NAIZ

Lesakak hartuko du aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 18an

Lesakan ospatuko da aurten Udal Euskaldunen Eguna, maiatzaren 18an, UEMAtik jakinarazi dutenez. Arnasgune eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea izango dute helburu.

Lesakak hartuko du Udalerri Euskaldunen Eguna.
Lesakak hartuko du Udalerri Euskaldunen Eguna. (Iñigo Uriz | FOKU)

Lesakan izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 18an. Bi urtean behin egin ohi da udalerri euskaldunen ekarpena eta garrantzia nabarmentzeko topaketa hau eta, UEMAtik adierazi dutenez, Lesakako Udala eta herriko eragileak hasiak dira egunaren nondik norakoak antolatzen.

Mankomunitateko herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, eta aurtengoa ere horrela izatea nahi dute UEMAk berak eta Lesakako Udalak.

Horretarako, eta eguna ahalik eta erakargarriena izan dadin, asteartean egin zuten lehen bilera herriko taldeekin eta eragileekin, Lesakako udaletxean. Antolaketa lanei ekitea, horretarako talde eragilea sortzea eta eguna herrikoia izan dadin bitartekoak adostea izan zen bileraren helburua, eguna arrakastatsua izan dadin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzita.

Arnasguneek eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena ikusaraztea eta euskararen lurgunea babesteko eta sendotzeko beharra nabarmentzea izango dira maiatzaren 18ko asmo nagusiak, festa eta aldarrikapena uztartuz.

Egun osorako egitarau zabala izango da, eta ohi bezala UEMAren batzar nagusia ere egingo dute egun berean Lesakan. Horrez gain, bazkari herrikoia antolatuko dute egitarauaren barruan.

Antolatzaileek hurrengo asteotan aletuko dituzte egitarauaren eta ekitaldien xehetasunak, baina argi dute «herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko zubia izan behar duela egunak, UEMAren beraren izaera islatuz eta euskal herritar guztiak euskararen zubira gonbidatuz».