta badakite jakin atzeko postu horietako lehia oso gogorra dela. Guk baino eskarmentu handiagoa dute eta hargatik, kontu handiz ekin beharreko norgehiagoka baten aurrean gaude», bota du Segoviako entrenatzaileak.
Pasa den astean Zaragozako taldeak Didac Cuevas antolatzaile gaztea fitxatu zuen Urrezko LEB Ligatik. Alabaina, Nymburk talde txekiarraren aurka sudurra hautsi zioten kolpe baten bidez eta ikusteko dago antolatzaile katalana jokatzeko egongo ote den ala ez, maskara bat egokitzen ari omen zaizkio-eta bere taldean.